Kate handien erreinuan alternatiba bila

  • Hegoaldeko kontsumitzaileak eta Espainiako Estatuko gainontzeko kontsumitzaileak, bost edo sei enpresa handik osatzen duten oligopolioaren eta elikagaiak estatu osoan banatzeaz arduratzen diren bi erosketa-zentralen menpe gaude. Iparraldean ere egoera berdintsua daukagu. Kaltetuak, beti bezala, baserriko eta itsasoko ekoizleak eta kontsumitzaileak dira. Banaketa kate handiez gain beste aukerarik ba ote dago benetan?
EHNE traktorada
EHNE traktoradaEHNE
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko salmenta esperimentuak egiten ari dira azkenaldian Euskal Herrian eta Espainiako eta Frantziako estatuetako hainbat lekutan. Modu horretara, bitartekariak eta banaketa kateak saihestu nahi dira. Egia esan, saiakera horiek egiteko zailtasun handiak daude, zuzeneko salmenta antolatzea ez baita lan erraza –merkaturatze bideak falta dira, eta ekoizleek beren gain hartu ezin dituzten kostuak eragiten ditu, besteak beste–. Hala ere, esperientzietako batzuk aurrera atera dira. Esate baterako, Ziburu eta Donibane Lohizuneko arrantzaleak arraina kontsumitzaileari zuzenean saltzen hasi ziren lehengo urtean. Gipuzkoako zenbait lekutan ere antzeko zerbait egiten ahalegindu dira arrantzaren sektorekoak.

Duela gutxi, esnea zuzenean saltzeko saiakerak egiten hasi dira esnegintzaren sektorean. Azken adibidea Bizkaiko Enkarterrian daukagu: abeltzain batzuek esne botilak ematen dituzten makina automatikoak jarri dituzte zenbait herritan. Abeltzainek eta euskal baserrietako hainbat produkturen ekoizleek zuzeneko salmenta egiten dute urteko zenbait garaitan, ekoizleek kontsumitzaileari zuzenean saltzen diotenaren eta supermerkatu handietan erosten denaren arteko balio desberdintasuna aditzera emateko.

Espainiako Estatuan ere, ekologisten taldeek bultzatuta, hainbat esperientzia egiten ari dira, “baserritik etxera zuzenean” bezalako kanpainak aurrera eramanez eta ekoizpen, banaketa eta finantzaketako aukera agroekologikoak erabiliz. Erantzukizuna ekoizle eta kontsumitzaileen artean partekatzea da oinarria. Eguneroko agerraldi eta erasoak, marketina eta prezio hobeak ikusita, ba al dago, benetan, banaketa kate handiez gain bestelako aukerarik?

Tokian tokiko merkataritzaren aurka

Zer dago banaketa kate handien oligopoliotik aldentzeko hasi berri den mugimenduaren atzean? Kontua da elikagaiak gure erosketa saskian sartzeko ia ezinbestean bospasei banaketa enpresetara jo behar dugula: Eroski, Carrefour (Dia eta Champion ere bereak dira), Alcampo, El Corte Inglés (Opencor ere berea da), Mercadona eta Lidl. Horiei guztiei erosketen bi zentral nagusiak gehitu behar zaizkie (Euromadi eta IFA), elikagaien banaketa sare propioa baitute horiek ere.

Expo Retail 2006
txostenaren arabera, aipatutako enpresa taldeak Espainiako elikagai banaketaren %75 kontrolatzen du. Estatuan, elikagaien %81,9 supermerkatu, hipermerkatu eta deskontuak egiten dituzten dendetan erosten dira. Beste muturrean daude ohiko dendak eta denda espezializatuak. Lehendabizikoetan erosketen %2,7 egiten dira eta bigarrengoetan %11,2. Aurreneko supermerkatu handiak 1957an ireki zituen ateak. Eta gaur egungo krisialdiaren eraginez enpresa txiki askok itxi behar izan dute, banaketa kate handiek lehia gogorra egiten dietelako. Baina kontu hori ez da oraingo krisiarekin hasi, duela urte batzuk baizik. Esther Vivas katalanak Supermercados, no gracias (Supermerkatuak, ez eskerrik asko) liburuan esaten duenez, 1998aren bukaeran 95.000 denda zeuden Espainiako Estatuan. 2004. urtean, aldiz, 25.000 besterik ez. Antzeko egoera daukagu Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintza sektorean ere; hilzorian dago. Ustiategiak itxi eta itxi ari dira, etengabe. Eta orain, ekonomiaren krisialdiarekin, egoera larriagotzen ari da.

Gainera, faktore garrantzitsu bat azpimarratu behar da: merkataritza gune berrien irekierak lurzorua kudeatzeko ekarri duen modu berria. Isidro Jiménez Ekologistak Martxaneko kidearen arabera, hirigintza hazkundearen egungo ereduak azalera handiei pribilegioak ematen dizkie erosteko aukera egokiak eta aisialdi guneak eskaintzen dituztelako eta, horren ondorioz, saltoki txikiak, kontsumitzaileei eta tokiko ekonomiari onurak ekarri arren, mehatxupean gelditzen dira. Errealitateak gero eta argiago erakusten du azken kontsumitzailearen erosketak elikagai banaketako enpresa handien inguruan biltzen direla.

Jatorrizko prezioa baino %400 garestiago

Horrela, elikagaien banaketa katea azkenean inbutu handi bat izatera iristen da, eta banaketa handia izaten da baserritar, ekoizle eta kontsumitzaileek pasatu beharreko botila lepoa. Monopolio horrek, bistan denez, ondorio larriak eragiten ditu merkataritza katean parte hartzen duten eragileengan. Vivas katalanak esaten duenez, produktu baten jatorrizko prezioaren –banatzaile handiek baserritarrei, ekoizleei edo arrantzaleei ordaintzen dietena– eta azken prezioaren arteko aldea %400ekoa da, eta banatzaile handiak dira irabazi hori poltsikoratzen dutenak. Beraz, ekoizle, nekazari eta arrantzaleek gero eta diru gutxiago jasotzen dute saltzen dituzten produktuengatik, kontsumitzaileek gero eta gehiago ordaintzen dute erositakoa eta banatzaile handiak, garaileak, aberastu egiten dira.

Egoera horren aurrean, nekazariak eta abeltzainak banaketa kate handien oligopolioaren aurkako mobilizazioak egiten ari dira azken hilabeteetan, sektoreko sindikatuek eta baserriko langileek diotenez kate handiek inposatzen dituzten jatorrizko prezioekin familiak, ustiategiak eta sektore osoa suntsitzen ari baitira. Euskal Herrian mobilizazioak egiten ari dira, baita Espainiako eta Frantziako estatuetako gainontzeko lekuetan ere. Nekazaritzaren sektorearen Espainiako orain arteko mobilizaziorik handiena joan den azaroaren 22an Madrilen egindakoa izan da; dozenaka mila nekazari eta abeltzain bildu ziren egun hartan. Han egon ziren euskal baserritarrak ere, EHNE sindikatuaren deiari erantzunez. Tankera honetako esaldiak entzun ziren manifestazioan: “Esne litroa 20 zentimo ordaintzen digute”, “porrotera garamatzate”, “nire bizitza suntsitzen ari dira eta inor ez dela konturatzen ematen du”, “semeari herritik joateko esaten diot, baina ez du nahi”.

Krisia lanpostuak eta ustiategiak desagerrarazten ari dela adierazi zuten mobilizazio hartan, eta oso argi eskatu zioten Espainiako Gobernuari estatu arazoetan hartzen diren bezalako premiazko neurriak hartu ditzala. Hain zuzen ere, bankaren eta automobilen sektoreek jaso dituzten laguntzak beraiei ere emateko eskatu zuten.

Hauexek izan ziren, laburbilduz, nekazarien eta abeltzainen eskaerak: bidezko prezioak nekazaritzako produktuentzat eta merkatu erregulazio handiagoa Bruselaren politika suntsitzaileari aurre egiteko; gardentasuna ekoizpen baliabideen prezioetan eta tarifa elektriko berriak baserriarentzat; sektorearen bideragarritasuna 2013tik aurrera ere bermatuko duen nekazaritza politika komuna; eta eskaintza bildu eta kooperatibak bateratzeko plana kooperatibismo eredu sendo eta lehiakorragoa lortzeko.

Ibiliz egiten da bidea

Hain juxtu, banaketa kate handiek eragindako egoera larriaren ondorioz, zenbait merkatari txikik, bizirauteko, elkartu eta txokeko neurriak hartu behar izan dituzte. Halaxe egin dute, esate baterako, Bilboko Alde Zaharreko merkatari batzuek. Arrantzale, abeltzain eta nekazari hainbatek aurrera eramandako salmenta zuzenaz ere hitz egin dugu. Bideragarriak al dira banaketa kate handien menpe ez dauden aukerak? Kontsumitzaile gehienak ziur asko ezkorrak dira eta, etsita, erosketak kate handietan egiten dituzte, produktuak merkeago saltzen dituztelako, erosketak egiteko erraztasun handiagoak ematen dituztelako, produktu guztiak batera egonda erosleek ez dutelako denda batetik bestera ibili behar, eta abar.

Talde ekologistek, ordea, behin eta berriz esaten dute bestelako aukerak badaudela eta horiek sustatu beharra dagoela. Christian Jacquiau ekonomialari frantziarra “supermekadismoan” aditua da, eta Les coulisses du commerce équitable (Bidezko merkataritzaren zoko ezkutuak) liburuan dio nahikoa dela kontsumitzaileen %1ek edo %2k “horrela ez dut kontsumitu nahi” esatea nekazaritzako elikagaien talde handien hazkundeak atzera egin eta banatzaile handiak kaltetzeko. Nazioarteko merkataritzan, kontsumo arduratsuan eta bidezko merkataritzan aditua eta Xarxa de Consum Solidari-ko (Kontsumo Solidarioaren Sarea) lehendakaria den Xavier Montagut ekonomialari katalanak, bestalde, uste du erosketak denda txikietan egiten hasiz eta legedia aldatuz elikakatea berriz kontrolatu litekeela. “Administrazioa da hurbileko nekazaritza ekologikoa behar adina ez sustatzearen eta urrutitik datozen produktuei zergarik ez jartzearen erantzulea”, dio Motagutek.
Gilles Lipovetsky, soziologoa
"Hiperkontsumoa planeta osoan hedatzen hasi besterik ez da egin"
Globalizazioa katalogatu duten soziologoen artean dago Gilles Lipovetsky (Milhau, Okzitania, 1944). Bere obra nagusian (L'ère du vide,1983) hipermodernitateaz eta kontsumo masaz hitz egiten du eta erreferentziazko intelektual bilakatu da munduan gai horren inguruan. El Temps aldizkariko kazetariak elkarrizketatu zuen AECOC Espainiako produktore eta banatzaile handien elkarteak Valentzian antolatutako hitzaldi baten ostean, Hilton hotelean:

Zer azaldu zien, zu bezalako gizon batek, enpresari banatzaile handiei?


Erantzuten saiatu nintzen galdera bati: ea oraingo finantza, gizarte eta ekologia krisiak aldatuko duen kontsumoaren paisaia. Aldatuko al da kontsumitzailea krisiarekin? Hiperkontsumo-gizartearen amaiera bizi al dugu? Medio ugarik diote krisiarekin jendeak azken urteetan bizi izan dugun kontsumo orgia geldituko duela eta deskontsumo eredu baterantz goazela. Nik ez dut uste. Uste dut aldaketak egongo direla, baina ez dute funtsean eredua aldatuko. Hiperkontsumoa ez da amaituko, planeta osoan hedatzen hasi besterik ez delako egin.


Baina zenbakiek adierazten dute kontsumo erritmoa jaisten ari dela leku guztietan.


Baliteke, baina ez da pentsaera aldaketarik. Lehenik eta behin, kontsumoa ez da ezer sistematik kanpo dagoena. Kontsumoaren dinamika esplika daiteke merkatu-ekonomiaren dinamismoarekin (...) Produktu berriak agertuko dira eta, beraz, horiek erosteko desira. Eta badaude adibideak demostratzeko: krisi betean, bideo-jolasen negozioak %5eko erritmoan egin du gora.

Eta zer interpretazio egiten duzu?


Kontsumoa bizitzeko plazeraren gida da. Jendeak bere izateaz gozatu nahi du. Emozioak probatzera doaz kultura hedonista batean gaudelako (...) Lehengo gizartean erlijioa zegoen, pertsonei kontsolamendua eskaintzen ziena. Gaur, non aurkitzen dugu kontsolamendua? Kontsumoan. Deprimiturik gaudenean ile-apaindegira joaten gara, edo zinemara, eta bestela DVD bat erosten dugu.


Dena dela, gaur egun jende askok ez du dirurik ez bidaiatzeko, ezta ordenagailu berria erosteko ere.


Ados, baina krisi ekonomikoa da, ez kulturala. Ez badago dirurik, ezin dugu erosi, baina krisiak ez du betirako iraungo...


Baina krisia betikotzen bada urte honetatik harago? Ezin liteke hori baztertu...


Badaude gauzak aldatzen direnak. Kontsumitzaile askok ingurumena kontuan izango dute eta produktu ekologikoak edo jasangarriak erosiko dituzte, edo egongo da jendea markarik ez duena nahi. Baina azken finean horrek ez du kontsumo sukarra gelditzen. Jendeak ez du kontsumitzeko gogoa galdu, ez dagoelako analgesikorik hori ordezkatu dezakeenik.
Eroski, 52.711 langile 2.440 salmenta gunetan
Aurten 40 urte bete dituen Eroski da Espainiako Estatu osoko banaketa kate handienetakoa. Euskal enpresa hau Elorrion (Bizkaia) sortua da. Estatuko industria korporazio garrantzitsuenen artean dagoen eta Euskal Herriko garrantzitsuena den Mondragon taldearen barruan dago. Hain enpresa garrantzitsua izanik, euskal kate honen datu esanguratsuenak plazaratu nahi ditugu hemen, gainontzeko banaketa kate handiak gutxi gorabehera nolakoak diren nolabait irudikatzeko.

2008ko memorian azaltzen diren azken datu ofizialen arabera, Eroskik, Constan Dacostaren zuzendaritzapean, guztira 52.711 langile ditu Espainiako Estatu osoko eta Frantziako zati txiki bateko 2.440 salmenta gunetan banatuta. 2008. urtean egindako salmentekin 9.013 milioi euro gordin (zergak aplikatu aurreko balioa) lortu zituen, aurreko urtean baino %18 gehiago. Konparazio baterako, 2007ko salmenta gordina 7.642 milioi eurokoa izan zen eta 2006koa 6.414 milioi eurokoa. 2009. urtea bukatu den arren, oraindik ez daukagu datu ofizialik, baina lehenengo seihileko datu jakinak ikusita badirudi lehengo urtekoak baino okerragoak izango direla. Urteko aurreneko seihilekoan 3.712,2 milioi euroko salmentak egin zituen Eroskik, eta % 6,4ko beherakada izan zuen lehengo urteko garai berarekin alderatuta. Garai hartan 46,15 milioi euro galdu zituenez, aurreko urtearekin alderatuta galerak bost aldiz biderkatu zituen, urte hartan 8,47 milioi euro galdu zituen eta. Ustiapen gordinaren emaitza 170,8 milioi eurokoa izan da lehenengo seihilekoan, hau da, lehengo urtean baino 2,9 milioi gutxiago. Hala ere, bigarren seihilekoko emaitzak hobeak izango direla ematen du.

Enpleguari dagokionez, Eroskik 2004an 30.101 pertsonako plantilla zeukan (langile horietatik 12.298 ziren kooperatibako bazkideak) eta 2008an, berriz, 52.711 pertsona (14.733 ziren bazkideak). Gogoan izan behar dugu Eroskiko plantilla enpresaren kapitalean parte hartzen duten langile bazkideek eta kapital horretan parte hartzen ez duten langile ez bazkideek osatzen dutela, eta bazkide izatea edo ez borondatezkoa dela. Eroskiko plantilla Espainiako Estatu osoan zehar barreiatua dago, ia-ia erkidego guztietan dauzka langileak; gutxi batzuek Frantziako Estatuan lan egiten dute, eta beste 1.533k Katalunia iparraldean. Logikoa denez, langile gehienek, 12.371k, Hego Euskal Herrian egiten dute lan; horietatik 8.256 dira bazkideak.

Gainerakoan, Eroskik leku hauetan dauka ezarpen handiena: Katalunian 10.602 langile ditu (388 dira bazkideak), Madrilen 5.680 (507 bazkide), Galizian 4.590 (293 bazkide), Balear Uharteetan 3.642 (2 bazkide), Andaluzian 3.395 (999 bazkide), eta Valentzian 1.298 (572 bazkide). Aragoin, Asturiasen, Gaztela eta Leonen, Kantabrian… ere baditu langileak.

Azkenak
2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Ardi moztaileak

Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz... [+]


2024-12-11 | Itxaro Borda
Opari

Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña... [+]


Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]


Behar direlako tituluak

Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]


Ez kontzeptuak

Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]


2024-12-11
Guhaur

Frantziako eta Espainiako konstituzioek eta legediak euskaldunon eskubideak baztertzen dituzte. Kulturak folklorizatu eta turismo eta kontsumorako apaingarri bilakatzen ditu neoliberalismoak. Indarrean ditugun askotariko hezkuntza sistemek ez dute ikasleak osotasunez... [+]


Teknologia
Esaten dena...

Beharbada gizakion ahultasunetariko bat gehiengoari entzuteko eta kasu egiteko dugun joera da. Ziur gure espeziearen garapenaren ezaugarri garrantzitsua izan dela, eta beharrezkoa biziraupenerako. Baina digitalizazioarekin, dugun ezaugarri horrek zaurgarriagoak bilakatu... [+]


Eguneraketa berriak daude