argia.eus
INPRIMATU
Gure arrantza sektorea defendatu
Juan Mari Arregi 2009ko abenduaren 23a
Europar Batasunak Bizkaiko Golkoan antxoa arrantzatzeko debekua urtarrilaren 1etik aurrera kentzea onartu du. Urteko harrapaketa kopurua (TAC) 7.000 tonakoa izango da, arrantzaleek eskatzen zuten gutxienekoa. Kopuru hori datorren udaberrian errebisatuko da, txosten zientifiko berrien argitara. Bruselan joan den astean hartutako erabaki hori, bereziki Euskal Herriko arrantzaleei eragin dien ia bost urteko debekuaren ondoren dator. Debekuak jarrai zezala defendatzen duenik badagoen arren, egia bakarra da martxoan gure arrantzaleek kanpaina hasiko dutela. Beharrezkoa litzateke erakundeek arrantza bera eta arrantza egiteko arteak zaintzea, eta saihestea arrantza baliabide mugatu hori agortzea.

Hain zuzen, gure arrantza sektorea defendatzeko, Ondarroan, Euskal Herriko arrantza-portu garrantzitsuenetakoan, zenbait ekintza egin ziren LABen eskutik. Arrantza sektorearen egoera mahai gainean jarri dute, neurri estrukturalak hartzen ez badira desagertzeko arriskuan baitago. Logikoa da sindikatu abertzaleak plan estrategikoa eskatu izana, diagnostiko eta ikuspegi nazionaletik egina, bai eta Euskal Herriaren subiranotasun kontzeptutik eta egungo errealitatetik abiatuta ere. Prekarietatea eta merkaturatzea salatu dute, bitartekaritza kateak baino ez baititu aberasten. Horregatik, proposatu dute Nazio Kofradia sor dadila eta arrantzaren kudeaketa egin dadila nazio entitate publiko batetik. Gure arrantza sektorea defendatzeko borondate politikoa, eta indar politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialen batasuna behar dira. Aitzitik, Lopezen Gobernua ez da, eta ez da izango ere, aliatu hoberena estrategia horretarako.