Disko honekin Txapel Txapelpunk bihurtu da berriro eta ez bakarrik izenean, diskoa ere punkagoa da-eta…
Guztia antzera dago, batzuk gorriak ikusten… Eta musikariok askotan saiatzen gara gauzak konpontzen-edo, nahiz eta batzutan aurkakoa lortu (barrez). Dena dela, kantak idazten ditut nire uneko egoeraren arabera eta oraingoan hala irten dira. Askotan uzten diet kantuei ni eramaten.
Zer erantzungo zenioke punkak adin bat daukala esaten duenari? Zer da punka zuretzat?
Egia dela askok adinean aurrera egin ahala, punka alboratu egiten dutela; baina beste batzuk barruan eramaten jarraitzen dugu; lau akorderekin zoriontsu izan gaitezke. Hala ere, punka, nahiz eta askotan kanpora erakutsi, barruan ere eraman daiteke; itxurak ez dira hain garrantzizkoak. Punka zer den? Bizitza bera, guztiok gara era baten punkyak bizirauteko. Estilotan ez naiz sartuko, ni gaur egungo estilo guztiekin galdu egiten naiz-eta. Baina punketik datorren ia guztia gustuko dut.
Eta ez duzu musikarenganako ilusiorik galdu…
Ez. 15 urterekin eskuratu nuen lehenengo gitarra eta konturatu nintzen ez zela hain konplikatua lau nota ateratzea. Gerora, konturatzen zara engantxatuta zaudela; eta garrantzitsuena da gaur egun agertokira igotzen naizen bakoitzean sentsazio berak izaten ditudala.
Ume Gaiztuak-en Palestina kantua berreskuratu duzue. Talde hori zuendako oso berezia izan zen, ezta?
Ez dakit beste herri batzuetan, baina Lekeition Ume Gaiztuak taldea jende askok du gustuko. Omenaldi antzeko bat da, jendeak talde hori ahaztu ez dezan. Bai, Ume Gaiztuak-ek oroitzapen asko ekartzen dizkigu: gure lokalean entseatzen zuten, Jokinek Etsaiak-ekin ere jo zuen…
Zer eman dio Toki bateria jotzaileak taldeari?
Izugarrizko bultzada. Oso fina eta diziplinatua da, eta taldean giro oso ona sortzen du. Behar genuen gasolina da bera. n