argia.eus
INPRIMATU
Renove Plana
Jose Luis Padron 2013ko maiatzaren 02a
Jaio eta aurreneko hiru urtetan bilakatu egiten omen da gure izaera berri benetakoa, ustez bizi guztirako izango garen hori hain zuzen, eta inolaz ere aldatu ezingo duguna. Lasaiak eta zoriontsuak eta etengabe ezberdinak izan ziren lehenengo hiru urteak. Eta azkenak. Horren ondoren, denborak bere ispilu erretrobisorean begi-ezpainak margotu beste eginkizunik ez du, guri ospitaleetako zerbitzu ezberdinetara bidali aurretik. Horren ondoren, etorkizuna dugu sobra, dena baita egunen errepikapen krudela, gelditasunaren sesio-bidea. Agenda beti bezala. Klima ohi bezala. Izu-beldurrak betiko moduan. Fakturak betiko legez.

Ezer ez da aldatzen, inoiz ez da ezer aldatu. Ezetz. Ja ez dut sinesten gure berrikuntzan. Energia ez da sortzen ez desegiten, alferrik galtzen da. Eguna argitu bezain laster zinta gainean korrika egiteko gimnasia aparatu horietako batean hasten direnena bezala, bost, hamar, hogei kilometro irentsi dituztela, munduan zer ibili badutela erakutsi beharrez. Izerdi asko kostata, gainera. Nonbaitera iristea falta. Arrazoi handia zuen Katixak errobot hutsak garela ulertu zionean Anari, eta baita Anak ere bizitzarekin eta eginbeharrarekin konprometitzen erakutsi zigutela esateko indarra hartzen duenean.

Nahasmendu latza. Baina ez du hala izan beharrik. Dudarik gabe horixe garelako, errobot konprometituak. Zepoan harrapatutako saguak. Sokarekin lotutako belatzak. Olentzero desanimatuak gara Aita Noelen poz boza aditzen, dioela: “Jo, Jo, Jo!”. Barre-algaraz. Zerk eragiten dio barrerako halako gogoa? Nik badakit: kalitatea, berrikuntza, lehiakortasuna eta giza kapitalaren garapena ekonomiaren garapenean oinarrizko elementuak izango direla datorren urtean. “Jo, Jo, Jo!”. Datorren urtean, gurea, herritarrei aukera berriak eta bizi kalitate altua eskainiko dizkion lurraldea izango dela. “Jo, Jo, Jo!”. Produktu berriak sortzeko baliabide berriak artikulatuz, datorren urtean herri berritzailea izateko aukera izango dugula. “Jo, Jo, Jo!”. Renove Plan maitea. Etxe tresna elektriko eta leiho zaharrak bota, telebista berrian orain dela hogeita bat mende bezain hotz eta gaizto segitzen duen mundua ikusteko, irrati berriaz kanbiatzen ez diren eguneroko desanparo-estatistika taula txukunen berri jakiteko, izozgailu berrian aspaldiko amets-hilotzen puskak barruan gordetzeko, leiho berrietatik iaz bezain estraino aritzen diren bizilagunei begiratzeko.

Auto zaharra bota, auto berriarekin ere etxetik baino ehun kilometro gutxiagora hilko ez garela astearte batean pentsatzeko. Enplegu zaharra galdu, berri bat aurkitu nahirik ahaleginean entretenitzeko. Drama behar bada, drama berria izan dadila. Gauza bera zaharberritua. Originaltasunaren finkotasuna kontsolabide handia da errobot konprometituontzat. Aukera gutxi hala ere hortik eskapo egiteko. Ze erremedio! Ondorio zeharo txarrak ekartzen baitizkigu gizabidean aritu nahi izateak. Hori traba da gure harreman mekaniko zoriontsuetarako, jakina. Betikoentzat mesede ederra. Itsasoaren arnasketa sakon eta beti berdina, egutegi jakin baten kendutako orriak, gaizki dabilen bihotzari taupada-markagailua jartzea. Urteak eta urteak pasa arren gauzak berdin jarraitzea. Betikoa ala hil. Egia da hori. Urte zaharberri on guztioi. “Jo. Jo, Jo!”.