Karbono isurien salerosketa bideoz labur esplikatua

  • Nola lor daiteke CO2 isurketak gutxitzea XXI. mende bukaerarako klima aldaketaren ondorioak ahalik eta gehien murrizteko? Karbono isurien salerosketa bidez, diote ekonomialari eta politikari neoliberalek. Aldiz, beste askok uste du hori berdin segitzeko mozorroa baino ez dela.
Indonesiarena den Sumatra uhartean egindako argazki hau Greenpeace mugimenduak erakusten du bere webgunean. Sumatrako Kampar penintsulan klimaren aldeko kanpalekua antolatu dute joan den urri-azaroan bertako herritarrek hirietatik etorritako militanteen laguntzaz. Kampar oihan tropikal ederren jabe zen, harik eta gobernuaren babesarekin multinazional bat hasi zen arte basoa eraisten, zurarik baliotsuenak esportatu eta luberrietan oliotarako palmondoak landatzeko. Gisa honetako operazioak "“milioika zuhaitz berri landatzea ekonomia berdetzat saltzea ez da zaila, aurretik milioika urteko ekosistema hondatu dela ezkutatuz"“ baimentzen dira gaur egun indarrean dagoen karbono isurien salerosketaren eskeman.
The story of Cap & Trade bideoa euskaratzea merezi luke. Ingelesezko Cap and Trade gaztelaniaz, katalanez eta italiarrez “isurtzeko eskubideen salerosketa” itzultzen dute, baina agian zehatzagoa da frantsesezko egokitzapena: Bourse du carbone, karbonoaren burtsa alegia. Besteren artean horretaz ere hitz egin dute egunotan Kopenhagen, kimaren aldaketaren gailurrean.

Gizakiok funtsean industria eta garraioengatik atmosferara isurtzen dugun CO2 gas kopuru demasa nola murriztu eztabaidatzean, munduko politikari nagusiak ia aho batez datoz bat tresna nagusia karbonoa isurtzeko eskubideen salerosketan datzala. Neoliberalismoaren garaiotan, hortik aurrerako arautzeak gaizki ikusita daude.

Aldiz, gero eta ugariagoak dira Cap and Trade hori okerreko bidea dela diotenak. Hauen artetik The Story of Cap and Trade bideoak dagoeneko arrakasta handia lortu du gaiaz zertxobait jakitea nahi luketenen artean.

Lehendik The story of stuff (Gauzen kontakizuna, esan genezake euskaraz) bezalako bideoak egin dituen Annie Leonard da oraingoaren zuzendari eta aurkezlea ere. Leonard (Seattle, 1964) jasangarritasunean aditua da, eta haren lanek salatzen dute gure kontsumismoa planeta txirotasunean eta zaborretan itotzen ari dela. Etxeetako hondakinentzako errauste planten kontrako mundu mailako koordinadoraren (GAIA ingelesezko sigletan) sortzailea izan da, beste erakunde askotan parte hartzeaz gain.
The Story of Cap and Trade bideoa babestu dute Climate Justice Now eta Durban Group for Climate Justice erakundeek. Ingelesezko Climate Justice euskaraz ipini genezake “Klimazko justizia” edo “klima mailako justizia”. Bideoan Annie Leonardek karbonoaren burtsa era oso didaktikoan esplikatzen du, ondoan azaltzen zaizkion marrazki bizidunek lagunduta, dohainik eta libre eskaintzen da sarean.

Gauza da itxura batean munduko agintariek klimaren aldaketa kontrolatzeko urratsak ematen dituztela. Arnasa lasai hartu ote beharko genuke? “Itxaron pittin bat”, dio Leonardek. “Zer pentsatu dute egitea arazoa konpontzeko? Nik aztertu dut eta, egia esan, ez dut haien erabakietan soluzioa deitzeko modukorik aurkitu. Aitzitik, soluziotzat aurkeztu duten gas-isurien salerosketa edo karbono burtsa sekulako arazoa da gaur egun”.

Balizko soluzio horren egileak aurkeztuko dizkigu Leonardek: Enron bezalako korporazioetako buruak, Goldman Sachs bezalako bankuetakoak. Orain arteko burbuilatzarrak eragin dituztenak, hain zuzen. Haien ofizioa ez da arazoak konpontzea, merkatu berriak aurkitzea baizik. Behin merkatua sortu dutenean, haiek alde egiten dute dirua hartuta eta ondoren burbuila lehertu egiten da.
Karbono isurien salerosketaren inguruan hiru bilioi dolar mugitzea espero dute. Hura lehertutakoan, zer? Azken burbuila erraldoiak baino handiagoak egingo duela zart.

Kontrolik gabeko negozioa

Zientzialarien ustez klima aldaketa hondamendirainokoa gerta ez dadin atmosferako karbonoa milioiko 350 zati izatera mugatu behar da. AEBei dagokionez, horrek ekarriko luke karbono isuriak %80 murriztea 2050rako. Eta nola erdietsi gaurko karbonoaren %20 baizik ez isurtzea antzinako baserrietako bizimodura itzuli gabe?

Horri erantzuteko sortu ziren karbonoa isurtzeko baimenak eta hauen salerosketa. Teorian estatuek urtetik urtera kutsadura kopuru txikiagoak baimendu behar dituzte. Energia kontsumoan eraginkorra izatea lortu duenak bere baimenak saldu ahal izango dizkio kutsatzen jarraitu beharra daukanari, eta honek ordainetan pagatu beharreko diruak balio beharko luke enpresa energiatan efizienteagoak sendotzeko.

Ideia horren bertsio bat Europan martxan jarrita dago dagoenekoz, baina asko dira frakasoa baizik eman ez dutela diotenak. Tartean, Cap and Trade sistema beste testuinguru batean duela 50 urte asmatu zuten John Dales eta Thomas Crocker zientzialariak.

Deabrua detaileetan ezkutatzen omen da, hizki ttipien artean. Sistema honen lehen deabrua Freee permits deitzen da, dohaineko baimenak. Askok deitzen diete Cap and Giveaway, oparizko kuota. Europan, gaurko sistemak horiek dauzkala medio, urteotan behera egiteko  partez karbono isuriek gora egin dute... eta korporazio handiek sakelak bete dituzte. Leonarden ustez, oso bestela enplegatu behar ziren herritarren dirutza horiek: energia iturri berdeetan oinarritutako ekonomia garatzen, herritarrei laguntzen erregaien prezio altuagoak pagatzen trantsiziozko urteotan eta klimaren aldaketagatik herrialde txiroek jasaten dituzten ondorioak goxatzen.

Bigarren deabrua konpentsazio deitua da. Enpresa batek karbono isuria gutxitzen badu, “soberan” duen baimena saldu diezaioke gehiago kutsatu nahi edo behar duen beste bati. Arazoa da eguneroko martxan oso zaila dela salerosketa hori kontrolatzea. Hori bai, salerosketa horretan egiazko dirua mugitzen da, asko gainera, baina ez da hain garbi zenbat karbono mugitzen den. Bestalde, zer da konpentsazio edo ordaina eta zer ez?

Hona adibide bat, Indonesian gertatua eta ingurumenaren aldeko militanteen artean zalaparta handia eragin zuena. Sinar Mas korporazioak Indonesiako oihan berezkoak eraitsi zituen, sekulako kalte ekologiko eta kulturazkoak eraginez. Handik lasterrera, suntsitutako zelai zabalotan oliotarako palmondoak landatu zituen. Zertan zetzan negozioa? Beste enpresa batekin kutsadura eskubideen trukean irabazitakoa.

Ez al da egiazko soluziorik? Climate Justicek honakoak aipatzen ditu: erregai fosilak lurpean uztea, herritarrek kontrola dezatela gehiegizko produkzioa, elikaduraren ekoizpena berriro lekuan finkatzea, gehiegizko kontsumoa murriztea herrialde aberatsetan, herrialde txiroekiko zor ekologiko eta klimazkoa aitortzea... Baina honetan sartzen da hirugarren deabrua, Annie Leonardentzat: jendearen oharkabetzea da. Despistea. “Cap and Trade bezalakoekin herritarrek uste dute dena ondo pasako dela eta haiek aski dutela kotxearen erabiltzea mugatzea edo bonbillak aldatzea eta gainerakoa agintariek konponduko dutela. (...) Isurien salerosketaren helburu nagusia da jarrai dezala business as usual delakoak, betiko moduko negozioak”.

Lerrook gidoitzat hartu eta The Story of Cap & Trade bideoa ikusten duenari ez zaio damutuko.

Informazio gehiago:
* The Story of Cap & Trade, ingelesez
* Gauzen ixtorioa (Story of Stuff) gaztelania txikanoan
* Eta ingelesez gaztelaniazko tituluekin
* Annie Leonard Wikipedian
* Climate Justice Now erakundea
* Dourban Group for Climate Justice
* Gas isurien salerosketa Wikipedian

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


2025-01-08 | Nicolas Goñi
Nola bihurtu lurzoruak klimaren laguntzaile?

Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Chido zikloiak Mayotte uhartean milaka hildako eragin dituela kalkulatu dute

220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]


2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


Ez kontzeptuak

Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]


Idorrak dira munduko lurren %40, eta lehortze bidea egin dute lurren %75ek

Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-20 | Nicolas Goñi
Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen

Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]


2024-11-20 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]


COP29 Azerbaijanen
Klima aldaketari aurre egiteko orain arte baino hamar aldiz diru gehiago bildu beharko dute Bakun

COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.


Lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak 2024an

Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.


Eguneraketa berriak daude