argia.eus
INPRIMATU
Isolamendua
Juan Ramon Makuso 2013ko maiatzaren 02a
Ohean zaude goizaldeko lehen orduetan. Izarak ez du bere betiko laztan goxoa. Gorputzak ere ez dizu berdin erantzuten. Gau-mahaiko lanpara piztu eta buruan pisua. Termometroak ez du gezurrik esaten: sukarra duzu; badira egun batzuk horrela. Semeak joan behar du orkestrarekin ikasketa egonaldi bat egitera. Donostian zain du autobusa. Nik ospitaleko larrialdia. Bagoaz autoan; bere begietan, ilusioa. Autoa gidatzearekin, nik, kontuak: “Agur izan ongi”. “Egunon”. Larrialdietako langileak igarri dizu: “Oraintxe bertan etorriko dira zu ikustera”. Esan eta izan. Une horietan zure bururako pentsatzen duzu, “orain bai: beste eskuetan zaude; edo hobeto esanda, hau horrela da beti, nahiz eta horretan ez dugun pentsatzen. Beti gu protagonistak. Bai zera!”. Hainbat froga egin ondoren, sendagilea hurbiltzen zaizu eta bertan geratu behar duzula esan dizu: “Isolamendu gela batera eramango zaitugu; infekzioa edukitzeaz gain, arritmia ere baitu zure bihotzak”. Erritmoz bizi naiz; nik ez dakit beste erara bizitzen. Isolatua bai; baina etxeko eta gertukoen bihotzekin.