Euskaltzaindiak antolatzen duen Txomin Agirre eleberri saria Mikel Zubeldiak irabazi zuen azken edizioan. Orain argitaratu da lan irabazle hura, Ekilibristen polka, Euskaltzaindiaren eta BBK Fundazioaren lankidetzari esker. Bost kontakizun harilkatuta osatu du lana Zubeldiak, Ôchreland hiri grisa abiapuntu hartuta. Jon Gallimore protagonistak Margrit Makay aktorearenganako zentzurik gabeko ihesa planteatuko dio irakurleari; bidaia horretan egingo dute Muratorirekin topo, museoko kikeronea bera, iragan ilunekoa; baita Soeur Coraline, moja eta idazlea; eta Berenice kantaria, eta Martin Gallimore tornularia, Radio Tirana irrati komunistari esker bizi dena: horra, atmosfera estrainio eta pertsonaleko nobela.