San Julian auzoko herritar batek egindako argazki honetan ikus daitezke Petronorreko URF plantak izango dituen kokizazio-kamera biak. Irudian etzanda ageri dira, baina behin planta lanean hasita zutik egongo dira. 43 metroko altuera daukate.Begoña Fernandez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ia lau hamarkada dira Petróleos del Norte S.A., Petronor, eraiki zutela Muskizen ondo-ondoan. Findegiaren eta herriaren arteko bizikidetza ez da inoiz samurra izan, baina muskiztar asko benetan ernegatu dituena enpresaren azken proiektua izan da: URF planta. Ohiko jardunean, koke planta esatea da arruntagoa.
“Coke ez” leloa nonahi irakurriko du Muskizera doanak. Nonahitik ikusiko ditu, era berean, Petronorren tximinia erraldoiak. Historikoki, euskal ekonomiaren sendotasunaren ikurretako bat izan dira. Baina bizi ditugun garai hauek ez dira industriarentzat gozoenak, ezta Petronorren jabe den Repsolentzat ere. Denon krisiari, barne liskarrak gaineratu behar zaizkie. Repsoleko akziodun nagusiak, Sacyr konpainiak, URF plantaren proiektua “izoztu” nahi du, baina Antonio Brufau Repsoleko presidenteak ez du aintzat hartu haien eskaria, eta koke plantak “Petronorren etorkizunerako garrantzi estrategikoa” duela argudiatu du.
Garrantzi estrategikoarena ez da oso ondo ulertzen, dio Cokearen Aurkako Koordinadorak. Behin eta berriro gogorarazten dutenez, URF planta eraikitzen ari diren eremua ez da Petronorrena, publikoa baizik. Zehazki, domeinu publikoko eremu itsas-lehortarra da, Espainiako Kostalde Zuzendaritza Nagusiaren menpekoa, eta gaur egun haren kontzesio bati esker erabil dezake Petronorrek. Baina kontzesio horrek 2012. urtean dauka iraungipena. Hiru urte barru Petronorrek utzi egin beharko du eremu hori. Enpresak onartu du hala dela, baina ez du publiko egin gaiari buruzko inolako iritzirik. Gauzak horrela, nola liteke gehien jota urtebete eta erdiz funtzionatuko duen URF plantak “garrantzi estrategikoa” edukitzea?
Petronorren 38 galderak
Petronorren webgunean atal oso bat aurkitu daiteke koke plantari buruz. Proiektuaren gaineko 38 galdera-erantzun ageri dira bertan. Besteak beste, URF planta petrolio-eratorrien merkatuak nozitu dituen aldaketei egokitzeko ezinbestekoa dela esplikatzen dute. Zenbait produkturen ekoizpena murriztuko dute beste batzuen mesedean, enpresaren etorkizunerako funtsezkotzat jotzen duten urratsa eginez. Web orrian ezerk ez du aditzera ematen proiektua epe luzekoa ez denik. Eta findegiko arduradunek ez diote erantzun horretaz egin diegun galderari, gainerakoei erantzun ez dieten bezala.
Kutsaduraren beldur
Cokearen Aurkako Koordinadoraren kezka nagusia ez da URF plantak luzaroan iraungo duen ala ez, baizik eta irauten duen denboran sortuko duen kutsadura. “Kokizazio prozesua ezinbestean da kutsatzailea, ez dago modurik hori saihesteko”, dio Koordinadorako Sara Ibañezek. Beste kide batek, Edorta Arostegik, sufre dioxido (SO2) emisioak handitu egingo direla dio, “eta berez Muskizen baditugu SO2 kontzentrazio handiegiak, findegiaren oraingo jarduera dela eta”. Bada gehiago: nitrogeno oxidoak, metal astunak, konposatu organiko hegazkorrak... Kokea bera, URF plantak emango duen azken produktuetako bat, oso kutsatzailea da Sara Ibañezek adierazi digunez. Petronorrek saldu egingo du sortutako kokea, baina negozio eskasa egin daiteke hortik gaur egun: produktuaren prezioa beherantz amildu da azken urteotan. Txina, alde handiz munduko ekoizle nagusia, koke produkzioa murrizten ari da zeharo, arrazoi ekonomikoak zein ekologikoak tarteko.
Dena den, kokea sortzea ez da URF plantaren helburu nagusia, fuel-olio gutxiago eta gasolio gehiago sortzea baizik, Petronorren webgunean irakur daitekeenez. Sara Ibañezen ustez, ordea, gezurretan dabiltza findegiko arduradunak: “Hortik aterako den guztiaren %5 besterik ez da izango gasolioa, eta aldiz, ehunka mila tona koke ekoitziko dute. Haizea dagoenean inguru osoa kutsatzen duen hautsa da. Eta gainera, koke mota guztietan kutsatzaileena da hemen egingo dena”.
Kokea ez da arazo bakarra
URF plantaren proiektua izan da askoren pazientziak gainezka egitea eragin duen azken tanta. Behin protestatzen hasita, findegiaren jarduera guztiagatik hasi dira kontu eske, koke plantagatik ez ezik. Petronorrek Muskizeri eta inguruko beste herri batzuei –Abantori, batez ere– egiten dien kaltearen frogarik behinenetakoa da, ekologisten ustez, Eusko Legebiltzarrean Ezker Batuak egindako eskari bati erantzunez orain dela hilabete gutxi EAEko Osasun Sailak ezagutarazi zuen heriotza-tasei buruzko txostena. Bertan ikus daiteke Muskizeko baloreak, zenbait gaitzei dagokienez –arnasbideei eragiten dietenak nabarmentzen dira– erkidegoko batez bestekoa baino handiagoak direla modu esanguratsuan.
Petronorrek kanpoko kontrol gutxirekin jarduten duela salatzen dute hala Cokearen Aurkako Koordinadorak nola San Julian auzoko Turruntero elkarteak. Azken horretako kide Begoña Fernandezek erakutsi digu auzotarrek aurten Udaletxean egindako kexen bilduma. Ehunka. Koke planta eraikitzeko lanak hasi zirenetik zarata handia jasan behar izaten dutela diote, baita gauez ere. Hori gutxi balitz, aldamenean daukaten hozte-kamera eskergak lixibaz betetzen du ingurua, nekez garbitu daitezkeen orban zuriak utzita nongura. Euren egoitzaren leihoan itsatsitako orbanak erakutsi dizkigute, esandakoaren froga. Hori egun arruntetan. Beste batzuetan okerragoa izaten da, joan den uztailaren 14an istripua gertatu zenean esaterako. Hurrengo orrialdean duzue orduko argazkia. Amelia Garcia Turrunteroko kideak erakundeen jarrera salatzen du batez ere, “ez baitira behar bezala kontrolatzen ari findegian zer egiten duten”.
Prozedura gorabeheratsua
Erakunde publikoetara joko dugu, bada. Muskizeko Udalean EAk du aginte makila agintaldi honetan, PSErekin lortutako akordioari esker. Bien artean zazpi zinegotzi dauzkate, EAJk sei. Herrian diotenez, koke planta izan da arrazoi nagusia Franco hil ostean lehenengoz Muskizeko alkatea EAJkoa ez izateko. EAren hauteskunde-programak “koke plantarik ez” zioen, eta herri kontsulta egingo zela hitz ematen zuen. Azkenean, Udalak aurten eman du baimena koke planta eraikitzeko, eta herri kontsulta egin zen, baina Cokearen Aurkako Koordinadorak bultzatuta eta Udala aurka zegoela.
Udalaren alegazioak, ezerezean
Marcos Cucó (EA) Ingurumen zinegotziarekin bildu gara. Beste ezer baino lehen, zera argitu du: “Gaur egun ez dut Udalaren jarrera ofiziala ordezkatzen”. EAk herrian boterea erdietsi zuenetik gertatutakoak laburbildu dizkigu ondoren: agintaldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak –artean EAren esku–, europar legedi berriari men eginez, Petronorren Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) behin-behineko espedientea bidali zuen Udaletxera, han azter zezaten. Udalak aholkularitza bi kontratatu zituen, horietako bat Cokearen Aurkako Koordinadorak gomendatuta, eta biek esan zuten zirriborro hartan hutsune handiak zeudela. Handik gutxira, koke plantaren IBB eta Ingurumeneko Eraginaren Ebaluazioa iritsi zitzaizkien, biak txosten bakarrean. Berriz ere aholkularitzara bidali eta haiek emandako argudioei segituz, Udalak bere alegazioak eman zituen. Ondorio nagusia zen ezin zela koke planta hura Muskizen eraiki. “Mota askotako alegazioak ziren, baina batez ere legediarekin zerikusia zeukatenak” azaldu digu Cucók.
Jaurlaritzak ez zituen alegazioak onartu. Udalak, hasieran, lege-prozedura bat ireki nahi izan zuen haren aurka, baina gero atzera egin zuen, “eta ondorioa izan zen azkenean hiru baimen-eskaera igorri zizkigula Petronorrek: bat findegi osorako, ordura arte ez baitzeukaten, beste bat koke planta eraikitzeko eta hirugarrena plantaren jardunerako”.
Irregulartasunak IBBn
Baimen haiek eman ala ez eman erabakitzeko egin ziren gobernu-batzordeetan, Cucó izan zen aldeko bozka eman ez zuen bakarra. Findegi osoarena ebatzi behar zenean, abstenitu egin zen. Izan ere, “Jaurlaritzak 2008ko maiatzaren 6an helarazi zigun findegiaren behin betiko IBB, eta oso bitxia zen, Petronorrek baldintza batzuk betetzearen menpe jarri baitzuen baimen hura, eta horretarako sei hilabeteko epea eman zien. Aholkularitzakoek esan ziguten hori ezin dela egin, baimena eman edo ukatu egiten da baina ezin da izan baldintza batzuen araberakoa”. Cucók gogorarazi digu Petronorrek ez dituela oraindik baldintza horiek bete, ez denak behintzat, urte eta erdi igaro den arren. Horren adibide bat geure begiz ikusi ahal izan dugu: toki itxi eta behar bezala egokitutakoan gordeta egon behar lukeen sufreak kalean pilatuta segitzen du.
Gontzal Riancho alkateak zerbait argitu digu horri buruz: “Jakin badakit Ingurumen Sailak zabaldu egin zuela hasieran ezarritako epea”. Rianchok adierazi digunez, abenduaren 9an Jaurlaritzak inspekzioa egingo du findegian, eta hor erabaki beharko dute IBBrako baldintzak beteta dauden. Cokearen Aurkako Koordinadorako Sara Ibañezek ez du zalantzarik azken emaitzaz: “Aldez aurretik erabakita dago IBB onartzea”.
Otsailaren 10ean, Muskizeko Gobernu-Batzordeak URF planta eraikitzeko zein haren jardunerako baimenak ematea erabaki zuen. Orduko hartan, Marcos Cucók ezezko botoa eman zuen. “Udal idazkariak esan zuen, idatzi batean, legearen arabera ezin zirela baimen bi haiek eman”, defendatu du bere jarrera.
Gontzal Rianchok ere defendatu du berea: “Baimenak ematea onartu genuenean mahai gainean geneukan Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren txosten bat, Petronorrek baldintza guztiak betetzen zituela esaten zuena. Ezin genizkion baimenak ukatu, prebarikazioa izango zen bestela. Nik ez dut gustuko URF planta, baina lehenik eta behin legea bete behar dut”. Gehiago ere esan du Rianchok: Petronorrek prest zeukan, badaezpada Udalak baimenak ukatzen zizkion, haren aurkako demanda bat. “Ez dugu mehatxupean jardun, baina dena hartu behar da kontuan”.
Momentuz, epaitegietako bidea hartu duena Cokearen Aurkako Koordinadora izan da. Lege-prozedurak ireki dituzte Muskiz eta Abantoko Udalen aurka, Petronorri jardun-baimenak emateagatik, eta baita ere findegiaren nahiz URF plantaren IBBen aurka. Gainera, arlo penaleko epaiketa batean murgilduta daude. Salatuen artean Josu Jon Imaz Petronorreko presidentea dago. Tximiniak ez dira Muskizen sutan dauden bakarrak.