Gorka UrbizuDani Blanco
Egunen batean hitz egin beharko da gure musika kanonei buruz: nork erabakitzen duen artista bat interesgarria den; kritikak ala entzulegoak, zeinek duen esateko gehiago; zerk kokatzen duen disko bat gure sistematxoaren muinean edo periferia ahaztuan; ea horrek gure geografia politikoarekin zerikusirik duen; zergatik den duina Fugazi kopiatzea eta ez, demagun, La Polla. Aurretik, baina, bada beste eztabaida bat: kritika musikalarena, alegia. “Inori interesatzen ez zaiona zertan kritikatu?” diotso eztena zorroztu berri dakarren batek. Touché. Dena dela, idazleei etengabe irakurri behar izaten diegu ez dituela inork ere irakurtzen. Bada, guk ere izango dugu basamortuan deiadar egiteko eskubiderik, ala?
Gauzak argi: Euskal Herrian apenas daukagun kritika musikal seriorik. Batzuek, halako protekzionismo abertzale bati men, etxean kaleratutako guztia ontzat emateko joera nabarmena dute. Denok elkar ezagutzearen ajeak, bistan da. Horrek mesede eskasa egiten digulakoan nago.
Gehiegizko babes horren alternatiba, baina, ez da hobea: azaleko “kritika” baita nagusi, salbuespenak salbuespen. Ea, nora jo dezake euskaldunak kritika musikal bat irakurri ahal izateko? Entzun, Argia, Berria, Gara, Deia, Gaztezulo, Nabarra... Ohar gaitezen Entzun kenduta beste guztiak ez direla musika hutsa jorratzen duten hedabideak –eta azken hau urtean behin besterik ez dela kaleratzen–. Horietan guztietan, diskoak mamitu baino, haien sinopsia da heltzen zaiguna, aipamen hutsa. Alde horretatik, egun, Interneten topa daitezke kritikarik mardulenak. Amateurrak, nahi bada, baina espazioaren arazorik gabe eta dedikazio txalogarriz idatziak.
Azken batean erredukzionismotik gertu uzten gaitu espazio –interes?– falta horrek. Musika Kulturaren baitako “beste atal hori” den hedabideetan, ezinbestean kazetariaren gustuaren menpe gaude nolabait. Horregatik, gehienetan joera bakar batek izaten du isla, normalean RockdeLux eta antzekoen ildotik oso gertukoa. Batzuetan ematen du The Arcade Fire gustuko ez badituzu estralurtarra zarena. Aldiz, Gojira bezalako taldeei apenas egiten zaien kasurik euskal prentsan. Munduko metal aldizkarietan urteko onenen artean agertu da talde hau, Metallicak euren birara gonbidatu berri ditu, baina gurean inork ez ditu elkarrizketatu. Honek ez luke ezer larritik, ez balitz Gojira Baionakoak direla. Baina klaro, hau heavy metala da, eta gainera, nori interesatzen zaio Iparraldea?