"Emateko baino gehiago jasotzeko zapaltzen duzu oholtza"

  • Manager-ik ez duten pertsonak fidagarriagoak irudituko zaizkit beti.

2009ko abenduaren 02an
Igor Yebra
Igor YebraDani Blanco

Eskolan, umeek futbolean jokatzen dute.


Baita nik ere. Ziren eta ez ziren kirol guztiak egiten nituen, futbola, saskibaloia... Athetic-eko jokalaria izatea nuen amets. Etxean giro berezia genuen, ordea. Aita zein ama baleteko dantzari amateurrak ziren, eta egoera zena zelako ez zuten aurreragoko pausorik eman. Musika asko entzuten genuen, anitz irakurri, eta baleteko ikuskizunetara ere sarri-sarri joaten ginen. Hasieran, arreba zen baleteko klaseetara joaten zena, familiako dantzaria bera izango zela suposatzen zen, baina 12-13 urterekin probatzea erabaki nuen, eta gaur arte. Atheltic-eko jokalaria izan nahi eta begira non bukatu dudan!

Berezia beharko zuen giroak, 14 urterekin gurasoek Madrilera zeu bakar-bakarrik joaten uzteko.


Perspektiba apur batekin begiratuta, logikoena Madrilera ez joatea zatekeen. Erabaki hori hartu banuen, hartzeko moduan eta zeharka gurasoen eraginpean nengoelako izan zen. Baina Bilbo utzi eta Madrilera heltzean a zer shocka! Azken hamar urteotan Bilbo izugarri aldatu bada pentsa zer izango zen orain hamabost-hogei urte. Bilbo, Madrilen aldean, txikia izango da beti, eta garai hartan txikiagoa. Barne-lurrikara bat izan zen gauetik goizera, hainbeste jende, hainbeste eraikin eta hainbesteko abiadurarekin topatzea. Ingurura begiratu eta ez nuen mendirik ikusten! Zorionez banekien zehazki zertara nindoan, oso konbentzituta nengoen, eta bost axola zitzaidan Madril, Pekin edo Hong Kong izan.

Azkarrago hazteko eta heltzeko balioko zizun.


Ez da horrek heltzen laguntzen dizula, derrigortu egiten zaitu. Orain pentsatzen jarri eta oso heavya iruditzen zait. 14 urte eta erdirekin, konpainia batean kontratu bat neukan, eta ondorioz dirutxo bat patrikan. Pentsa zer izan daitekeen 14 urteko mukizu bat diru pixka batekin Madrilen! Normalena kalean edo parrandan ibiltzea zatekeen baina oso zentratu eta okupatua nengoenez ez nion haizeari hortik jotzeko betarik utzi. Astelehenetik larunbatera goizeko 9etatik iluntzeko 9etara egiten nuen dantza, eta nekearen nekez, igandeetan koman egoten nintzen.

Sentitu zara inoiz arrakasta lortzera behartuta?


Beti izan dut oso garbi arrakasta ez zela obligazio bat. Ikasle ona izan arren, iritsi zen ikasketak eta dantza bateratu ezin nituen une bat, eta mahaian eseri eta gurasoei kontua aurrera zihoan edo ez frogatzeko urtebete emateko eskatu nien, gaizki ateraz gero Bilbora bueltatu eta ikasketei berriz ekiteko baldintzarekin. Aukera hori eman zidaten momentutik oso kontziente nintzen asko zegoela jokoan, gure etxean ez ginela dirua leihotik botatzeko besteko aberatsak, eta ezin nintzela tontakerietan ibili. Baina dantza egitea baizik ez dut planteatu, sekula ez arrakasta. Orain, hedabideen eraginez, anitz aldatu dira gauzak, eta haurrek ez dute futbolari edo dantzari izan nahi, Ronaldinho edo Joaquín Cortés izan nahi dute. Ororen gainetik, famosoa, arrakastatsua. Logika horretan hausnartzen duenak zelofana baizik ez du ikusten, azalekoa, ingurua, baina ez da jabetzen horra iristeko dauden lan eta sakrifizio orduez.

Zuk ere apenas hitz egiten duzun lan eta sakrifizioaren ajeez.


Egiari zor, horrek ez du saltzen. Gainera, mundu magikoa da baletarena, zisneen aintzira edo loti eder bezalako istorio absurduak kontatzen ditugu, eta urrats bakoitzaren gibelean dagoen esfortzu, ahalegin eta mina azalduko banizu oso desberdin ikusiko zenuke dena. Magia ezik, beste guztia ikusiko zenukeela, alegia. Magoek ez dute euren trukua kontatzen, are gehiago, ez dute zertan kontatu.

Magikoa izateaz gain, oso mundu diziplinatu eta hierarkizatua da zuena.


Ez da oso mundu diziplinatua dela, diziplina duen mundua dela baizik. Gauza batzuez hitz egitean nik ez ditut asko edo gutxi erabiltzen, badauzkazu ala ez dauzkazu. Diziplina edukitzeak, alta, ez du esan nahi dena A-tik Z-ra bete behar duzunik. Ez zait gustatzen bere burua agindutakoa betetzera mugatzen duen jendea. Rigore eta diziplinak emandakotik abiatuta egiten dituzu zeure errebeldia eta mundua iraultzeko grina. Ezinbestekoa da hori, automata edo makina bat izan nahi ez baduzu.

Hierarkiak aldiz beste zentzu bat du egun. Pautaz betetako bizitza hiper-arautu batetik dena norberak nahi-erara egitera pasa gara, inork ez digu ezer markatzen. Ez dut uste dena hierarkia, burdinazko diziplina eta behinolako abade eta eskola militarretan erabiltzen ziren berben inguruan egituratu behar denik, baina hortik ere behar du. Errespetua, esaterako, ezinbestekoa da, eta klaseak ematerakoan ez dut de tú hitz egitea onartzen. Lagun bezala hala egin geniezaioke elkarri, baina ni irakasle eta zu ikasle bagara, errespetua zor didazu, nagoen tokira heltzeko oraindik pasa ez dituzun trantze asko igaro ditudalako. Horrek ez du esan nahi primeran konpon ez gaitezkeenik, baina distantzia bat behar da. Gauza horiek ahaztu zaizkigula dirudi. Gaur egun, edozein ikastetxetara joan, eta ikasleek irakasleek baino botere handiagoa daukate.

Zergatik lotzen da baleta klase sozial altu eta dirudunarekin?


Estereotipo hori Espainiako Estatuan baleta ikustera doan jende moduari zor zaio. Baina hori hemen bakarrik gertatzen da. Dantzari buruz oro har, eta baletari buruz bereziki, oso ezagutza gutxi daukagu, eta munduan inork planteatu ere egiten ez dituen estereotipo absurduekin gabiltza. Baleteko munduko herri onenak, Errusiak, bere urrezko garaia komunismopean ezagutu zuen. Kuba ere puntaren puntan dago. Are gehiago, ni gehien inpresionatu ninduen gauzetako bat da, Perestroika baino lehen, Boltsoi teatroan, helduentzat egiten zen espektakulu bera egiten zela haurrentzat, eta harrigarria zen nola betetzen zen antzokia txukun-txukun jantzitako haurtxoz, baina funtsean, ez zeukaten deus.

Horren kontra-puntuan, egia da teatro handietan elitismo handia dagoela. Pentsa, ikuskizun erdian atseden bat egitera behartzen gaituzte euren bizitza soziala egin ahal izateko. Baina ziurtatzen dizut, Santiago Bernabeu edo San Mamesko zona vip-ean dagoen pijerio eta diru usain berbera dagoela, ez gehiago eta ez gutxiago. Horregatik, galdetzen didatenean zein antzokik pizten dizkidan gomuta goxoenak ez zait burutik pasatzen Paris edo Londres erantzutea. Gogoan dut behin, Uraletan dantzatu nuela, Nureyef sortu zen herrian, bidaian lau hegazkin eta 24 ordu pasata. Hunkigarria izan zen, demasa, itzela, denok buruan dauzkagun zapi eta plastikodun emakume errusiarrez antzokia beteta ikustea. Ez zeukaten ezer eta zeukaten apurra ikuskizuna bizitzeko utzi zuten, eta gainera, antzokitik aterata, dirdira begietan, gaztelaniaz ikasi zituzten lau hitz bakarrak errepikatzen zizkidaten; “mesedez, itzuli zaitez berriro”. Ikuskizun hura egiteagatik huskeria bat ordaindu zidaten, plazer hutsagatik egin nuen, baina bueltan jasotakoa hain izan zen aberatsa! Hor ulertzen duzu, ez dela kasualitatea, dantzari onak, futbolari eta toreroak bezala, geruza sozial apaletatik sortzea.

Zenbat du dantzariak aktoretik.


Espero dena izatea. Ni aktore fazetak erakarri ninduen dantzara, aderdi teknikoa baino askoz deigarriagoa egiten zitzaidan. Fred Astaire da nire hasierak markatu dituenetako bat. Bere filmak ikusi eta zur eta lur geratzen nintzen ia ezer egin gabe nola interpretatzen zuen ikusita. Gerora, Basiliev Espartako interpretatu eta birsortzen ikusi nuen, eta are txundituago geratu nintzen. Egun ere, ez zaizkit balet abstraktuak gustatzen, mugitzeagatik mugitzea lelokeria deritzot, eta zer garatua, zer transmititua, eta zer kontatua izatea gustatzen zait. Zoritxarrez oso gutxi lantzen da hori balet eskoletan. Hain iritsi da baleta teknikoki perfektua izatera, hemendik gutxira joko olinpikoetara eramango gaituztela!

Desgrazia handia litzateke, afera ez delako nork jiratzen duen gehien, nork altxatzen duen hanka gorago, edo nork egiten duen kontortsionismo bihurriena. Sentimendu eta espresio kontu bat da baleta. Dena den, baletean gertatzen ari den hori musika klasikoan ere ematen ari da. Joaten zara piano edo biolin lehiaketa batera eta harrituta geratzen zara japoniar txiki batzuek jotzen duten abiadurarekin. Pintura mundura egiten duzu salto, eta hiper-errealismora bueltatu gara. Ematen du pintoreak pintatu beharrean argazki bat egin duela, hain da perfektua. Ni horrek hotz samar uzten nau, ordea. Nik uste dut zehazki bi muturrak daudela. Alde batetik bidean uzten dutenaz jabetu gabe perfekzioaren bila itsu-itsu doazenak daude, eta bestetik, dena eta ezer ez askatasunarekin justifikatzen duten artistak. Ez da ez bat ez bestea, goazen erdibide bat topatzera.


Zer harreman duzu ispiluarekin?


Oso txarra. Batzuentzat desabantaila den zortea daukat, 13 urterekin hasi izana, berandu alegia. Hori baino lehen futbol taldeko kapitaina nintzen, saskibaloian nenbilen, kalean egin daitezkeen bihurrikeria guztiak egiten nituen, eta horrek dantza munduan eraikitako pertsona prototipo bat ez izatea ahalbideratu dit. Pareta eta ispiluen artean eraikitako prototipo hori oso arriskutsua da. Oso pertsona nartzisistak, egozentrikoak eta euren mundura bildu eta itxiak sortzen dira. Horren aurka borroka egiten saiatu naiz beti, eta horretarako ispilua saihestu beharra dago, batzuetan ikasketa prozesuaren parte saihestezina izan arren.

Gela honetan, egin beharreko hurrengo obra, ispilua tapatzeko gortina bat jartzea da, ez baitut jasaten ikasleak etengabe ispilura begira egotea. Ispiluak irudi bakar bat islatzen dizu, kanpoko irudi bat, laua, eta zu begira zauden lekutik soilik hartua. Oholtza gainean ez dago ispilurik, eta pertsona adina irudi islatzen dira, denak dauzkazulako angelu desberdin batetik begira. Ispiluarekin obsesionatu eta linea ederrenaren bila dabilena hanka sartzen ari da, begira dagoen ikuspuntuarekiko linea ederrena izango baita beti, eta ikuspuntu desberdinak dauden momentutik linea perfekturik ez dagoelako. Gogoan dut, oholtzara igo nintzen lehen aldian, parean ispilurik ez ikusteak bertigo izugarria eragin zidala, eta horrek asko aldatu zidala dantza ulertzeko kontzeptua. Horregatik diot oholtza izan dela nire eskola.

Eta adinarekin ispiluarekin baino harreman hobea daukazu?


Batzuetan pentsatzen duzu ez dizula eragiten, eta hurrena, ganbara bueltaka hasi eta zenbait gauza planteatzen hasten zara. Neurri batean, gustatzen zait denboraren joana, heldutasuna ematen dizulako, etengabe ikasteko parada dakarrelako, eta jende askori denbora azkarregi pasa zaiolako. Baina zer nahi duzu esatea, zuretzat putakeria bat bada, niretzat putakeria galanta. Balet klasikoko dantzari baten bizia pertsona baten heldutasuna hasten denean amaitzen da, 30 urteren bueltan. Oso gogorra da zure bizitza 30 urterekin amaitu behar izatea, eta besterik egiten ez dakizunez, auskalo zertan hastea. Denborak suposatzen duenaz besteak baino askoz lehenago jabetzen gara dantzariok. Dantzatzen duzuna ongi hautatzeko bezain argia bazara, eta kontratuak lortzeko puntan ibili izanaren zoria baduzu, izan zaitezke 45-50 urterekin baleteko dantzari baina ez da ohikoa. Gizartean gertatzen dena gertatzen zaigu, ordea, adina onartu eta egokitu beharrean adinaren aurka kosta ahala kosta egiten saiatzen garela. Nik bi gauza dauzkat garbi. Batetik, sasoian mantentzeko, adinean gora joan ahala opor egunak gutxitzen joan behar duzula, eta bestetik, etxeko salan ala agertokietan, baina bizitza osoan izango naizela dantzaria. Ez diot nire bokazioari uko egingo.


Beti geratuko zaizu zabaldu zenuen eskola...


Ez naiz geroarekin espekulatzen ibiltzen den pertsona bat, nahikoa dut gaur, bihar eta etzi zer egin behar dudan pentsatzearekin. Eskolarena barruan neukan behar handi bat zen, jaso dudan guztia jaso eta gero, besteei benetan ematen hasteko beharra. Beti uste duzu oholtza gainera ematera joaten zarela, baina faltsua da, jasotzeko zapaltzen duzu oholtza. Bide luze horretan, oso garbi izan behar duzu eman ahal izateko lehenbizi jaso egin behar duzula, eta hauxe da nire unea. Gertatzen dena da eskolak ematen ere itzel pasatzen dudala, eta ematen dudana baino gehiago jaso dudan sentsazioarekin itzultzen naizela etxera. Nire ametsa litzateke hau handitzen joatea, eta egun batean ni desagertu, eta berdin-berdin jarraitzea aurrera. Hori lortzen badut hemendik pasa izanak balioko luke.
Nortasun agiria
1974ko abuztuaren 8an sortu zen Bilbon. Madrilgo dantza kontserbatorioko Ohorezko Matrikularekin graduatua, munduko agertoki ezagunenetan dantzatua, eta balet prestigiotsuenen ohorezko gonbidatua izateaz gain, Bordeleko opera nazionaleko dantzari izarra da egun. Horrez gain, bere izena daraman dantza eskola ireki du Bilboko San Inazio auzoan.
OFF THE RECORD - Ez zen hain erraza
Erraza ematen zuen. Oso-oso erraza. Hankari eskuarekin heldu, gora jaso, eta nirekin hiru kontu esaten zituen bitartean, argazkilariari irribarre egiten zion, bertsolariak eskuak patrikan nola. Oso erraza zirudien, etxera heldu eta eskuarekin hankari heltzeko gai ez nintzela ohartu nintzen arte.

ASTEKARIA
2009ko abenduaren 06a
Azoka
Azkenak
Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Eguneraketa berriak daude