argia.eus
INPRIMATU
Hersturan goxo
2013ko maiatzaren 02a
Katixa Agirre
Katixa AgirreIñigo Azkona
Neu ere kostata ari naiz ezetz esatera ikasten, José Luis. Kostata. Atsegina eta otzana izatea eskatzen didan bulkadari eutsi eta erantzuna eman bitarteko tregoa eskatzera ikasi dut behintzat. Ez esateko argudioak eta indarrak biltzen ditut tarte horretan, ezkerreko belarriaren ondoan kokatzen zaidan aingerutxo onaren hitzak isilarazten. Orain, bai esan nahi dudanean ere, “emaidazu momentutxo bat, faborez” erantzuten dut, nire bai esateko gogoa benetakoa, genuinoa eta askea ote den argitu aldera. Badaezpada ere.

Baina Anak merkatuaren esparruan kokatu du norberaren erabakitzeko gaitasuna –edo gaitasun eza–. Anaren testuaren irakurketa bihurri bat eginez ematen du errobot hutsak garela, marketinlarien konspirazio globalaren mendeko. Eta gauzak ez dira hain sinpleak. Edo gu ez gara hain sinpleak.

Hau kasualitatea, hain zuzen ere, asteburu honetako kontsumoaren testuinguruan, beti ezetz esaten nuen garaia ekarri dut gogora. Urtean behin edo ikusten dudan ikasle garaiko lagun batekin izan naiz, eta elkarrekin, barre egin diogu garaiko gure obsesio horri: ahalik eta gutxien kontsumitzea ahalik eta gutxien gastatzeko.

Egia da artean ez genuela diru askorik, baina gure egoera ez zen desesperatua eta hala izan balitz ere, gurasoen laguntza lortzea bagenuen, telefono-dei xume baten bitartez. Baina ez gastatzea, edo ahalik eta gutxien gastatzea, benetako erronka bihurtu zen, are gure arteko lehiaketa gaia ere. “Zuk zenbat gastatu duzu gaur?”. “Nik zazpi!”. “Ba nik sei eta erdi, izorrai!”.

Kafetegietan, azukre paketetxoak ebasten genituen. Komun publikoetan, beti saiatzen ginen komuneko paper rolloren bat poltsan sartzen. Supermerkatuan, iraungitzear zeuden produktuen sailera jotzen genuen zuzenean, jakiak eta edariak prezio erdira eskuratu ahal zirelako bertan. Happy hour bat ospatzen zuten tabernen mapa ondo ezagutzen genuen, baita neskentzako doako sarrera eskaintzen zuten diskoteketako ordutegiak ere. Behin barruan geundela, dantzan jartzen ginen eta ez zitzaigun inoiz bururatu edariren bat eskatzea. Deskontu-kupoi eta doako muestren erreginak bihurtu ginen.

“Zuk zenbat gastatu duzu?”. “Nik ezer ez! Ezagun baten lehengusuaren auzoak nahi ez zituen jertse bi pasa dizkit!”. “Hori suertea zurea!”. Ez gastatzea helburu bihurtu zen eta helburua beteta, aparteko satisfazioa lortzen genuen.

Ordutik ia hamarkada bat pasa da, baina uste dut antzeko irrikaren bat hor nonbaiten gelditu zaidala, gaur egun neure buruari gutiziaren bat oparitzen diodanean –hau nire lagunari ere aitortu diot– azkura ttiki bat sentitzen baitut kontzientzian, neure esentziaren bat traizionatzen ibiliko banintz bezala. Lagunak esan dit berari ez zaiola horrelakorik gertatzen eta ea txoratuta ote nagoen. Zerbezak nork ordainduko dituen deliberatzen egon gara segituan.

Ez dut esango marketinak ez duela inongo eraginik nigan, kontsumo gizartearen bazter batean gotortu naizela eta gizarte likidoaren jarioak apenas bustitzen nauela bien bitartean. Baina badakit, behar izanez gero, ez nukeela berebiziko arazorik izango minimoen pean bizitzeko, iraungitako janaria jateko eta hirugarren eskuko jertseak janzteko. Eta areago, plazera ere lortuko nuke erronkarekin. Batez ere, lehiatzeko norbait izango banu alboan.

Bide batez esanda, zerbezak nik ordaindu nituen azkenean.