Goiko argazkian Mikel Lazkano, iazko Urrezko Pua lehiaketako irabazlea, saria jaso zuen unean.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gipuzkoako hiriburuan eta Kontxako hondartzatik gertu, atarian izar gorri bat duela ageri da Leize Gorria. Sartu ahala, Euskal Herriko beste edozein tabernak asteazken iluntze batean daukan traza bera hartu ahal zaio: pintxoz beteriko barra, jendea jaten, edaten edo erretzen, zarata handia... Baina ingurura begiratuz gero, erraz suma dezake bisitariak Leize Gorria ez dela dirudien bezain arrunta. Paretetan eskegita hainbat eta hainbat argazki, horien artean munduko musikari ezagun eta ezezagun askorenak. Oharkabean, gitarra doinu bizi eta sarkorrak iristen dira belarrietara bigarren solairutik; Urrezko Pua gitarra elektrikoaren lehiaketako hotsak dira.
Bigarren urtea da gitarrista onena saritzeko lehiaketa antolatzen dutena. “Donostian gitarraren jarraitzaile asko zeudela jabetu ginen eta horiei espresatzeko eta euren maila hobetzeko aukera eman nahi izan diegu”, Urrezko Puaren antolatzaile Julio Biurrunek azaldu duenez. Hori gauzatzeko modu bakarra euren burua alderatzeko eta neurtzeko parada ematea zela jabetu, eta iaz, Urrezko Pua izenarekin urtero sariketa antolatzeari ekin zioten Biurrun Viturro familiako kideek, Leize Gorriaren jabeek.
Jatorriz uruguaitarrak, Argentinan, Euskal Herrian eta Italian dituzte euren sustraiak. Julio da aita, Blues&Roll taldeko gitarra-jotzailea, Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea eta Urrezko Pua lehiaketako epaimahaikidea. Ana Maria ama eta nagusia da. Pablo semeak, bateria jo ez ezik Amara auzoan klaseak ere ematen ditu; haren neba Martinek baxua jotzen du, eta Mariana eta Andrea alabak talde bateko partaideak dira. Musikarekiko zaletasuna odolean daraman familia da, beraz, Biurrundarrena. Nolanahi ere, gogor borrokatu behar izan dute egun Donostian duten leku hori lortzeko. “Patrikan 200 euro genituela etorri ginen Uruguaitik nire seme zaharrena eta ni, joan-etorriko bidaia txartelarekin eta paperik gabe. Zorionez, lau urtean egoera erabat iraultzea lortu dugu”, dio Biurrun aitak.
Kalean jotzen hasi ziren, eta horren bidez, inguruan ezagun egiteaz gain, apurka-apurka irabazten joan ziren diruarekin familiako beste kideak Euskal Herriratu ahal izan zituzten. Ondoren, Goi Mailako Musika Eskola sortu zuten, eta, duela bi urte Leize Gorriak ateak ireki zituen, Biurrun familiak kulturaren eta bereziki musikaren alde egindako apustu gisara. “Musika ez da bakardadean jotzeko, jendaurrean baizik, maitasun ekintza da-eta”. Musika eta egoerak probokatzea, horratx Leize Gorriaren leloa.
Musikarien txoko alternatiboa
Apustua apustuaren atzetik, duela bi urte Urrezko Pua gitarra-lehiaketa abiarazi zuten. Julio Biurrunen esanetan, gitarristak eta gitarra zaleak bazeuden, inguru egokia sortzea besterik ez zen behar. Musikari gisa sendotzeaz gain, lehiaketak curriculuma osatzen eta karrera pertsonalean aurrera egiten lagunduko diela ziur da. “Lagunarteko giroa sortzen da, eta hori mundu honetan hasi berria zarenean izugarri eskertzen da”. Maria Remirez hamasei urteko donostiarraren hitzak dira horiek. Bera da lehiaketan parte hartu duen emakumezko bakarra. Hain zuzen, emakumeen presentzia eza aurrerantzean hobetu beharreko alderdia dela aitortu du uruguaitarrak. Alabaina, Remirezek uste du bera ikusita ondorengo urteetan gehiago animatuko direla, nahiz eta “gitarra elektrikoa jotzen duten emakumezko gutxi egon”.
Lehen pausoak besterik eman ez baditu ere, arrakasta itzela izan du lehiaketak parte-hartzaileei eta ikusleei dagokienez. Iaz 33 gitarristak eman zuten izena, eta denen artetik Mikel Lazkano zarauztarra gailendu zen. Aurtengoan berrogeita hamahiru izan dira Urrezko Puan parte hartzeko hautatuak, eta horien ekarpenak irailaren 22tik aurrera asteazken iluntzetan Leize Gorrian bertan ikusi ahal izan dira.
Originaltasunaren eta sormenaren bila
Gitarrista amateur orori irekia izanik ere, izena eman zuten musikari guztien artean aurre aukeraketa bat egin zuten; teknikoki zein digitalki originaltasun ukituarekin jotzea da ezarri zitzaien baldintza bakarra. “Munduko gitarrista on gehienak autodidaktak izan dira, ez gitarrista teknikoak”, Biurrunen arabera, eta horrenbestez, “errendimendu artistikoa bilatzen” dutela gaineratu du. Bilatzen hasi, eta baita topatu ere; parte-hartzaileak oro har sortzaileak izaten ari direla baieztatu du, nahiz eta onartu baten bat eredu estandarrei jarraitzen ahalegindu dela. “Eric Claptonek edo Steve Vaik bezala jo nahi dute batzuek, baina norberak bere modura jo behar du, artean ezinbestean bide pertsonala egin behar baita”.
Bakarrik, taldearen laguntzarekin, edo Leize Gorriko Jam saioetako musikariak alboan dituela gauzatu ahal dute parte-hartzaileek zuzenekoa, eta, hala nahi izanez gero, baita ahotsaren laguntzaz ere, mugak ez baitira ongi etorriak musikaren leizean. Blues-a, R&B-a, soula, funkya, hard rocka, pop latinoa... Estilo horiek denek dute lekua lehiaketan, eta horiek lantzen gitarrista gazte ugari ari da Che Guevararen argazki handi baten begiradapean: “Batez beste hogeita bost urteko gizonezkoak hurbildu zaizkigu; halere, berrogeita hamar urteko gitarrista bat eta hamahiru urteko beste bat ere izan ditugu”. Paul del Olmo Aldasoro donostiarra da azken hori. Duela bi urte hasi zen gitarra jotzen eta bere irakasleak animaturik eman zuen lehiaketan izena: “Jendaurrean jotzeko aukera ona zela pentsatu eta baiezkoa eman nuen”. Pappo taldearen El Tren de las 16 abestia aurkeztu zuen, eta bere ausardia goraipatzeko, hain justu, sari berezi bat eman diote.
Gipuzkoako hiriburutik ez ezik, Euskal Herriko txoko ugaritatik etorri dira Urrezko Puako gitarristak, eta kasuren batean baita Ingalaterratik ere. Lehiaketa nazioartekoa egin nahi dute Leize Gorriko kideek, baina sariren bat Donostian gera dadila desioa dutela ere aitortu dute.
Abenduaren 12an finala Gazteszenan
Gitarrista horiek neurtzeko ardura dute Urrezko Puaren epaimahaikideek; Eduardo Baranzano (Donostiako kontserbatorioa), Alejandro Espinosa (Musical 72 eta Aula Espinosako irakaslea), Jose Ramon Lorenzo (Pasaia Musikaleko irakaslea) eta Julio Biurrun bera (Biurrun Akademia Goi Mailako Musika Eskolako zuzendaria) aritzen dira egiteko horretan. Teknika, digitazioa, adierazpena eta eszenaratzea dira Donostiako musika irakasle horiek aintzat hartzen dituzten alderdiak, baina bereziki orijinaltasuna eta sormena baloratzen dituzte. Hori dela-eta musika sorkuntzari dagokion saria txertatu dute. Dena den, goraipamen nagusia lehenbiziko saria izanen da; leku pribilegiatu hori bere egiten duenak trukean Xabier Uribe artista donostiarrak diseinaturiko Urrezko Pua –hemezortzi kilateko urre trinkoa– eskuratuko du, bigarrenak zilarrezkoa eta hirugarrenak brontzezkoa. Gainera, Musical 72n musika instrumentuak eskuratzeko eta finalista gelditu direnek Leize Gorria Urrezko Pua 2009 diskoan parte hartzeko parada ere izango dute. “Parte-hartzaileen maila oso ona da, eta ez dut uste finalera iritsiko naizenik”, dio Paul del Olmo gitarrista gazteak. Halere, bere buruarekin oso pozik geratu dela baieztatu du, eta gerora ere, tankera honetako lehiaketetara aurkezteko aukera izango duela.
Abenduaren 12an izango da gitarrista onenaren izena publiko egingo den eguna. “Iaz San Martin merkatal zentroaren hallean izan zen finala, eta 600-700 pertsona hurbildu ziren. Aurten, baina, parte-hartzaileak ere gehiago direnez eta Urrezko Puaren izendapenak gero eta jarraitzaile gehiago dituenez, finala Egia auzoko Gazteszenan egitea erabaki dugu”.
Lehiaketa Donostian eta gitarristen artean bere lekua egiten ari dela dudarik ez dago antolatzailearen irudiko. “Kaleko jaialdi bat izatera iritsiko da Jazzaldiaren antzera, eta harekin zuzenean lehiatuko da”. Datorren udari begira, Donostia Gitarraren Hiriburua izeneko lehiaketa abiarazteko asmoa dute, akademia, kontserbatorio eta musika irakasle guztien ekarpenarekin. Anbizioz beterik daude; “lehenik amesten da eta gero bihurtzen da ametsa errealitate”. Ikasgai polita Biurrun familiarena.