argia.eus
INPRIMATU
Sukaldeko
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Apalean, telefunkaren gainean egoten zen irakurgai. “Joxemaritxo nola kantatu behar dira bertsook?” galdetuko zizun amak. Aitonarengandik jasotakoak buruan dantzan, neurria topatu arte. Fraileak komertzial saiatuak ziren atez atekotan elizak zituen bezero gatibuak bisitatzen, galtzerdirik gabeko sandaliak oinetako. Eta argazkiak albumetan nola, aldizkariak metatu, kronologikoki antolatu eta auzoko inprentan enkoadernatzera eramango genituen geroaren sarbide. Ia-ia irakurle adina erosle zituen orduan. Aroa aldatu zaigu. Oraingoak bere modernoan ez du bezero gatiburik, sukaldeko eroslerik, atez ateko fraile komertzialik. Oraingoak mundu normalizatuan dihardu profesionalki, irakurleak erosle bilakatu ezinik subentzioen gatibu. Sukaldea galdu du, salako liburutegia irabaziz, inoiz irekitzen ez diren plazoka erositako bildumen ondoan kieto, kolorezko kutxez apaingarri. PCa du lehiakor, telefonoa fraile eta operatzailea eliza. Aroa aldatu zaio, orain ez du zuzendaritzarako bere hizkuntzan lan egingo ez duen urruneko kazetari tituluduna bilatu beharrik argia ikusteko. Mundu normalizatuan bizi da. Klandestinitatean kieto, irakurleak erosle noiz bilakatuko zain subentzioa gari.