argia.eus
INPRIMATU
Jolastea da...
  • Debekatua ez dena derrigortua da, eta derrigortua ez dena debekatua, guk egindako munduan. Jolastea debekatzen duen munduan. Bilboko parke batean irakurri nuen: “Prohibido Jugar”.

    I

    Jolastea da eskutik heldu
    ta hankak paseatzea,
    jolastea da pareta hizkitan
    irakurtzen saiatzea,
    jolastea da ziba askatu
    ta zeba ahoskatzea...
    Noren ideia izan da ama
    jolasa debekatzea?
Amets Arzallus 2009ko azaroaren 18a
Amets Arzallus
Amets ArzallusXDZ
II
Jolastea da zilipurdika
lurrak kordea galtzea,
jolastea da adar batetik
hankak zintzilikatzea,
jolastea da pixerreketan
parkeak nabigatzea...
Ta kremaillera trabatu bat da
jolasa debekatzea.

III
Jolastea da denbora-pasa
ordularia galtzea,
jolastea da enbor batean
zirkuluak kontatzea,
jolastea da kabira igo
eta kuku kantatzea...
Ta masailean hatz marka bat da
jolasa debekatzea.

IV
Jolastea da oherakoan
ilargia itzaltzea,
jolastea da pijama jantzi
ta ametsak esnatzea,
jolastea da kontrabentanan
opari bat zabaltzea,
ta egunsenti lapurtu bat da
jolasa debekatzea.

V
Jolastea da kulunpioa,
jolastea ohatzea,
jolastea da olatutxoa,
jolastea baratzea,
jolastea da umetokia,
jolastea da etxea...
Adin txikiko kartzela bat da
jolasa debekatzea.

VI
Jolastea da zuhaitz atzean
mundutik ezkutatzea,
jolastea da zapiarekin
betiko eskapatzea...
Eta orduan zer da benetan
jolasa debekatzea?
Zebra bidean agurrik gabe
haur bat abandonatzea.

Doinua: “Haurtxo txikia”.