Ikastolen argazkia osatze bidean

  • 2008-09 ikasturtearen amaiera gazi-gozoa izan zen ikastola mugimenduarentzat. Urtebeteko lanaren ondoren, aspaldiko nahia bete ahal izan zuten: Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba sortzea. Baina erabateko poza izan behar zuena ika-mikak lokaztu zuen. Pixkanaka urak beren onera datozela esan daiteke orain, zenbait arazo konpontzeke dauden arren.
Tolosako Leidor antzokian aurkeztu zituzten Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba berriaren Artezkaritza Batzordea eta Zuzendaritza, irailaren 26an egindako ekitaldian. Organo batean zein bestean, Nafarroako zenbait ordezkari sartzeke daude oraindik.
Joan den ekainean ikastolek burutu zuten berrantolaketa prozesua ez da atzo goizean norbaiti bururatutako zerbait. Urteak dira hala egiteko asmoa zutela, baina ezin izan dute aurten arte gauzatu, hainbat arrazoi direla medio. 90eko hamarkadaren erditik, ikastolen barruan antolamendu-ereduari buruzko eztabaida egon da, eta udan azaleratu ziren liskarrek badute zerikusirik debate historiko horrekin. Baina ez da arrazoi bakarra, ezta gutxiago ere: antolamenduak garrantzia dauka, baina botere banaketak ere bai. Ardura-karguetan zein pertsona dauden, uler bedi.

Ekainaren 13an Zamudion egindako batzarrean ikastolek erakunde berria sortzea adostu zuten, bai gehiengo zabalaz adostu ere. Izen ofiziala Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba izango du, baina egunerokotasunean jarduteko marka laburragoa erabiliko dute: Euskal Herriko Ikastolak. Ez zen hura izan han hartutako erabaki bakarra. Elkarte berria sortzeaz gain, elkarte horrek datozen urteetan izango dituen zereginak ere finkatu ziren.

Zamudioko batzarrean lau gairi buruzko bozketa egin zen, eta hirutan ia erabateko adostasuna izan zen, aldeko botoen kopurua %98tik gorakoa izan baitzen. Honenbestez, orain dela lau hamarkada sortu zirenetik lehenbiziko aldiz, Euskal Herriko ikastola guztiak entitate juridiko bakarrean bilduta egongo dira. Bost lurraldeetako federazioek –Iparraldea lurralde bakartzat hartuz– osatutako konfederazioa erakunde bakarra zen de facto, baina ez legearen aurrean. Bestalde, erakunde berria kooperatiba da; horrek esan nahi du ikastola bakoitza izango dela bertan bazkide, federazioen bitartekaritzarik gabe.

Zamudion egindako laugarren bozketak elkarte berriaren estatutuei oniritzia ematea zuen helburu, eta hor ere aise gailendu zen baiezkoa: %80. Hala ere, beste %20 hori aski arrakala handia izan zen hurrengo asteetan hedabideen bidez jarraitu ahal izan genuen adierazpen uholdeari pasatzen uzteko. Besteak beste, Nafarroako ikastola gehienek ezezko bozka eman zutelako.
Batzarra egin eta egun batzuetara, ikastolen mugimenduan goi-karguak izan dituzten zenbait pertsonak –Antonio Campos, Xabier Azanza edo Jose Ramon Zubizarreta, batzuk aipatzearren– eskutitz bat igorri zuten Deia egunkarira. Besteak beste, esan zuten ikastolen kooperatiba berriaren estatutuak ez zirela onartuak izan Zamudioko batzarrean, eta Ikastolen Konfederazioko lehendakaritzari leporatu zioten hori hedabideei ezkutatu izana. Eman zuten argudioa zen Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) ezezkoa eman ziela estatutu horiei –zehazki, nafar ikastolen %82k bozkatu zuen kontra–, eta ikastolen barne-araudiaren arabera nahitaezkoa dela federazio guztiek aldeko botoa ematea Asanblada Orokorrak zerbait onartzeko. Koldo Tellituk –lehen Ikastolen Konfederazioko presidente, eta orain Europar Kooperatibarena– erantzun zien Zamudiokoa ez zela Asanblada Orokorra izan, Ikastolen Batzarra baizik, eta horietan erabakiak ikastola guztien gehiengoz hartzen direla. Ekitaldiaren prestatze-fasean Konfederazioak ikastoletara igorritako dokumentazioan behatu ahal izan dugunez, zuzenak dira Tellituren azalpenak.

Nafarrak momentuz kanpoan

Nondik zetorren nafarren desadostasuna? Itxura guztien arabera, eta horretan bat datoz liskar honetako alde biak, ekainaren 13aren aurreko azken egunetan okertu ziren gauzak, maiatza erdira arte behintzat prozesua ezin hobeto baitzihoan. Aldez aurretik onartutako prozedurari jarraituz, lurralde bakoitzean hiru ikastola aukeratu ziren, aho batez, Europar Kooperatibaren lehenengo Artezkaritza Batzordea osa zezaten. Zamudioko ekitaldian bertan, ikastola horiek gauzatu zuten kooperatibaren sortze-ekimena, baina ez ziren aurreikusitako hamabostak izan, Nafarroako hiruretatik bakarra sartu zelako. Beste biek, prozesua gauzatzeko moduarekin desadostasunak zirela-eta, kanpoan gelditzea deliberatu zuten, eta kanpoan jarraitzen dute gaur.

Esan behar da, prozedura behar bezala ulertze aldera, aurrena ikastola bakoitzak kooperatibako kide izan nahi duen ala ez erabaki behar duela. Ekainaren 13a baino lehenago gutxik zeukaten urrats hori emana; horien artetik aukeratu zituzten gerora elkarte berriaren fundatzaileak izango zirenak. Gaur egun, Euskal Herriko ikastolen erdiak baino gehiagok onartu du kooperatibaren kide izatea, eta oraingoz bakar batek ere ez du ezetz esan. Hori bai, prozesua izoztuta dago Nafarroan.
Kooperatiba berria eratzeaz arduratuko ziren ikastolak aukeratu ahala, Nafarroan desadostasuna sortu zen. Nolabait esatearren, ikastola nafar gehienei ez zitzaien gustatu eratzear zegoen Artezkaritza Batzordearen “kolorea”. Antonio Campos Ikastolen Konfederazioko presidente ohiak Argiari egindako adierazpenen arabera, “hasieran aukeratu ziren hamabi ikastola horietatik, ez dut esango denek, baina bai gehienek, argi eta garbi presidentearen esanak beteko dituzte; eta tira, horrela egin behar bazen, egin behar zen, baina horrek bazeukan behin-behineko izatea. Baina ez, bat-batean erabaki potoloak hartzen hasi dira; zuzendaritza izendatzea, besteak beste”. Camposi susmo txarra eragiten dio gauzak presaka egin izanak, gutxienez ikastola guztiak kooperatibako kide izan arte itxaron gabe. Uste horrek berak gidatu zituen nafarren pausoak. Prozesua azkarregi egiten ari zelakoan –eta Artezkaritzaren konposaketa beren gustukoa ez zela izango jabetutakoan–, mahai gainean jarri zuten erritmoa moteltzeko eskaria.

Filosofia bi aurrez aurre

Gauzak horrela, ekainaren 13ko batzarrerako emendakin bat aurkeztu zuten Nafarroako ikastola batzuek.  Koldo Tellituk zuzendari kargurako izen berriak proposatuko zituela jakitun, nafarrek eskatu zuten ordura arte Ikastolen Konfederazioan egondako Artezkaritza nahiz Zuzendaritzaren konposaketa beste hiru urtez mantentzeko, denbora tarte horretan haiek eraman zezaten kooperatiba berriaren lema. Batzarrak ez zuen emendakina onartu, eta horrek eragin zuen nafar gehienek estatutuen aurkako botoa ematea.

Honenbestez, ika-mikaren iturria ikastoletako ardurak banatzean erabilitako prozedura litzateke. Baina oso bestelako iritzia bildu dugu ikastolen zuzendaritzatik oso hurbil dagoen ahots batetik (bere izena ez aipatzeko eskatu digu). Haren ustetan, kontuok aitzakia hutsa dira eta horren froga da udan haizatutako argudioak berez itzaltzen joan direla, banan-banan. “Honen atzean dagoen arazoa da erakundearen egitura berriak ez diela mesede egiten nafarrei, honezkero ez delako beharrezkoa federazio guztien kontsentsuz hartzea erabakiak; ikastola bakoitzak bere ahotsa izango du”. Federazio guztiek erabakiak aho batez hartu behar izate horrek ahalbidetu die nafarrei iraganean beto eskubidea gauzatzea, iturri beraren hitzetan.

Hasieran esan dugunez, ikastolen funtzionamendu-ereduari buruzko eztabaida bizi-bizi egon da azken hamabost urteetan. Kooperatiba gailendu da, bistan dena, eta haren aldekoen iritziz beti ere, nafarrek beste eredu bat defendatzen dute. Hain zuzen, orain arte indarrean egon dena, non federazio bakoitzak botere handia zeukan. Azken buruan, filosofia bi daude antolatzeko modu desberdin horien atzean, kooperatibako zuzendaritzatik adierazi digutenez. Bataren arabera, ikastolek eragile sozialak izan behar dute batez ere, eta besteak, berriz, zerbitzu-enpresen frankizia modura ikusten ditu. Lehenengoa atera da garaile.

Bitxia bada ere, nafarrak dira behin ere gai honi buruzko adierazpen publikorik egin ez duten alde bakarra. Eta hala segitzen dute. Euskal Herriko Ikastolak erakunde berriaren Artezkaritzak zein Zuzendaritzak jarrera bera agertu dute uda ondotik, nafarrekin adostuta. Diotenez, aurrera begiratzeko garaia da, eta bestalde, ekaineko desadostasunak ia gainditutzat eman daitezkeela adierazi dute behin eta berriz. Nafarrek, ekaineko gertakariak eta gero erabaki zuten hedabideen aurrean mutu egotea, “haustura handiago bilaka ez zedin”, nahiz eta herrialdeko ikastolen erdiek prentsan salatu nahi zuten Konfederazioaren jarrera. Ez da hala izan, eta gaur egun hiru puntuko adierazpen laburra besterik ez dute agertzen kazetarien aurrean. Guk Pello Mariñelarena federazioko zuzendariaren ahotik jaso dugu: “Batetik, une hau ez da aproposena Nafarroako ikastolak kooperatiba berriaren bazkide bihurtzeko. Bigarrenik, Nafarroako ikastolak zubiak eraikitzeko lanean dihardugu, diferentziak gainditzeko asmoz. Eta azkenik, Nafarroako ikastolok oso garbi daukagu gure marko naturala Euskal Herriko ikastolak direla, eta hori, gaur egun, Europar Kooperatiba da, lehen Ikastolen Konfederazioa zen bezala”. Kontsultatutako ia iturri guztiak bat datoz konponketa hurbil dela. Euskal Herriko Ikastolentzat, “iraganeko kontuak dira hauek”. Prozesua blokeatuta dago Nafarroan, baina ez luzerako, haiei kasu egitera.

Zertarako orduan hainbesteko zalaparta? Seguruenik, liskar hauek ez zuketen hain oihartzun handia izango ezker abertzalearen mamua agertu ez balitz. Baina agertu egin zen. Hedabideetara filtratutako txosten bat medio, aipatutako desadostasunak ezker abertzalearen estrategia batekin lotu ziren. Zehazki, ezker abertzaleak ikastolen ildoa zuzentzeko estrategia baten aurreko erreakzioa izango zatekeen nafarrena, hala nola lehenago aipatu dugun Antonio Campos eta gainerako kargu ohien gutuna. Koldo Tellituk horri buruzko esplikazioak eman zituen komunikabideen aurrean, uztailean. Ikastoletan pentsamolde guztietako jendea dagoela gogorarazi zuen, eta batez ere azpimarratu egin zuen filtratutako txosten hartan ezker abertzaleak egindako proposamenak ez direla gauzatu ikastolen geroko bilakabidean. Gaurdaino, inork ere ez du pisuzko argudio bakar bat ere eman teoria hori sustengatzeko, zenbait karguk –esaterako, LABeko abokatua den Tellituk berak– ezker abertzalearekin duten lotura ez bada. Ezin daiteke esan ez filosofian, ez pedagogia-ildoetan, ez bestelako arloetan, ikastolak ezker abertzalearen nahietara makurtu direnik.

Ikastolen Etxean ondoeza

Zuzendaritza berriko pedagogia arduraduna Abel Ariznabarreta da, Anjeles Iztueta EAEko Hezkuntza sailburu zenean, haren lantaldean ibilitako gizona. Ikastolen mugimenduaren kanpotik dator, eta hura izendatu izanak ere hautsak harrotu ditu. Ekainean sortutako polemikaren beste adarra aipatzera garamatza honek, nafarrena ez baita auzi bakarra izan. Antza, haiek baino minduago suertatu dira prozesu honetan Ikastolen Etxeko –Gipuzkoako Federazioaren egoitza– langileak. Urteetan, eta pedagogiaren arloan batik bat, ikastolak hezkuntza munduan erreferentzia bihurtzea lortu duten profesionalak dabiltza hor, eta orain baztertuta sentitzen dira. Ezin dugu askoz gehiago esan honi buruz, Euskal Herriko Ikastolen isiltasunari Ikastolen Etxeko ordezkariena gehitzen zaiolako, momentua kritikoa dela onartu diguten arren. Afera hau ere konpontzeko bidean egon litekeela esan digu ikastolen munduko iturri batek, baina hori horrela denik ez da nafarren kasuan bezain ziurra. n

Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


Eguneraketa berriak daude