Hendaiatik abiatu gara goizeko zazpietan. Bizkaiko golkotik Liongo golkora (Golf del Leon) etorri gara, Mediterraneoaren ertzera: Akitaniatik Languedoc-Roussilon-era. Okzitania zeharkatu dugu bost ordu eskasean. Filipe Bidart militante politiko historikoa zain dugu Besièrsen (Hérault Departamendua,
ikus mapa). Eguraldi bikainak bidaia erraztu digu. Pirinioen abarora heldu gara. Mediterraneoko argia zerumugan ageri denean, Tramontanak diosala egin digu. Besièrseko La Cimaden hartu gaitu Filipe Bidartek, txapela buruan duela: “Aise zaigu nor zaren ohartzea” erran diogu. “Zuek berriz nor zirezte?”. “Egia! Hau Dani Blanco duzu, Argiako argazkilaria. Ni Mikel. Barka!”. Gure irri-karkailek Filipe Bidarten lankideen arreta bereganatu dute. Pertsona txiki handi baten aitzinean gaude inondik ere.
Euskal Herrira begira
Plaza Nagusiko ostatu batean eseri gara bazkatzera, iraganaz eta orainaz eleka: “Zazpi urte eman nituen sasian. Hemeretzi urte preso. Eta bi urte eta erdi dira Biterrin nagoela”. Besièrs Biterri da Filiperentzat. Biterri darabil bere eletan. Interneteko bere posta helbidea Filipe Biterri da: “Presondegian Euskal Herriko bizitzatik moztua izan nintzen hein handi batean. Hona jin ondoren bizitza errazagoa da, bistan da. Hemengo jendearekin, familia eta lagunekin harremanak atxikitzea aiseago da. Gainera, Internet deskubritu dut. Mundu bat da, tresna izugarria. Kasik zuzenean segitzen dituzu munduko gertakariak”. Alaia da baigorriarra, pertsona hurbilerraza.
Filipe Bidart Iparretarrak (IK) erakunde armatuaren buruzagitzat jo zuen Frantziako poliziak 1980ko hamarkadan. 1981ean sartu zen sasian. Bere egungo egoera juridikoaz galdetu diogu: “Ez naiz konfinatua. Hogeitahiru departamenduetan ibiltzea debekatuta daukat. Ez naiz Estatuko mugetara hurbiltzen ahal. Jujearekin hitzordua daukat bi astetarik behin. Debekatuak ditudan departamenduetara joan nahi badut galdea egin behar diot jujeari. Parisko epaile nagusiak hartzen du erabakia. Prozedura luze-luzea da. Baldintzapeko askatasunean nago-eta”.
Euskal presoentzat –edota preso berezientzat–
Antiterroriste jurisdikzio berezia dago. Dosier politikoak sakon aztertuak izaten dira. Eskaera niminoenak helegite franko behar izaten du, finean Parisko epaileak erabakia hartzeko: “Funtsean Parisko epaileak politikarien nahiaren arabera hartzen du erabakia” diosku Bidartek ironia apur batekin.
Baigorrin behin azken 20 urteetan
Debekatutako hogeitahiru departamenduak Paris eta Euskal Herriaren ingurukoak dira gehienak. Pirinioetako guztiak. Lyon, Marseilla, Toulon, Niza eta Grenoble hiriak, baita Kortsika ere: “Hiri nagusiak eta mugako departamenduak gotorlekuak dira”. Atsegina da Filipe Bidart. Emeki-emeki jaten du. Plazera ematen dizu bera jaten ikusteak. Ezari-ezarian mintzo da. Ahots sendoa du. Itzalean iragandako urteen arrastoa ageri zaio bisaian. Horietako bi bakartasunean pasa zituen.
Bakartasunaz bi hitz (Txalaparta) liburuan agertu zuen bizitakoa. Begiratu bizia du alta. Gizon txiki honek poliziari sorrarazitako buruhausteak heldu zaizkigu burura. Hura jazarpena! Gezurra dirudi.
Hogei urteotan behin baino ez da Euskal Herrian izan. Babi anaia ikustera joan zen, hura hiltzorian zela: “2003an joan nintzen anaia ikustera. Bi orenez egon nintzen. Baimena ukatu zidaten, baina jendea mugiarazi genuen. Politikariek eman zuten baietza azkenik. Politikariek ez dute maite jendeak bazterrak mugiaraztea”.
Bidaiako pasadizoak gogorarazi dizkigu: “Senideek eta funtzionarioek bazekiten bisitaz joanen nintzela. Politikoek erabakia hartu zuten –hor ageri da epaileen independentzia–, baina erabakiaren berria jujeak eman behar zuen”. Asteburu hartan epailea ez zen agertu espetxean eta Bidartek astelehenean joan behar zuen Baigorrira. Afaria garaiz ematen dute eta ateak goiz ixten kartzelan: “Ateak itxi zituzten eta ni zain gelditu nintzen. Arratsaldeko zazpietan heldu zen zuzendaria erranez: ‘epailea heldu da baimenarekin. Pusken bila joan behar duzu’. Zuzendaria urduri zegoen. Jujea gaztea zen, hura ere beldurrak airean. Jujea hasi zen zinema egiten ‘onartzen dugu, baina baldintza gogorretan joanen zira’. Nik ez nion fitsik erraiten. Ene baitarako ‘hara segi zinema egiten’ pentsatu nuen. ‘Baldintza zorrotzak ukanen dituzu’ behin eta berriz entzun behar nuen, azkenik erran nion: ‘Badut joaterik, bai edo ez?’. Zuzendariak teman segitu zuen: ‘Hitz ematen diguzu ez dela erasorik izanen. Bizkartzainek ez dutela bizia arriskatzen. Jendea ez dela herrian manifestatuko...’”.
“Zuek ezagutzen dituzue euskaldunak? Ez. Ageri da, to! Are, hitza ematen dizuet”, esan zien Bidartek. Beldur ziren, jujea eta zuzendaria. Zerbait gertatuz gero, gertatua beren gainean eroriko zelako, eta ez politikoen gainean.
Euskal Herrira eramateko alimaleko segurtasun neurriak muntatua zituzten. Furgoiaren barneko zelda itxi batean ekarri zuten. Jendarmez inguraturik. Zangoak eta eskuak lotuak, gakotua. Presoak ez zituen herria ez Baigorriko paisajea ikusi ere.
Euskal Herrira joatea
Filipe Bidart euskal kausaren sinboloa da. Hainbatentzako mitoa. Clairvaux kartzelan 13 urtez egon zen. La Santé eta Fleury Merogis ere ezagutu zituen. Euskal Herrira joateko baimena erdiestea garaipena litzateke: “Beti ukatu didate baimena, egun batentzat ere ez didate eman”. Nafarroako historiari buruzko hitzaldi baten karietara gonbidatu dute aurten Bidarrain. Hori ere ukatu diote. Guk kitzikatu dugu alta. “Orain ‘libre’ egonez ez al zaitu Euskal Herrira joateak tentatzen?”: “Debekua urratzen badut, hamabost urteko presondegia arriskatzen dut”. Filipek betiereko (
Á perpetuité) bi kondena dauzka. Hogei urteko zigorra, bestalde.
Baldintzapeko askatasun egoeraz mintzatu gara: “Baldintzapeko baimenarekin ateratzeko, galde egin behar duzu. Baimena ez dator berez. Bizitza osorako zaude barnean. Nik galdatzeko eskubidea ukan bezain laster galdatu nuen. Ez nuen lehen aldikoz baietza ukan, bistan da. Askatasuna lau urteren ondoren ukan nuen”.
ETAko kide batzuk ere betiereko preso daude Frantziako Estatuan. Frantses nazionalitatea dute hauek: “Hegoaldetik heldu direnek ez dute ulertzen Frantziako presondegiaren sistema. Justizia eta zigor sistema ez dira Espainian bezala. Nik esplikatu ondoren, preso kideek ulertu zuten.
Perpetuité dutenek ez dute beste biderik, atera nahi badute”.
Gaia eztabaidatua izan da luzaz. IKko kide ohiak honela ebatzi du: “Nik ez dut ulertzen eztabaida hori. Xantza baldin badago ateratzeko baliatu behar duzu”. Iparraldeko preso batzuek betiereko kondena dute, ETAko kideak izateaz akusatuak: “Zalantzan izan direnek nik eman nuen urratsa eman dutela jakin dut. Ez da beste hauturik. Edo bai. Presondegian betirako egotea. Ez dakit zein interesa dagoen jarrera horretan. Batzuek nahiago dute zigorrari buru egitea, baina betiereko zigorra dutenak, galde egin gabe, ez dira inoiz aterako”.
ETAkoak eta IK-koak espetxean
Presoen arteko harremanez segitu dugu eleketan: “Hegoaldeko preso andana ezagutu dut eta beti ontsa joan da. Harremanak pertsonalak dira. Horrek egiten du indarra barruan. Presondegian ez dago ETAkoak edo IK-koak izatea, denok gara euskal presoak eta elkar atxikitzen dugu”. ETA eta IKren arteko ezberdintasunak izan ziren iraganean: “Egun ere badira belaunaldi berriko preso gazteekin, baina desberdintasunez gainetik, gure printzipioak baliatu ditugu administrazioaren arauei aitzi egiteko”.
IK iraganean gogor kritikatua izan zela gogoratu diot Bidarti, baita ETAren aldetik ere: “IKren, borroka armatuaren eta bortizkeriaren kontrako kritikak izan ziren, bai. Kritikak IKren sorreratik beretik izan ziren, eta handienak abertzaleen aldetik heldu zitzaizkigun. Alabaina, presondegian ETAko buruzagiak gurutzatu ditut eta ‘beharbada akats bat egin genuen. Egun ez genuen berdin eginen’ aitortu zidaten. Geroago onartze gisako bat ukan dugu, nik uste”.
Ur gutxi ote zegoen arrain askorentzat adierazi diogu: “Alta, borroka garai bizi-bizian, Iparraldea gai izan zen Hegoaldeko borrokalariak eta Iparraldekoak aterbetzeko. Ur gutxi naski, Iparraldea txikia delakoz, baina sostengu anitz izan zen. Askorendako borrokalaria hango edo hemengo izatea berdin zen. Denok hein berean hartuak izan gara”.
Iraganeko pasadizoak biziarazi ditugu: “Euskal Herrian arrisku gutxiago genuen, nahiz eta eremu mugatuago eta txakur gehiago izan inguruan. Nahiz eta poliziek uste zuten dena kontrolatzen zutela, gu arrainak uretan bezala ibiltzen ginen. Iparraldetik ateratzean [Pirinioetako eta Landesetako Leongo oldartzeak gogorazi ditu] nekezago ibiltzen ginen”.
Frantses poliziak sekulako propaganda egin zuen orduan jendea izuarazteko: “Poliziak bere xedeak lortu zituen nolabait, baina guk sostengu handia ukan genuen. Abertzale ez ziren zenbaitek ere laguntza ekarri ziguten”.
IK bere heinean aritu zen
“IK-k borroka armatuaren heina mugatzeko hautu egin zuen. Guk bagenekien politikoki beste maila batean jokatzeak ez zuela deus ekarriko”. IK-k Lizarra-Garaziko Akordioarekin batera egin zuen hautuaz solastatu gara luzaz.
IK-k borroka armatua mugatu zuela argitzen dituen gertakariak azaldu dizkigu: “Jendarmeriak gu atxilotzeko kanpaina izugarria burutu zuen 1990an. Polizia buru Saenz kapitaina zen. Berak arrastatu gintuen. Saenzek IK hastapenetik hartu zuen serioski, barne-barnetik aztertu zuen fenomenoa. Ahaide euskaldunak ditu Saenzek”.
Jendarmeriako Saenz kapitaina Filipe Bidarten aurkako epaiketan lekuko izan zen: “Saenzek ‘ni erdi euskalduna naiz, eta beraz, euskal arazoa erdizka ulertzen dut’ erran zuen. To, bada zerbait pentsatu nuen. Alegia, Saenzek bazuen IK-ko kideendako errespetua, Euskal Herria ezagutzen zuen eta IK ere bai. Nahiz eta gure egiteko manerarekin gizartearen gehiengoa ados ez izan, euskal militante eta pertsonak bezala onartuak ginela erran zuen Saenzek. Ez ginela tribunalak argudiatzen zuen bezala ‘terroristak’, erran zuen nolabait”.
Areago, Saenzek bazekiela IK-k informazioa eta ahalmen gehiago zituela poliziaren aurka jotzeko, baita bere aurka ere. IK gauza zela bera akabatzeko, baina talde armatuak zeregina mugatu zuela erran zuen. Kalapita handia izan zen aretoan.
Mauleko Jendarmeriako Saenz kapitaina halaxe mintzatu zen auzi hartan. Baina azkar isilarazi zuten. Ez zuten halako lekukotasunik espero. Saenz Mauletik Bordelera lekutu zuten laster.
"Ez nuen pentsatzen okzitandar kontzientzia bizirik zegoenik"
Filipe Bidartek espetxetik atera ondorengo bost urteotan debekatuta dauka Euskal Herrira etortzea. Baldintzapeko askatasun agindua zazpi urterako dauka. Bi urte eta erdi joan dira “askatasuna” erdietsi zuenetik. Iheslariez eta errefuxiatuez arduratzen den La Cimade erakundean (www.lacimade.org)' lan egiten du.
Languedoc Roussillon-en gaude, Biterri herrian: “Lagun okzitandar batek ‘Ba al dakizu Besièrs-en izen zaharra zein den?’ erran zidan. Ez. ‘Biterri’. Baia? ‘Euskaratik heldu da’. Erromatarrek hartu omen zuten euskaratik. Bitarra edo biterra deitzen zuten herri hau. Biztanleak berriz les biterroak ziren. Batzuek latinetik heldu dela diote, beste batzuek euskaratik. Bite bide hori ote den!?”.
La Cimade dugu mintzagai: “Baldintzapeko askatasuna galdatzen delarik, lanpostua eta egoitza bilatu behar dituzu. Zuhaurek landu behar duzu proiektua, administrazioak ez dizu deus ematen”.
La Cimade ez da Filipe Bidarten lehenbiziko proiektua, bigarrena da. Bere lehenbiziko nahia Montpelierreko Bibliotekan lan egitea izan zen, baina ukatu zioten. Urte bat itxaron behar izan zuen bigarren proiektua aurkezteko: “Montpelierreko lagunen bidez erdietsi nuen Cimadeko lanpostua. Onartu ninduten, jakinez nor nintzen”. La Cimade eskualdeka egituratua da. Parisen du egitura eta egoitza nagusia. “Monpelierreko zuzendaritzakoek Parisekoei proposatu zioten eta ene galdea onartu zuen Cimadek. Banekien ene kandidatura eztabaidatua izanen zela. Alta, nihaurek nahi nuen ‘
curriculum terroriste’ delako hori eztabaidatu. Eztabaidatu eta aho batez onartu zuten. Argiki hartu zuten erabakia. Izan ere, presondegitik atera nintzelarik ene aurkako kanpaina izugarria egin zuten hedabideek”.
La Cimade 1939an sortu zen. 70. urteburua bete du aurten. Alemaniatik eta Hitlerren nazismotik ihes egiten zutenen laguntzeko sortu zen: “II. Mundu Gerra hasi aitzin, frantsesek ehun mila jende inguru lekutu zuten Alsaziatik. Frentearen gune nagusia han izan zen. Frantsesen ustez, harresia ezin gainditua zen. Harresia, horma izugarria, mugetan baino honatago altxatu zuten, mugaren eta harresiaren arteko lurra hustuz. Alsazia hustu zuten. Populu hura aterbetzeko sortu zen Cimade”.
Cimade: iheslarien berme
Iheslarien eskubideak bermatzen dituzte La Cimade-koek. Zazpi lagun ari dira: “Denok egiten dugu denetarik. Etorkinen dosierrak apailatzen ditugu eta familiaz arduratu: frantsesa erakutsiz, haurrak eskolatzen lagunduz. Berriki heldu diren iheslariendako lehentasuna OFFRAri asiloa eskatzea da. Errefuxiatuaren Estatutua ukaiten badute, lana xerkatzen lagundu behar zaie. Ondoren, nahitaez utzi behar baitute egoitza”. Europa Ekialdetik heldu dira gehienak: Txetxenia, Armenia, Georgia, Errusiatik batzuk. Afrikako erdialdetik ere bai: Kongo, Txad, Sierra Leonatik...
Bidartek Historia ikasi du espetxe denboran. Biterrin finkatu ondoren bertako historiaz interesatu zen: “Liburuetatik ezagutzen nuen eskualdea. Okzitandar elkarteekin harremanak xerkatu nituen. Ez nuen pentsatzen okzitandar kontzientzia hain bizirik zegoenik. Bistan da, okzitaniera eta okzitandar kontzientzia politikoa itzalpean daude, baina kantua eta dantza tradizionalak atxiki dituzte”.
Plaza Nagusian okzitandar bandera andana dago errenkan. Duela bi urte, plaza honetan 20.000 lagun bildu zen okzitanieraren alde. Aurtengo urriaren 24an Carcassonan antzeko manifestazio izan da: “Okzitania politikoki ez da aitzinatua, baina okzitandar zaleek Parisi begira borroka gisako bat atxikitzen dute kulturari eta historiari buruz”.
Historiari begira jarri gara Bidarteren laguntzaz: “Frantziako Erresumaren meneko izanik ere, okzitandarrek berengaitasuna zuten Erdi Aroan. Tolosako kondea, Foixeko eta Aragoi erresumak izugarriak izan ziren. Okzitanian zibilizazio berezia garatua zen. Frantziako iparraldean ez zen hemen zegoen berezko kulturarik: trobadoren kultura, kantariak eta idazleak... Zinezko kultura bizia. Frantziako iparraldean feudalismoa zen nagusi, hemen jauntxoak nagusi ziren noski, baina herritarren parte-hartzea indartsua zen”.
Kataroak, erlijioa hizpide
1209an gertatu zen. Vatikanoak aitzakia atzeman zuen, kataroen kontra gurutzada egiteko, Aita Sainduak manaturik. Besièrseko jendea bortizki erasotua eta hildako asko izan zen. Populazioa sarraskitua izan zen Elizan.
Bidarten esanetan Erdi Aroan hemengo agintariak Eliza ofizialetik bereiziak zeuden: “Hemengo artzapezpikuak jauntxo indartsuak ziren, beren armada zuten eta erlijioa bizitzeko fede berezia. Fedea bizitzeko beste molde bat garatu zen hemen. Ez da harritzekoa mende batzuk geroago protestantismoa eskualde hauetan sendo garatu izana. Nafarroan ere garatu zen joera hori”.
Jakina, hori guztia ez du Frantziako historia ofizialak kontatzen. Kataroez galdatu diogu jakin minez: “Kataroek Biblia bizitzeko molde berezia zuten. Perfektuak omen ziren. Erlijioa sakonetik bizi zuten. Beren ontasunak pobreei emanez. Ez zuten harreman sexualik. Purutasunean bizi omen ziren. Fedea bizitzeko maneretan ezberdintzen ziren Eliza ofizialetik”.
Eliza ofiziala politikan eta gerran sartua zen, populua zanpatzen zuen aberastasunean murgilduta: “Kataroek fedea bizitzeko manera hori hedatu zuten jauntxoen artean, bereziki Biterrin. Hauek Elizatik bereizten hasi ziren. Hemengo jauntxoek politikoki eta ekonomikoki bergaintasuna hartu zuten. Vatikanoa, bere eragina txipitzen ari zela oharturik, asaldatu zen. Lurralde aberatsa zen eta da hemengoa”. Mahastia eta garia dago nasaiki eskualdean. Lurralde aberatsa zen eta egun ere hala da. Fruitugintza eta baratzekari asko daude.
Iparraldearekiko ekonomiatik bereizi ziren okzitandarrak...: “Frantses erregeek eragina galdu zuten eta jauntxoak beren aldera behartzeko, katarismoa erabili zuten. Erregeek Vatikanoari bendizioa galdatu zioten eta katarismoaren aurkako gurutzada antolatu zuten okzitandarrak menperatzeko. Frantses erregeak zaldun guztiak mobilizatu zituen gurutzada egiteko”. Bidartek dioenez Estatuak behar zituen baldintzak bete zituen Elizaren aitzinean, gurutzadak bere arauak baititu: “Egiten dituzun sarraski guztiak Elizaren bedeinkapenarekin egiten badituzu, salbatua zara. Alegia, erregeek hil zituzten jauntxoen lurrak bereganatu zituzten, legez. Legez eta Jainkoren izenean”.
Okzitandarrak zergatik eta nola izan ziren garaituak azaldu digu zehazki: “Hemengo jauntxoak azkarrak ziren. Biterri harresiz inguratua zen, hartu ezin zuten hiri gotorra zen. Erregea armadarekin jin zen eta hiria setiatu. Haatik, jauntxoak espantuka hasi ziren, harropuzkeriatan. Arratsaldeetan hiritik ateratzen ziren erregea kitzikatzera. Sekulako hutsak egin zituzten...”. Film baten gidoirako ideia franko eman digu gure solaskide prestu eta trebeak.
Biterriko harresietan adioa
Eguzkia abailtzen ari da. Filipe Bidart agurtzeko tenorea heldu zaigu. Presondegitik atera zenean lagunek egin zioten harrera eta festa egun ederra gogoratu ditugu: “Harrigarriena eta pozgarriena nik ezagutu nituen militanteen seme-alabak ikustea izan zen. Nik sasian sartuz geroztik ezagutu nituen batzuk. Haurrak zirenak gazteak dira egun”. Bozkarioa antzeman diogu berriz ere Filiperi begietan. Plaza Nagusitik harresietara goaz, promenan, Biterriko historiaren lekuko diren karriken eta eraikinen artean. Saint Nazaire katedralaren ondoan gaude. Harresiaren behealdean Orb ibai ederra begiztatu dugu. Zerumugan, aldirietan, egin berri duten presondegia seinalatu digu Bidartek: “Hara, lantegi berri bat!” diosku ironiaz. La Cimadera itzuli gara. Autoa hartu dugu. Gizon xumea agurtu dugu. Berriz ere ikusiko garen esperantzaz. Abantzu ilundu du. Egun goxoa pasa dugu inondik ere. Mediterraneotik Bizkaiko golkora gatoz, itzulera garaia da.