Zer egin bideojoko honetan bizirauteko? Soinu banda idatzi?
Sistema produktibo-kontsumista eroan bizi gara, estresa, presio ekonomikoak, autoprogramatutako bideojoko batean bezala. Eta sistema horri alternatiba egitea ia-ia utopikoa da. Sistemaren errua dela esatearekin konformatzen gara, baina nortzuk dira sistemaren ero-gaiztoak? Gu geu al gara? Eta ikuspuntu asko daudenez, momentuz film horren musika egiten saiatzen gara.
Zer ezaugarri derrigor izan behar du Mamba Beaten kantu batek?
Intentsitatea da gehien bilatzen duguna; zoramena ekarriko digun intentsitate emozionala.
Zuen kantuetan ahotsa instrumentu baten pare dago. Mezuak ez du hainbeste axola?
Askok hitzak idatzi eta gero konponketa musikalak egiten dituzte. Guk, aldiz, hasieratik alde instrumentalari nagusitasuna ematen diogu eta hori indartzeko ahotsa erabili, musikak adierazten duena zuzenago komunikatzeko. Mezuari dagokionez, oso irekia da. Ez zaigu gustatzen inori esatea zer egin edo pentsatu behar duen. Sentsazioak planteatu eta musikarekin soluzioak bilatzen lagundu. Testu batean dena adierazten badugu, magia gal daiteke.
Ez dakit euskaldunak dantza egiten iaioak garen... Euskadi Tropikala aldarrikatu beharra dago?
Dantza egitea beti ona da, barre egitea edo sexua bezala. Dantza tropikala, funk-dangoa, errock-meria, house-rreskua... bakoitzak aukera dezala. Indarrak berritzeko dantza oso interesgarria da, eta indarberritzea beharrezkoa Euskal Herriko korapiloak askatzen jarraitzeko.
Zer eman dizue Bilboko San Frantzisko auzoak?
Zabalburu eta San Frantzisko inguruan bizi gara taldekide gehienok eta gero eta mestizaia handiagoa dago, orain dela 20 urte Euskal Herrian pentsaezina zena. Horrek aukera berri ugari sortzen ditu, oso aberasgarria da. Hala, gure musikara kutsu arabiarra, afrikarra, latinoa... eraman dugu.