argia.eus
INPRIMATU
Elitista... ni?
  • Inoiz amaitzen ez den eztabaida horietako bat hasi dute azken best-sellerraren karietara. “Liburu hori ez duk literatura” esan dio batek besteari. Erantzunak eztanda egiteko botoia sakatuko du. “Elitista” hitza aurpegiratu baitio best-sellerraren defendatzaileak lagunari. Gaur egun kulturaz mintzatzean bidezkoa ote da hitz hori erabiltzea, kontuan izanda ia dena inoiz baino eskuragarriago dagoela lehen munduko herritar arruntarentzat?
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko azaroaren 19a
Aristokrata
Ni ez naiz aristokrata
“Ez da existitzen, izatez, diferentziarik maila sozial edo intelektualean, Pounden poesia kontsumitzen duen pertsonaren eta polizia-nobelak irakurtzen dituenaren artean. Gutako bakoitza izan liteke bata edo bestea momentu diferenteetan. Aurreneko kasuan, espezializazio altuko kitzikapena bilatuz; bestean, balio kategoria jakin bat biltzeko gai den entretenimendu mota”. Eztabaidak Umberto Ecoren Apocalittici e integrati liburuan hartu du lur, eta aurreko esaldi hori irakurrita, ematen du elitismo salaketei kontra egin dienak asalto bat irabazi duela. Azken finean, eztabaidan ari dira baina, ez al ziren ba elkarrekin joan eskolara? Ez al dira biak lizentziatuak? Best-seller irakurleak ez luke inola ere esango laguna baino tontoagoa denik. Eta pobreagoa ez da. Gainera, ezagutzen ditu bera baino maila ekonomiko handiagokoak, eta ez zaio iruditzen kultura jasoagoaren jabe direnik. Bere burua konbentzitzen hasi da XIX. mendean baietz, elite aristokratiko txiki baten esku zegoela goi-mailako kultura, baina ez dela hori egungo egoera.

Amore ematekotan dago, baina hurrengo parrafoan begia jarri duenean... “Kontra esan ahalko litzateke, gertatzen denaren eremuan nik goza dezakedala berdin Poundekin edo polizia-nobelarekin; aldiz, C mailako bankuko kontable batek, hainbat motibo tarteko (horietako asko ez erremediorik gabeak, baina egungo egoeran gaindiezinak) polizia-nobelaz bakarrik goza dezakeela, eta beraz kultur arloan ainguratze egoeran dagoela”. Klaro, hasi da pentsatzen, ez da gaitasun edo ikasketa mailaren araberako zerbait izango, baina lagunak, best-sellerrak baztertzen dituen horrek, badauka denbora kulturari eskaintzeko, aukeraketa egiteko, horretan lan egiten du-eta; nik ez. Ez naiz jarriko lanetik neka-neka eginda bueltatzean Horazio irakurtzen. Eta hori nik, gazte samarra izanda hezkuntza pribilegiatua jaso dudan honek. Zer esanik ez erretreta hartzetik hurbil dagoen askok. Ez, ondo egin du lagunari elitismoa leporatzen: ez dago denen esku arte batzuez gozatu ahal izatea. Ez diruagatik agian, baina bai denboragatik. Eta denborak urrea balio du.

Ustezko elitistak badaki zenbat kobratzen duen bere lanagatik; badaki, gutxi gorabehera, lagunaren soldata zein den ere. Eta pentsatu du denbora urrea izango dela, bai; baina urrea, batez ere horixe dela, urrea, bere gordintasun materialean. Ordea, konstruktiboa izate aldera, eta norgehiagokatik ondorioren bat ateratzeko zera esan du: arazo politiko bati buruz ari direla, hezkuntzaren eta lan antolamenduaren bidez alda daitekeena, borondatea izanez gero. Baina bitartean, berak irakurri eta gozatu dezakeela best-seller batekin, normalean bilatzen duenaz bestelako plazera hartu, betiere jakinda zein motatako produktua ari den kontsumitzen. Eta aldiz, best-seller irakurleak zailago daukala gauza sofistikatuagoekin gozatzeko; are gehiago, nobela arin horiek maila handiko produktutzat baldin badauzka –hala saldu badizkiote–, eta kontrakoa dioenari elitismoa leporatuta dena konpontzen badu.

Dena dela, eta horretan bat etorri dira biak, zaila da, geroz eta zailago, mota bateko produktuak eta bestekoak desberdintzen, batez ere euskal kulturan. Ze, erdal merkatuan, saldua eta azkar kontsumitua izateko prestatutako liburua azaletik identifika daiteke: jendeari deika ari da, nola deitzen dien tabernako neoizko argiak bi eztabaidalariei. Aldiz, euskaraz, produkzio txikiagoagatik-edo, argitaletxeek ez dituzte hain argi desberdintzen lan finenak zakarragoetatik. Problema hori, kritikagintza sendo batek konponduko luke kalitate altukoak identifikatuz; edo marketinak, salgarrienak, arinak, kontsumo errazagokoak zein diren argi utziz. Bitartean, makina bat eztabaida izango dituzte bi adiskideek aurrerantzean ere, goizeko ordu txikietara arte, kultura konpontzeko ahalegin hutsalean.