argia.eus
INPRIMATU
Elebitasunaz zirika
Paula Kasares 2013ko maiatzaren 02a
Paula Kasares
Paula KasaresJosu Santesteban
Zirauki Estellerrian dago, Iruñetik 30 kilometrora. 500 bat bizilagun ditu baina aurten herriko eskola itxi behar izan dute. Herri txiki batean bizi denak aski ongi daki eskola ixtea zer galera den herriko bizitzarako eta zer arazo familiendako.

Baina, zergatik itxi dute Ziraukiko eskola? Ez al da aski umerik sortzen herrian? Haur faltaz itxi al dute? Bai, haur faltaz. Baina ez nahikoa umerik ez delako, herriko familia gehienek beren haurrak euskaraz eskolatu nahiago dituztelako baizik. Hori dela eta, 7 kilometrora dagoen Garesko eskolako D eredura eramaten dituzte haurrak.

Nafarroan Hezkuntza Departamentuak herriko eskola bat itxi nahiago izan du bertako familiei hizkuntza hautatzeko eskubidea aitortu baino lehenago. Ziraukikoa ez da kasu bakarra. Antzeko arazoa dute Mendigorria, Artaxoa, Larraga eta hainbat herritako familiek. Horixe da Nafarroako hizkuntza zonifikazioak zilegi egiten duen bidegabekeria.

Baina Ziraukiko eta Nafarroako hainbat gurasok eskatzen dutena ez al da bazter guztietan Estatuko hainbat plataforma, elkarte eta alderdi aldarrikatzen ari direna?

EAEn PSE, PP eta UPyD bat etorri dira irakaskuntzako dekretu berrietan elebitasun berdintzailea ezartzearekin eta Plataforma por la libertad de elección lingüística delakoaren eskakizunak erabat babesten dituzte. Galizian Galicia Bilingüe elkarteak “Dos lenguas, mismos derechos” leloaz eskatzen du gurasoek eskolatzeko hizkuntza hautatzeko eskubidea. Katalunian ere halako mugimendu soziala dago eta “De lenguas, al menos dos” diote Ciutadans-ekoek.

Baina beren aldarrikapenetan ezein momentutan aipatu plataforma, elkarte eta gizarte mugimendu horiek ez dira Nafarroako hainbat familiek hizkuntza hautatzeko duten ezintasunaz oroitu. Ez laguntzarik, ez atxikimendurik, ez aipurik. Txintik ere ez Nafarroan hizkuntza hautatzeko dugun ezinaren gainean.

Bitartean, alderdi politikoak beren kontraesanez gorritu ere ez dira egiten: PP, PSE eta EBk gaztelaniari eta euskarari tratu bera ematea aldarrikatzen dute EAEn, eta Nafarroan, aldiz, UPN, PSN, NEB eta PP kontrakoan ari dira temati.

Hizkuntzen arteko parekotasuna aldarrikatzen duenak, beti eta edonon egiten ez duten bitartean, sinesgarritasun gutxi merezi du. Nik neuk, euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasun aldarrikapenaren azpian Estatuko hizkuntzari bere nagusitasuna bermatzeko ahalegin estaliak baino ez ditut ikusten.