argia.eus
INPRIMATU
Bartzelona berriak 150 urte
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 02a
Bartzelona
Ildefonso Cerdák diseinatutako Bartzelonako zabalgunea, gaur egun. Hirigintza planak 150 urtetan bere bertuteak erakutsi dituen arren, planaren egileak berandu jaso du merezitako onarpena.www.ub.es
Bartzelona, 1859. Ildefonso Cerdá y Sunyer polifazetikoak –arkitektoa, ingeniaria, urbanista, jurista, ekonomialaria eta politikaria zen– hiria zabaltzeko proiektua aurkeztu zuen, eta zabalgunea hirigintza plan horri jarraituz eraikitzen hasi ziren, errege agindu baten bidez onartu ondoren.

Osasun baldintzak hobetzeko, erdian patio zabala zuten “etxebizitza uharteak” diseinatu zituen. Kaleek hamar metrotik gorako zabalera izango zuten –ordura artekoak gutxitan iristen ziren lau metrora– eta errailen gaineko zirkulazioa ere aurreikusi zuen. Ez dakigu egungo trafikoa aurreikusiko ote zuen, baina egun, Bartzelonako zabalguneko kaleek oraindik autoentzat egokiak direla erakusten dute. Etxebizitza blokeetan angelu zuzenak ebaki zituen. Hala, kale-gurutze guztiak plaza oktogonal modukoak bihurtu zituen. 20 edo 25 bloketik  bat ekipamenduetarako bideratu zuen. Lana eta bertan bizitzea uztartzea ahalbidetzen zuen hiria diseinatzea izan zuen xede. Proiektu progresista zen, baina gizakiaren neurrira egina. Aldirietan antolatutako hiriak baino arrazionalagoa eta humanoagoa zen.

Hurrengo urtetan zenbait hirik Cerdáren plana aintzat hartu zuten Erdi Aroko harresiak bota eta zabaltzen hasi zirenean, besteak beste Donostiak (1864) eta Iruñeak (1901). Hala ere, oro har, Cerdáren ekarpenak ez zuen merezitako onarpenik jaso. Jarduera ekonomikoa eta atsedena uztartzeko ahalegina alde batera utzi eta hiri sateliteak bultzatu ziren, kasurik onenetan. Bartzelona bustitzen duen Mediterraneo itsasoaren kostaldean kontrolik gabeko urbanismo basatia nagusitu da gaur arte.

Hirigintza plan horren balioaz eta ordutik burutu diren gehiegikeriez jabetuta-edo, Kataluniako instituzioek aurtengoa Cerdáren urtea izendatzea erabaki zuten (www.anycerda.org). Hala, 150 urteko zorra kitatu dute nolabait.

Garaiko instituzioek ez zuten begi onez ikusi proiektua eta Espainiako gobernuak nahiz Bartzelonako Udalak ez zioten urtetako lan eskergagatik zor zioten soldata ordaindu. Ildefonso Cerdá sosik gabe hil zen 1876an.