argia.eus
INPRIMATU
Anizkun eta bakarra?
Anizkun eta bakarra?
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2009ko azaroaren 12a
Josu Santesteban
Ene buruan ideia zaharra izan arren, orain gutxi idatzi dut bertze paper batean: harako XIX. mendeko espainiar liberalismo zentralista hari trenbide sare erradiala izan zitzaiona, horixe zaio gaurko demokrazia kaskar honi alderdibitasuna. Hots, burdinazko errail politikoen sare erradial berria, “Espainia anizkun eta Bakarra” itxuratzeko autonomia-estatu honetan. Ez zaigu komeni ahanztea zein izan zen Fragaren asmoa, Franco hil berria, Arias Navarroren gobernu kontinuista eta aperturistako kide zenean. Gustavo Muñoz Barrutiak gogorarazi nahi izan digu Geronimo de Uztariz historia-aldizkarian, 23/24. zenbakian: Arias Navarroren garaietan “Manuel Fraga Barne Ministroak planteatu zuen plana izan zen, agian, argiena: hots, erregimen bat, legitimitate demokratikoan oinarrituko zena, alderdi politikoekin, baina beti ere jokoz kanpo utziz komunistak eta ‘separatistak’, Canovasen sistemaren antzeko zerbait ezartzeko esperantzan”. Hau da: alderdi zenbaitetarako askatasun mugatua, eta gobernua osatzeko gaitasuna biri bertzerik ez emanik, zeini bere txandan.

Ez zuten hura bere horretan onartu orduko hartan, ez Suarezek berak trantsizioa bideratu zuenean, ez ordura arte frankismoak jazarritako bertze alderdiek. Eta estatu eremuan, bai, halako alderdibitasun bat ezarri baldin bazen ere de facto, indartsu hazi ahal izan ziren alderdi nazionalistak periferiako nazioetan. Hain indartsu, non, askotan, gobernu zentralaren osaera bat edo bertzea ahalbidetu/behartu duten, zeini, PPri edo PSOEri, sostengua eman dioten.

Baina, kontuz, ez zen hil izan asmoa Fragaren ametsetan, eta, frankista ohiak eta ondorengoak berriro bildu zirenean PP alderdian, hara non hasi ziren, Aznarren eskutik, galego frankistarena berreskuratzen: lege berri batekin amets egin zuten, zeinarekin estatu eremuko botoetatik %10-12 gutxienez lortu beharko zuen edozein alderdik gobernu zentralaren osaera baldintzatu ahal izateko. Horrela segurtatuko zutelakoan kolore bakarreko gobernu espainiar nazionalista bat, dela PP dela PSOErena, gehiengo absolutuaren beharrik gabe.

Lozorroan gelditu bide zen asmoa Aznarren porrotaren ondorioz. Baina, halako enpatia bat dela kausa edo, badirudi kili egiten hasi zitzaiela PSOEko batzuei burmuinean. Eta, Pepe Blancoren inspiraziopean (ai, ene!, galego espainiarzale amorratu bat gehiago), bertze bide batetik hasi dira, eta arrakastatsu mementoz, euren alderdibitasuna de facto ezartzen periferiako nazioetan ere: behar dutenean eta ahal den heinean, bi alderdi zentralistek bat eginez gobernu autonomikoetan, bertzeak baztertze aldera, justiziaren erabilera politikoa ere tartean, inongo eskrupulurik gabe.

Bitxia da zein gutxitan salatzen den alderdibitasuna: ia bakarrik hauteskundeetan, arazoa boto-ehizaren kontu hutsa izanen bailitzan. Askoz sakonagoa da arazoa: demokraziaren prostituzioa ala haren gozamena, estadu eredua, ustelkeria ala zerbitzu publikoa, espainiar nazionalismo inposatzailea ala naziogintza eta kulturgintza ezberdinak, alderdien jardun mugatua ala librea, ideologien zilegitasuna ala itxurakeria...; hori guzti hori dago jokoan alderdibitasunarekin.

Noizko, horren aurkako estrategia orokor bat, periferiako nazio bakoitzetik eta euren arteko ekimen bateratuetatik diseinatu eta gauzaturik? Canovasen garaietara itzularaz gaitzaten utziko al diegu?

Hara! Berriro ere, horrelako hutsalkeriez kezkaturik, ahaztu egin zait independentziaz-eta mintzatzea!