FlashForward. Zuzendariak: David Goyer, Michael Rymer, Bobby Roth. Aktoreak: Joseph Fiennes, Sonya Walger, John Cho, Courtney B. Vance. AEB. 2009.
2009ko udazkena. Egun arrunta, goizeko 11:00k aldera. Bat-batean, planeta honetako biztanle guztiek konortea galtzen dute, aldi berean. 137 segundo geroago, denak esnatzen dira (gara?), minutu biko kontzientzia galerak eraginda istripuren batean hil direnak izan ezik, milaka.
Horrela hasten da FlashForward, mundu zabalean arrakasta itzela lortzen ari den estatubatuar telesaila. Izenburuak flashback-en aurkakoa esan nahi du: konorterik gabe emandako denboran, mundu guztiak ikusi du bere etorkizuna, eta denek une bera gainera: datorren apirilaren 29ko iluntzea. Hortik aurrerakoa...
Hego Euskal Herrian telesailaren laugarren kapitulua ematear daude lerrook izkiriatzean, Iparraldean aurreratuxeago gabiltza. Eta aitortzen dut, zeharo atxiki nau FlashForward-ek, ezin luzeago egiten zaizkit kapitulu eta kapitulu arteko astebeteko itxaronaldiak. Oraintxe ohartu naiz “eta aitortzen dut” esan dudala, barkamena eskatu behar balitz bezala estatubatuar ikus-entzunezko produktu ondo landu baten zale izateagatik. Irratian entzun berri dut ospe handiko aktore asko zinematik telebistarako bidea hartzen ari direla AEBetan, pantaila txikian aurkitu omen dute Hollywoodetik ihesi doan kalitatea. Ados nago. Telebistan nahiz zineman, baliabide teknikoz gainezka dabiltza “amerikarrak”; gidoi onak nahi badituzu berriz, 625 lerroetara jo beharko duzu gero eta gehiago. FlashForward-en kasuan, izen bereko eleberriaren idazleari (Robert J. Sawyer) egozten zaio telesailaren aita izatea. Konortea galdu gabe ere, aurreikus dezaket apirila amaieran aberatsagoa izango dela orain baino.