argia.eus
INPRIMATU
Torturatu
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Egin zuten astebetez, txiki-txiki eginda ekarri zuten Martutenera. Berrogeita bat urte eta hilabete eta erdi joanak dira dagoeneko, eta burmuineko motxilan dut oraindik fresko. Ekarri eta “el período” deitu egonaldian zeukatela, arnasa bere onera ekarri aurretik eraman egin zuten berriz ere komisaldegira. Bere garrasi hautsiek aztoratuta, oihuka ziegatik ziegara erabaki genuen gose grebari lotzea. Afari garaian konturatu ziren funtzionariak zertan genbiltzan. Banaka eman gintuzten ziegatan hirunaka gintuztenak. Handik bost bat egunetara ekarri zuten bueltan. Hilabete osoa eduki gintuzten zigortuta elkar ikusi gabe. Adinez bikoizten gintuena, masakratua zuten bigarren aldiz. Bere onera etortzen kosta egin zitzaion, aurpegiaren dardara salatzaile. Eta aste honetan Garan bere eskela ikusi dudalarik, burmuineko zakua ireki egin zait orduko oroitzapenak eguneratuz. Badakit jakin, behartsuen alde eta errepresaliatuen alboan eman duela bere bizi denbora. Ez dit aukerarik eman agurtzeko, bizi izan zen bezala abandonatu gaitu, diskretuki. Mauri Zentol Legarda, gizon zuzena eta atsegina, bere estualdietan ere umoretsua. Beste andana bezala, Itziarren semea bera ere.