argia.eus
INPRIMATU
San Mameseko “pastela” eta beste proiektu batzuk
Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30
“Honen guztiaren amaieran... ustelkeria orokorturik dago. San Mameseko proiektu berriak interes ekonomiko boteretsuak mugitzen ditu eta jende asko dago atzean pastelaren zati bat eramateko. Politikoek ere beren komisioak nahi dituzte eta enpresekiko morrontza dute. Eta EAJn dagoen krisiak nahaspila ilun honetan modu ezkorrean eragiten duenez, Athletic-i kalte larria ekar diezaioke (...) Politikari hori ‘sobrekojedorea’ da, mahai gainean uzten diozun sobrea hartzen du eta hor duzu kontzesioa (...) Badut bazkide bat, enpresaria ere badena, aitortu didana urte honetan hiru alkateri eman diela dirua. Eta okerrena da beraiek izan zirela dirua eskatu ziotenak”.

Goiko hitzok euskal enpresari batenak dira. Juan de Etxano Izaronews webguneko sinadura ohikoak duela urtebete zioenez: “Labekada zaharreko enpresaria, bere enpresetako hainbat krisiri iraun diona eta gainera frankismo osteko lehen Eusko Jaurlaritzan ardura postua izan zuena”. “San Mames Barria” aurrera eramatea erabaki duten honetan gogoratu dut goragoko salaketa larri hori. 160 milioi euro beharko dituzte, eta Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bien artean, 55 milioi euro jarriko dituzte gure diru publikotik. Proiektu berriak ere iragarri dituzte: Bilbo-Aireportua trenbide konexioa, lehenengo faserako 23 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Pasaiako portua handitzea, 250 milioi euro zorpetuko dira horretarako. Horrelako proiektuen zalantza ekonomiko, politiko, sozial edota ekologikoak aparte –argi berdea dute jadanik–, bidezkoa litzateke “pastel” horiek lagun pribilegiatuen artean ez banatzea, gardentasun erabatekoa egotea eta obretako esleipenetan justizia egitea.