argia.eus
INPRIMATU
Hazi-iraitzi
Jakoba Errekondo 2009ko urriaren 28a
Impatiens noli-tangere, baltsamina basatia.
Impatiens noli-tangere, baltsamina basatia.
Haziak banatzerakoan landare bakoitza upel bateko sagardoa da; gonapea kumez husterakoan ama bakoitza bezala. Kokoa uretan igeri, astigarraren fruitua haizearen dantzan eta beste batzuk jaurtiketan: hazi-iraitzi. Haziak zabaltzeko, urrunago bota eta sakabanatzeko, fruitu eraginkorrenak zeinek baino zeinek diseinatu aritzen den landare espezie mordoa ezagutzen dut.

Txilarren kastan biltzen dira batzuk,
Erica eta Calluna generoetako jendea. Hauek pitxar tankerakoa ontzen dute fruitua eta bertan, barruko tripa hutsean, haziak. Haizeak aparteko ukaldia jotzen duenean fruituak habailarena, katapultarena egiten du eta barruan dituen haziek beren bizitzako bidaiari ekiten diote. Ziur aski, egingo duten bakarra, ernatzetik hiltzerainoko paisaia izango duten hartarainokoa.

Azalak ematen dueneraino baino gehiago bete eta ustekabean lehertzen diren fruituak hazten dituzte beste batzuek. Barrabasa, mingotsa edo Lekeition txomin-belarra esaten diotena, adibidez, Oxalis generokoa; lurrari arra bete eskas baino kenduko ez dion landarea, hazitxoak bost metroraino jaurtitzeko gai da. Baltsamina basatiak, Impatiens noli-tangere, fruitua lehertzeko zorirainoko presioz bete eta eztanda egiten du, haziak barreiatuz. Inork ukituz gero errazago lehertzen da eta gazteleraz, ingelesez, frantsesez... izen zientifikoan joera hau ederki asko jasotako izen beraz deitzen dute, noli-tangere, ez-ukitu.