Ingalaterrako errege Henrike VIII.a eta haren emazte Katalina Aragoikoa.
Londres, 1509. Henrike VIII.a Ingalaterrakoa (1491-1547) eta Katalina Aragoikoa (1485-1536) ezkondu ziren, Henrike koroatu baino aste batzuk lehenago. Sei seme-alaba izan zituzten, baina Maria Tudor ez beste guztiak haurtzaroan hil ziren. Katalina Espainiako Errege-erregina Katolikoen alaba zen, Karlos V.a enperadorearen izeba, eta ezkontza hark indartu egin zuen Ingalaterrako erregeak Frantziaren aurka egiten ari zen politika.
Baina 1525ean frantziarrek porrot gogorra jaso zuten Paviako guduan. Ondorioz, Karlos V.aren botereak hazten jarraitu zuen eta mehatxu bihurtu zen Ingalaterrako erregearentzat. Henrike VIII.a Frantziarekin aliatu zen orduan.
Horrenbestez, Henrikek dibortzioa eskatu zion Klemente VII.a aita santuari. Espainiako koroarekin nahiz enperadorearekin zeukan lotura etengo zuen horrela eta, bide batez, Ana Boleyn izeneko gorteko damarekin ezkonduko zen.
1530eko uztailaren 15ean gutuna bidali zuten erregea banantzeko baimena eskatuz, 85 pare britainiarrek sinatuta. Pergaminoa ia metro bat luze da, eta 85 sinatzaileen argizari gorrizko zigiluak dauzka zintaz josita. Orain, ia bost mende geroago, Vatikanoak dokumentua publikoki erakustea erabaki du.
Jakina denez, Aita Santuak uko egin zion Henrike eta Katalinaren arteko ezkontza baliogabetzeari. Orduan, Ingalaterrako erregeak eliza katolikoarekin zeukan harremana haustea erabaki zuen, eliza anglikanoa sortu zuen eta haren buru bihurtu zen. Gainera, Ana Boleynekin ezkondu zen 1533an eta, hiru urte geroago, Henrike VIII.ak metodo zuzenagoa erabili zuen harengandik banantzeko. Zehazki, Anaren burua gorputzetik banantzeko.