argia.eus
INPRIMATU
Estilo anitzei gaztetasuna batuta, melodia bidelagun
  • Lor ::Rock terapia

    Atxeh

    iraupena ::32´39´´

    prezioa ::13.95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Elorrioko hirukoteak maiuskulaz idatzitako rocka, terapia, dauka jomugan eta izen bereko eresi rockeroarekin zabaldu du diskoa. Taldekideak gazteak badira ere, taldea ez da berria eta ibilbidean landutako pop-rocka, metala eta bestelako estiloak batu dituzte lan honetan, nondik datozen erakusteko. Hala, melodia taldearen indargarri garrantzitsuena bada ere, eta lelo itsaskorrak idatzi badituzte ere, gitarrei gogor eragin diete –distortsioarekin eta gabe–, rockaren eta metalaren arteko muga ezkutuetatik paseatu dira eta ukitu modernoak landuta erraztasuna erakutsi dute intentsitateekin jostatzeko. Hitzei dagokienez, harremanak, aurrera egin behar izatea, presoak eta bestelakoak abesten dituzte; eta Xabier Paya, Miren Amuriza eta Ibai Guridi izan dituzte laguntzaile.

www.myspace.com/lormusika
Abestiak egiterakoan perfekziora bideratzen baldin bazara, galtzeko gehiago dago

Rock terapia. Euskal Herrian rock-and-rollak ez duela dirurik ematen esaten da aspalditik, baina sendatzeko balio du?


Sendabelarra da rocka, eta orokorrean musika guretzat, eguneko errutinatik irten ahal izateko hartzen duguna. Urteak daramatzagu elkarrekin jotzen eta horrek ematen digu indarra aurrera egiteko, baita esperientzia berrietara zabaltzeko ere.

Taldekide ohi Kimetz inola ere gutxietsi barik, gustura sumatzen zaituztet hiruko moduan –hori transmititzen didate kantuek–. Hala da?


Aldaketa baten hasiera izan zen hirukote moduan hastea, LORentzat garai berri baten hasiera esango genuke. Sentsazio eta esperientzia berriak ekarri zizkigun formazio aldaketak, eta zeuk aipatu bezala feeling hori igartzen da bai diskoan baita zuzenekoetan ere, oso gustura gaude. Rock zuzenagoa egiten dugu.

“Eskaintzak merkeak dira beti aurreiritzien merkatuan”. Aurreiritziek ez al digute ba indarra ematen, indartzen?


Normalean jendeak paso egiten du aurreiritziez baino guri horrek indarra ematen digu, bai, batuago egoteko.

Zer puntura arte eragina izan du zuengan Elorrio eta Durangaldeko musika eszena aberatsak? Eta zelan ikusten duzue gaur?


Aurrez egon ziren taldeak egon ezean LOR ere egongo ote zen dudan gaude. Eskertu beharrean egon gara beti, musika zale modura, egon ziren taldeen esfortzua eta mugimendu zabala. Garai ederrak ziren, taldeen arteko harremanak oso onak... Gaur egun ere askorekin oso harreman ona izaten jarraitzen dugu, baina hala ere, bere garaian zegoen espiritu rockzale hori ez da berdina.

Abestiak borobilduta, garapen eta moldaketa dotoreekin hornituta daude. Esatea topikoa den arren, gustura gelditu zarete grabazioarekin?


Beti daude hobetuko zenituzkeen gauzak baina grabazio batean perfekziora bideratzen baldin bazara, galtzeko gehiago dago.