Ihes ederra komikiaAlain M. Urrutia
Nolakoa litzateke mundua Espainiaren eta Frantziaren 1808 eta 1813 arteko gerlan mugak hegoaldera hedatu ahal izan balitu Frantziak? Nolakoa Euskal Herria, gerla haren ondorioz, osorik Frantzian balego? Galdera horietatik abiatuta sortu dute Hedoi Etxarte idazleak eta Alain M. Urrutia marrazkilariak Ihes Ederra komiki liburua. Bide bat segitzea, gainontzeko bide guztiak bazterrean uztea omen da. Horregatik, izan zitekeen, baina izan ez den Euskal Herria berreskuratu dute, atzean gelditutako bide haietako bati segika. Ukronia bat.
Jarraian, mundu horren zenbait txatal: Errepublikari erakutsiriko atxikimenduagatik, Euskal Lurraldea izeneko gune batean legoke Euskal Herria antolatua, 1815az geroztik; euskaraz hitz egingo lukete jendarmeek lurralde osoan, hizkuntza ofiziala izanik, horretara beharturik baileudeke; Ravelek eta Lizardik opera post-erromantiko bat idatzi izango zuketeen elkarrekin; GAL (Grupo Anexionista Liberal) izeneko talde bat legoke; Euskal Lurraldea Frantziarekin edo Espainiarekin batzeko guraria luketen UPN (Union de Patriotas del Norte) eta FJ (Front Jacobin) alderdiak legez kanpokotzat joko lituzke alderdien legeak eta ilegalizaturik lituzke. “Irakurtzen duen jendearentzako sorturiko komikia” da Ihes Ederra egileen arabera, irudi eleberria da, Alberdaniak eleberrien atalean sartu izana horren erakusgarri.
“Mapak irekitzea izan da gure asmoa”, dio Urrutiak, eta Etxartek jarraitu du azalpenarekin: “Datu historiko bat aldatuta, Euskal Herria nola izango litzatekeen; hori da kontatzen duguna. Baina ez dugu kontatzen nola izango litzatekeen ere. Hor dago, marko historiko politiko gisa. Inork ez daki, adibidez, Bizkaiko Ezkerraldea Euskal Herria izango litzatekeen edo ez. Hor ez da halakorik ageri. Bakoitzak egin behar du bere mapa politiko eta historikoa”. Errealitatean ere, denok ukronia batean bizi garela uste dutelako egin dute hori, Urrutiaren hitzetan. “Mapa ezberdinak daude herri berean, auzo berean, baita atari berean ere”, dio Etxartek. Ihes Ederran ageri den Euskal Herria ere txatalka agertzen dute horregatik: telebista aurrean egindako zapping saio baten bidez; Hugo Chavez, Paul Nicholson, Thomas Sankara, eta beste hainbat hizlari biltzen dituen mitin politiko baten bidez; Bernat Mirande izeneko politikari bati –Dieudonne M’bala M’bala umoregilearen itxuraz gorpuztutako Jon Miranderen semeaari– eginiko elkarrizketa batekin; pertsonaia nagusiak Ebroko gune neutralera eginiko tren bidaia bati esker...
Bikote baten harremanak harilkatzen du istorioa, halere. Joanes Apaolaza argazkilaria eta Olga Perls irakaslearen arteko harremanak, eta marko historiko-politikoak, biek. “Bi ardatz ditu komikiak. Lehena da bikotearen harremana, eta markoa deitzen duguna da bigarrena. Bi horien ildotik doa komikiaren gogoeta, eta biekin du zerikusia ihesaren erreferentziak. Bikotearen harremana ia surrealista dela esan daiteke; surrealista, baina zentzurik ezagunenean, ari baitira defendatzen egun ia inork defendatuko ez lukeen bikote harreman klase bat, maitasunarekin edo maitasunik gabe baina praktikotasunetik abiatua; bikote heterosexuala. Eta ikuspegi politikotik ere, egun oso modan ez dagoen modernitateak izan duen ikuspegia da bikotearena, Berlingo harresia erori aurretik ulertzen zen moduan ulertzen baitu bikoteak politika. Eta guk geuk ere hala ulertzen dugu oraindik, nahiz eta mundu postmodernotzat jotzen den honetan bizi, eta nahiz eta liberalek, oro har, ideologiaren amaieraren garaian gaudela kontsideratu”.
Egungoa ez den Euskal Herria marraztu badute ere, egungo Euskal Herritik abiatu dira. Ezinbestean. Kritikoa egungo euskal kulturgintza “Hegoaldezentrikoarekin”. Kritikoa Espainiarekin. Kritikoa Frantziarekin. Ezker eta eskuinarekin. Zentro eta periferiarekin. “Guk ez dugu Euskal Herria egin”, dio Etxartek, “baina egiten badugu, ez dezagun egin gaizki, besteek bezala”. Hortik komikian ageri den mundua. “Frantzia da giza eskubideen lurraldea, eta ikusten dituzu ezker muturrekoak Kaledonia Berrira joaten, kanakiarrak babestera. Hostia! Kaledonia Berrira joan, eta haiekin solidario jokatzea oso erraza da! Milaka kilometrora dagoen herrialdea kolonia bat dela ikustea ez da zaila, baina ez dute Biarritzen halakorik ikusten, eta Paristik askoz ere gertuago dago. Hori Frantzian eguneroko kontua da. Espainian zentroaren inposaketa handia da, baina Frantzian izugarria. Eta guk dioguna da, hain ezker muturrekoak bazarete, zoazte Euskal Herrira, edo Alsaziara, eskatu hori deskolonizatzeko, ea zenbat bozka dituzuen!”.
Ihes puntuz betetako liburua da. Erreferentzia eta keinu metaliterarioz jositakoa. “Testuartekotasun handia dago”, onartu du Etxartek. Kontaketa bideratzeko, horregatik, pertsonaien hitzez eta marrazkiez gain, beste hainbat tresna erabili dituzte: poemak, wikiak deitzen dituzten komikiko munduari buruzko azalpen testuak, kontatzen dena sortzeko egileei baliagarri izan zaizkien liburu eta iturrien erreferentziak... Eta, hala eta guztiz ere, “Internet aurrean izanik irakurtzeko liburu bat da”, Urrutiaren hitzetan. “Batzuek ez dute jakingo zein den hau edo bestea, eta ez zaigu inporta. Baina dakienari goxokiak eman dizkiogu. Eta ez dakienak hor du Internet begiratu nahi izanez gero”. “Irekitzea da kontua”, dio Etxartek, eta Ezra Pounden poemak aipatu ditu. “Zergatik dira bere poemak interesgarri, nahiz eta erdia ez ulertu? Bada, mundua ikaragarri irekitzen dutelako. Edo zergatik da Slavoj Zizeken liburu bat hain ona? Bada, hasten delako hitz egiten Trotskiri buruz eta bukatzen duelako hitz egiten txikle bati buruz. Hori da miragarria. Hau ez da ‘bazen behin Joanes Apaolaza, eta bizi zen etxe batean’”.
Urrutiaren ustez, jendeak pentsatzen du komikiak izan behar duela denbora-pasa moduko bat. Kontrakoa sinesten du berak: “Komiki batek ematen ahal du sakontzeko aukera ere. Behintzat, argi izpi batzuk atera ditzake, jendea pentsatzera bultzatzeko. Aukerak ematea da kontua. Komiki liburu bat den arren, baduzu bigarren, hirugarren eta laugarren irakurketa bat egitea. Hor daude erreferentziak”.
Euskal Herrian bazter xamarrean izan den generoa da komikiarena, gainera, egileek aipatzen dutenez. “Ez dago eleberri grafiko dei daitekeenik euskaraz”, azaldu du Urrutiak. “Albumak baino ez daude”. Euskal Herrian bakana da, horregatik, Ihes Ederra. “Are gehiago”, jarraitu du Urrutiak, “astakeria esango dut orain, baina hor doa: ez dago hainbeste irakurketa dituen, edo gurearen neurriko freakada den komikirik munduan. Izango da, agian, baina guk, behintzat ez dugu ezagutzen”. Etxartek eman du azalpena: “Azkenaldian gauza autobiografikoetara, edo leku baten egoera azaltzera doa jendea komikigintzan. Horregatik, gure komikiak antz handiagoa du Luther Blissetekin [talde lanarekin eta errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin jolasten duten zenbait egilek darabilten seudonimo kolektiboa], adibidez, komiki horiekin baino”.
Joanes Apaolaza, komikiko pertsonaia nagusia bera ere errealitatearen eta fikzioaren artean dabil. “Prentsan idazten du”, azaltzen du Urrutiak. “Le Journalen idatzi du, Garan idatzi du, Berrian idatzi du. Harremana dauka Interneteko jendearekin. Gaur egungo Euskal Herrian bizi da. Komikiko Euskal Lurraldeko pertsonaia da, baina gaur egungo Euskal Herrian ere bizi da. Eta bizi da hemen, hemen ere leku bat duelako. Interneten, prentsan... inork ez dio eskatuko nortasun agiririk Apaolazari, baina eskatuz gero ere badu bere agiria”.
Iban Zaldua idazleak egin dio hitzaurrea liburuari, eta bere burua 2709. urtean kokatu du horretarako, United Oxbridge Universityko Erdi Aroko departamentuko irakaslearen paperean. Euskara hila da –horregatik idatzi du Zalduak sarrera ingelesez–, eta dokumentu digitalak desagerrarazi zituen virus ikaragarriaren ondoren, osorik helduriko lan bakanetarikoa da Ihes Ederra. “Ez dago argi lan hau fikzioa edo dokumentala den”, dio Zalduak, “garai historiko hura ulertzeko pista mordoa eskaintzen baititu”.
Komikian bertan ere bi egileak telebistan ageri dira, euren lana iragartzen. Horrela saltzen dute, erabat errealista balitz bezala: “Bidaiatzera behartzen zaituzten komikiez kokoteraino zaudela?... Errealitate zitala nahi duzula?... Eskuratu Ihes Ederra, udazkeneko berri ona! Liburu-denda finenetan, kiosko apainenetan, supermerkatu literarioetan!”.
Egungo Euskal Herriari begiratzeko ispilua ere bada, gainera, kontakizunean. Keinu eta keinu artean, azken imintzio bat izan zitekeen Euskal Herri horretatik, irakurlearen Euskal Herrira. “Pentsatu duzu inoiz zer ginatekeen... zer litzatekeen hau guztia... duela bi mende, Argien Gerra galdu, eta Espainiako erreinuak Euskal Lurraldea garaitu izan balu? Espainia bagina?”. Hori da Joanes Apaolazak Olga Perlsi komikian egiten dion azken galdera.