argia.eus
INPRIMATU
Baitezpadako telefonoa
Xipri Arbelbide 2013ko maiatzaren 02a
Xipri Arbelbide
Xipri ArbelbideDani Blanco
Uda honetan itzuli bat egin dut, duela 40 urte ezagutu nuen Burkina Fason. Haute Volta deitzen zen garai haietan.

Uagadugu hiri nagusian ohartu naiz, lehenagoko txirrindulen erdiak, mobilitek ordezkatu dituztela: hemen beribil bezainbat Yamaha bada han. Konguzi, nindoan hiria 100 kilometrotan baitzen, bidea asfaltatua zen: orotara 2.500 km dira asfaltatuak! Autobusean, 5 aulki lerro bakoitz eta ez 4! 1970ean, 4,5 milioi bizilagun ziren, orain 15 milioi. Emigratuak bestalde: 3 milioi Bolikostan berean. Bizi esperantza 50 urtez beheitikoa –hemen 80 ingurukoa–. Barne produktu gordina jende bakoitz: 483 $ ; Frantzian 40.000 $, Espainian 30.000 $.

Rissiam deitu herrian pasatu baitut denborarik handiena, ez zuten argi indarrik, beraz ez zen ez hozkailu ez telebistarik: edaria 30-40 gradutan edaten zen –nuen!– eta gauaz ez zen ez estalki ez mihise beharrik. Haiek gabe izerditan.

Nire lagunaren semeak batxiler diploma pasatua baitzuen, klasean 84 zirela erran dit. Diploma eskuratu dutenak 40z petik. Ez baita harritzekorik baldintza horietan.

Lehen euriak izanak eta, arto ereiten ari ziren, gehienak jorraia ttipi batekin. Zenbait, asto edo metro bat gorako behitto batek tiratu golde nabarrekin.

Ur edangarria zuten, zuloak eginak baitzituzten ura ukaiteko, baina inork ez zeukan urik etxean. Komunak zeuzkan etxe bakarrean nintekeen.

Giza gaizoak! Zer miseria! Ba ote dakite zer den zoriona, gogoeta zaude, irakurlea. Bai! Eta guk baino hobeki. Hemen baino irri gehiago ikusten duzu eta kopeta zimurtuak askoz ere guttiago. Han daukazue froga, kontsumismoa ez dela zorionaren baldintza. Gizonak jan behar du, edan, lo egin eta abar, baina garapena segurtatzeko sortzen dizkiguten “beharrak” oro gehiegikeriak dira; lurraren hondamenera garamatzate AHT, hegazkin supersoniko, beribil, negu minean jan Keniako marrubi edo sakelako telefonoek.

Ahazter zait. Sartuak dira haiek ere kontsumismoan. Erizain edo medikurik ez dute, irakasleak guttiegi, baina beharrena badute: sakelako telefonoa. Den herri tipienean badira, bateriak kargatzeko hirirat joan behar badute ere. Garapena, zer uste duzue dela! Samsung, Nokia eta bestek beren telefonoak saldu behar dituzte. Telefonoaren beharra sortzeko nahiko publizitatea egin dute, hor sartzen den dirua beste nonbait eskas izanez, leher eginen badute ere. Gure ekonomia sistemak du ez leher egin behar. Gu bizi gareno! Gero... Hor konpon!