argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Etxaide
“Beste aukera jipoituz, Estatua indartu nahian ari da”
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko ekainaren 30a

Nola ikusten duzu hemengo gobernuen eta gobernu zentralaren arteko harremana?


Espainiako Gobernuak apustua egin du EAEko erkidegoa zuzenean kudeatzeko, Nafarroan ere UPNrekin akordioetara iristeko apustu egin du, eta beraz bi “gobernutxoekin” estrategia konpartitua du uniformizaziorako urrats berriak emateko.


Badira hilabete batzuk Lopez agintean jarri zela. “Tolerantzia zero” politika zein testuingurutan kokatzen duzue sindikatutik?


Herri honentzako alternatiba bat eskaintzen duen sektore politikoa errepresio bidez indargabatzeko estrategia orokor batean. Hori oso lotua dago momentu honetan aldaketa politikoa gauzatzeko sortutako aukerarekin; Estatuak bere posizioa indartu nahi du. Ez da ezer berria, lehenago bere mugak izan zituen eta orain ere baditu. Dena den, ezin da esan “orain agintean nagoenez tolerantzia faltan urratsak emango ditut” eta gero horren ondorioak ez aurreikusi.

Beraz, etorkizuneko negoziazio baten aurrean indarra hartzeko modu bat da?


Nik ez nuke Euskal Herriaren etorkizuna negoziazio jakin batekin lotuko, baina errealitatea da hemen aldaketa politikoa behar dela eta horretan sartuta gaudela. Jokoan dagoena da zein aldaketa izango den: 1978ko oinarrien gainean izango ote den, edo benetan sakoneko arazori heldu eta ukazioaren garaiari amaiera emango diona izango ote den. Bi aukera horien aurrean ari da Estatua indartzen, batetik, beste aukera jipoituz eta bestetik, berean urratsak emanez. Baina ez nuke Euskal Herriko egoera konplexua negoziazio prozesu bati begira mugatuko.

Ba al dago baldintzarik independentisten arteko akordiorako?


Euskal herritarrok egindako borrokari esker aldaketa politikoari ateak ireki dizkiogu, fase horretan bizi gara. Aldaketa hori emango bada, hori nahi eta behar dugunon arteko adostasun eta akordioei esker izango da. Baldintzak dauden akordio horietara iristeko? Nire ustez badaude aldaketa politikoa eragiteko, markoa agortua dagoelako eta gehiengo bat dagoelako aldaketa exijitzen duena.

Eta horrela bada, zer oztopo dago epe ertainera akordio hori ez lortzeko?


Momentu honetan eztabaida ez dago ezta artikulatuta ere, euskal estatu bat eraikitzeko zein estrategia behar dugun eztabaidatu behar dugu. Dena den, guk ez dugu sinesten akordio handietan, kokatzen gaituelako herritarrok begirale; guztiok gaude ez dakit noiz iritsiko den akordio handiaren zain eta horrek pasibotasuna elikatzen du.

Nire ustez beste akordioetarako baldintzak badaude. Nazio Eztabaidaguneak, esaterako, proposamena egin du bitarteko independentista bat eraikitzeko: ados gaude? Bada eraiki dezagun. Hori “akordio handia” ote den... segur aski akordio sakonagoetarako aurrerapauso bat izango litzateke.