argia.eus
INPRIMATU
2005eko abendua Txapelketa Nagusia
  • I
    Galdera bada egun hartatik
    zer azpimarra daitekeen
    han ikusia kontatuko dut
    ez ipini eta ez ken.
    Hamairu mila bertso entzulek
    goza genuena BECen
    bertsoa maite duen batentzat
    hoberik ezin zitekeen.

Imanol Lazkano 2009ko urriaren 15a
Imanol Lazkano
Imanol LazkanoDani Blanco
II
Ez zen euskaldun zahar edo berri
euskaraz ez zekienik.
Ez dut esango denek bertsoa
sakon hausnartzen zutenik,
baina bertsoek eta txaloek
ez zuten izan etenik.
Herri zahar honen arima bertan
zela esango nuke nik.

III
Goiz ta arratsalde gozatu ziren
gure begi-belarriak
han bat-batean jaulki zirenak
hain ziren arrigarriak!
Gozamen hartan nahasten ziren
malkoak eta irriak...
Oraindik ere gauza politak
badauzka Euskal Herriak

IV

Andoni azti, Maialen sakon,
Arzallusen bertso fina,
Unai pikaro, Elortza txorrotx
Maia, berriz, huts ezina!
Colina txukun, ta Mendiluze
bertso egiteko makina.
Zortzi izarrek eskaini zuten
ikuskizunik haundina.

V
Nahiz ta aurkari gogorrak izan
ziren bere inguruan,
beste orri bat han idatzi zen
Andoniren liburuan.
Beste behin ere txapela jarriz
oso leku seguruan
ile gutxi ta bertute asko
berekin ditun buruan.

VI
Apustuzale omen dugunez
euskaldunen izakera
nahikoa luze gertatu zaigu
azken lau urteko kera
baina berriro aurten dugunez
gozatutzeko aukera:
abenduaren hamairuan da,
etorri denok BECera!.

Doinua: “Aita jainkoak egin banindu”.