argia.eus
INPRIMATU
Herri irabazleak
Ana Urkiza 2013ko maiatzaren 02a
Ana Urkiza
Ana Urkiza
Argazkiek asko arduratzen gaituzte, antza. Lekukoak izan daitezkeen dokumentuek oro har, itxura denez. Hortik, kaleetako kamerek grabatu ditzaketen irudien gaineko ardura eta aipatu kamerek suposatzen duten balizko askatasunaren ukapenaren gaineko salaketa.

Nire ustez, ostera, argazkiekin eta grabazioekin zuzeneko zerikusia duen beste aspektu batek dakarkigu arestian aipatutako askatasunaren ukapena. Eta zera da: jarrera estereotipatuaren sorkuntzarako daukagun joera gaixotua. Eta azalduko dut: gure herri txiki hau aurreratutzat jotzen dugu: bai teknologiaren arloan, bai industrian, orokorrean kultura mailaz hitz egiten dugunean... eta ez daukat ukatzeko. Baina ez da uste dugun bezain aurreratua, batez ere, gure eskualdeetatik irtenez gero, haragoko mugetan ikus dezakeguna kontuan hartzeko gai bagara.

Oso mugatua dugun alderdia, elkarrizketarako gaitasuna, negoziaziorakoa eta elkar bizikidetzarakoa da. Kaleko kamerek ez naute, beraz, hainbeste artegatzen, ez baitaukat lapurretan egiteko asmorik, ez eta kaleko bakea haustekorik ere.

Biziki kezkatzen eta mintzen nauena da, ordea, nire herrikideekin hizketan egiteko zailtasunak izateak. Eta oraingoan ez naiz hizkuntzaren erabileraz ari. Hain zuzen ere, euskaraz hitz egiten dugunon arteko entendimenduaz ari bainaiz. Kezkatzen nauena da, aldez aurretik elkarrizketarako mugak jarrita daudela sumatzeak. Ateak itxita aurkitzeak.

Ume batek beste bati poloniarra, beltza edo neska delako ez duela berarekin jolastu nahi esango balio, eskuak burura eramango genituzke. Eskandalagarria irudituko litzaiguke. Ostera, ume batek beste bati “diferente pentsatzen duzulako ez zaitugu taldean nahi” esaten badio, eta gertatzen da, ez da ezer gertatzen. Ez al da maila bereko aberrazioa? Ez itxuraz... eta galdetzen dut: Umeek ala gurasoek pentsatzen dute “diferente”? Eta “diferente” pentsatzea al da hain eskandalagarria?

Hizki handiz idatzitako “askatasuna” aldarrikatzen dugu. Eta hala behar du izan. Baina berdin pentsatzen dutenen askatasuna da, antza, eskatzen duguna, zeren eta askatasun horren eskaera bera egiteko beste batzuena mugatzeak ez gaitu arduratzen ez asaldatzen.

Aske izateko, kamerarik eza baino areago eskatuko nuke nik pentsatzen edo adierazten dugunarengatik presiorik eta mehatxurik nozitu behar ez izatea.

Eta herrialde aurrerakoi baten jabe izan nahi baldin badugu, ikasturte hasiera honetan, matrikulatu gaitezen elkar bizikidetzan, mehatxurik gabeko negoziazio karreran, eta nahitaezko asignatura den elkarrizketarekiko errespetuan. Negoziatzean, norbere jarrera zaintzea bezain garrantzitsua baita bestearena ezagutzea. Baina horretarako, entzuten jakin egin behar da eta entzuteko, errespetu gutxienekoa erakutsi. Hori guztia bete ondoren, negoziazio ahalmen handiena duenak irabaziko du.

Negoziazioaren beldur denak, ostera, mehatxua, azpiraketa eta mendekua erabiliko du. Irabazlearen itxura atera nahiko du. Baina jarrera itxi horretatik ez du emaitza garbirik lortuko. Jarrera bien artean lehen baino distantzia handiagoa egotea besterik ez.

Herri honek, ostera, irabazleak behar ditu; ez “talde-irabazleak”, berdin pentsatzen dutenena, herri irabazleak edo diferente pentsatzen dutenena baizik.

Eta hau guztia, aurrera egiten dakien herri plurala garela esateko; eta ez kameraz jositako herri babestu eta oraindik itxia dela erakusteko.