argia.eus
INPRIMATU
Profeta eta katu iraniarrak gustukoen
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2009ko irailaren 29a
'Precious' pelikulako protagonistak
'Precious' pelikulako protagonistak

Precious dramak (irudian) eraman du publikoaren saria: emozionala da oso, familia desegituratu baten miseriak aireratzeko eszena efektistekin  –eskaileretatik behera botatzen du amak alaba–, baina funtsak ez nau konbentzitu, istorio ezagunegia beharbada: denek baztertzen duten neska gaztea, irakasle ezohiko batek erreskatatua. Gainera, Mariah Carey, makillajea gainetik kenduagatik ez da aktore hobea.

Dena den, zinema interesgarri ugari ikusi dugu Zabaltegin; nik ondorengo hirurak igoko nituzke podiumera: Un prophète pelikulan, kartzelan gizajo sartu eta mafiaren buru ateratzen den Maliken istorioa kontatu du Jacques Audiardek, pertsonaia konplexu baten bilakaera liluragarria. No one knows about persian cats lanean, Bahman Ghobadi kurduak Teheran irudikatu du, kontrastez, ametsez, tragediaz eta musikaz betetako hiria, pertsonek zakurrek eta katuek baino gutxiago balio duten hiriburua. Xabi Moliaren Huit fois debout filmak, azkenik, lana, familia eta etxea galdu arren duintasuna mantentzen duen emakumea du oinarri, artifiziorik gabe eta oso txukun kontaturiko istorioan.

Aurten nabarmentzeko, pelikula askotako hizkuntza saltsa, bizi dugun errealitate kultur anitzaren isla. Arabiera, frantsesa eta ingelesa; georgiera, errusiera eta osetiera; alemana, frantsesa eta italiera… nahastu dituzte Zabaltegiko lanek. Kontrakoa aurkitu dugu, ordea, Zinemaldiko ekitaldietan, non gaztelera izan den jaun eta jabe, ingelesari lekutxoa egin dioten, eta euskararen presentzia 0,01 ingurukoa izan den.

[www.argia.eus/zinemaldia-2009 helbidean, aurtengo Zinemaldiko pelikulen kritikak ikusgai.]