argia.eus
INPRIMATU
Innobasque
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Joxerra Aizpurua
Joxerra AizpuruaDani Blanco
Irailean Uriarte jaunak Innobasque (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) utzi du. 2006an entzun nuen lehen aldiz Innobasque hitza eta 2007ko hasieran ofizial egin zenean Uriarte txarla magistrala ematen ere ikusi genuen.

Artean hurbiletik jarraitu nuen eratze-prozesua arrazoi profesionalak medio, eta egia esan Innobasquek emandako erakundetze-bidearekin ez nintzen oso eroso sentitu; bestalde berrikuntza hitza pil-pilean zegoen eta dagoen zerbait denez, zaila zen prozesuaren aurka erabat egotea. Azken bi urteetan aritu da Innobasque berrikuntzarako ekimenak antolatzen eta dibulgatzen, baina badirudi krisiak ere jo duela.

Administrazio publikoaren zereginen artean, bada egokitzat jotzen dituen planteamenduak bultzatzea eta 2006an horixe egin zuen Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren kontzeptuaren inguruan. Gizarte osora eta sektore guztietara zabaldu nahi izan da berrikuntzaren beharra, baina batez ere ekonomi jarduerak dira prozesuaren ikusmiran izan direnak eta sinplifikazioek duten arriskua jakinda, industria izan dela prozesuaren aktore nagusia esan dezaket.

Garai hartan industri jarduerak kudeatzeko administrazioak hainbat erakunde zituen eta ditu; SPRI (Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial) da horren adibidea eta bertan Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren dirulaguntza gehienak kudeatzen dira. 2007ko hasieran SPRIren egitura indartu behar izan zen Berrikuntzari buruzko diru-laguntza berriak ere (Berrikuntza-agenda, Aldatu programa) jada zeudenaz gain kudeatu behar zituelako.

Bitartean Innobasque sortu zen arlo desberdinetako dozenaka profesional kontratatuz, Saretek (Teknologiaren Euskal Sarea) xurgatuz; diru publikoa arazorik gabe sartu zen, ikerketa-erakunde gehienek jaitsiera nabaria izan genuen bitartean.
Berrikuntzaren inguruan ekintza eta jardunaldi ugari antolatu edo bultzatu ditu Innobasquek urte hauetan, baina ez dakit bere buruari aplikatu dizkion besteontzat aldarrikatutakoak. Uste dudanez Innobasqueren aurrekontuak baliabide publiko eta partehartzaileen kuotekin bete dira, ia-ia administrazio publikoaren segurtasun enpresarialarekin funtzionatu du. Beste hitz batzuekin esanda Innobasquek ez du aldarrikatzen duen Berrikuntzarik behar edo hobe esanda, horren gainetik dagoela uste dut. Eta orain krisi erdian gaudela Innobasqueren berri nagusia bere buruzagi nagusiaren kargu uztea da.

Arestian esan bezala Innobasqueren sorreran ez nintzen eroso sentitu eta orain azukre koxkorra bezala diluituko dela krisiaren itsasoan iruditzen zait.