argia.eus
INPRIMATU
Udazkeneko depresioari aurre hartu
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 02a
Udazkenean gure aldartea, umorea eta baita bizitasuna ere gainbehera erortzen dira. Urte sasoi berrira egokitzeko lana erraztuko diguten neurri sinple batzuk hartzea nahikoa da, ordea, sarritan gaitz baten moduan ate joka datorkigun depresioa uxatzeko.

Izaki bizi guztiak egokitzen dira urte sasoietako aldaketetara. Neguan, hartzak eta marmotak lozorroan geratzen dira eta lotan ematen dituzte bizpahiru hilabete, batere jan gabe. Gizakiok ere egokitu egiten gara, baina askoz motelago eta gradualago, sarritan ustekabean pasatzeraino. Ikerketa gehienek frogatzen dutenez, lau pertsonatik bat motelago sentitzen da udazken eta negu aldean, eta hogeitik batek sintoma nabarmenagoak izan ditzake.

Urte sasoiek –udazkenak, kasu honetan– eragindako trastorno afektiboa –horrela bataiatu dute adituek– gehiagotan agertzen da emakumeengan gizonezkoengan baino, 20-30 urtekoen artean batez ere. Pertsonak motelago sentitzen dira, adore gutxiagorekin, baina hori eguneko argi-orduak gutxitzearekin esplikatzen da. Esnatzen garenean oraindik ez du eguna erabat argitu, lanean sartu eta berriro ere kalera irteten garenerako ilundu du, argi artifizialarekin egiten ditugu esna emandako ordu ia guztiak.

Udazkenak gure gorputzean eragiten dituen sintomak ez dira bereziki larriak, baina bai gogaikarriak. Lo egiteko gogo handiagoa dugu, eta nekatu antzean jaikitzen gara ohetik. Janari gozoak erakartzen gaituzte, eta horren eraginez pisua irabaztea gerta daiteke. Triste, suminkor, kezkati eta beldurti sentitzen gara. Gure errendimendua eta kontzentratzeko gaitasuna normalean baino baxuagoak dira. Pertsona batzuek giltzaduretako minak edo palpitazioak ere izan ditzakete, beste molestia fisikoen artean. Horren guztiaren arrazoia hormona-sisteman dago. Gure garunak melatonina, atsedenaren hormona esaten zaiona, jariatzen du gauez, eta goizeko argiarekin eten egiten da jariatze hori. Baina udazkenean eta neguan hain argi gutxi dagoenez, gorputzari kosta egiten zaio eguna eta gaua bereiztea, eta horregatik egunez ere loguraren hormonaren eraginpean egoten gara.

· Aprobetxatu eguna. Lanera zoazela, edo eguerdian, edo etxera zatozela, hartu denbora puska bat, eta ibili kalean, berriz leku itxi batean sartu aurretik.

· Arratsaldeko jarduerak murriztu, eta lehenago oheratu, telebista edo ordenagailuaren aurrean ordu gehiegi pasatu gabe. Hurrengo egunean argi naturalarekin esnatzen saiatu (gauean utzi pertsianak irekita).

· Egin ariketa fisikoa. Gorputzak sortzen dituen endorfinek euforia eta plazer-sentsazioa eragingo dizute. Kirola egitea antidepresiboak bezain eraginkorra izango da, albo-ondoriorik gabe gainera.