argia.eus
INPRIMATU
Martxa berriari jarriak
  • I
    Udara ondorenaren
    sentsazio berezia:
    pereza bakarrik balitz…
    tristura ta ahulezia,
    bukatu ziren oporrak,
    itxi zen parentesia,
    bueltan etorri da lana
    edota langabezia.
Alaitz Sarasola 2009ko irailaren 23a
Alaitz Sarasola
Alaitz SarasolaNagore Legarreta
II
Gibelurdin, ziza hori,
honto beltzak pagadian,
sagarrak tolareetan
eta intxaurrak perian,
umeak ikasgeletan,
irakasleak guardian
eta monobolumenak
ikastola atarian.

III

Terrazak libre antzean,
bukatu da ikusmira;
izozki italianoak,
hondarretako pasira…
Hiriburuko pisuak
urtaroaren neurrira,
turistek hustu zituzten
ta ikaslez bete dira.

IV
Hazkureak gorrituta
sudur eta begi ertzak,
eskerrak Ventolinari
–soinean izanda behintzat–
nahiz udazkena jotzen den
hain urtaro dotoretzat
doministiku garaia
izaten da askorentzat.

V
Udazkena antzematen
da eguneroko loan,
maindirapera binaka
erretiratzerakoan,
oheko posizioa
aldatzen da hotz-beroan;
udan iskina banatan,
orain elkarren ondoan.

VI
Halere detaile hauek
ez dira aski izandu:
nahiz ta paisaia gorritu,
ta argi orduak galdu,
udara bukatu zela
sinisten lanak dauzkagu,
Zaldibian udazkenak
mondeju usairik ez badu.

Doinua: “Gaurik izartsuenean” (trikitixa).