argia.eus
INPRIMATU
Ikusezinak
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Nahi dizkigute bilakatu, ikusi ezean ahantziko ditugulakoan. Dozena urte edo badira eskutitzak trukatzen ditudala horietako batzuekin. Eta orain zortzi hilabete irten da bat. Ez genuen elkar ezagutzen. Eskutitzak lokarri, harreman sendoa eraiki dugu, zenbaitetan barrenak hustuz lumak ematen zigun askatasuna lotailu. Denboraz, burdinazkoa dela sortu dugun gure arteko hori sentitzen dut. Orain gutxi jakin nuen etxean zela, bere senarrak idatziz esanda. Aurrea hartu dit. Lehengo igandean, ezustean etorri zitzaigun bisitan, gure etxea aurkitzen bereak eta bi ikusiz inguruan itzuli-mitzuli ibilita etsi gabe, bere lagun bat eta bi haurrekin, bietako bat bere bigarrena kartzelan munduratua. Berak igorri argazkiak ditut ezkutatuta bistan, baina lehen begi kolpean ez nuen kokatu. Halako naiz esan zigun. Eseraldi bikaina egin genuen. Igandekoaren ondoren gogoan geratu zait argazkiko huraxe bizi-bizi zerbaitek argazkiak mugiarazi izan balitu bezala. Handik irten da, bai, baina ez dute libratu, urtetan pilatutako zakuto ikusezina zama baitu betiko, inork arindu ezin liezaiokeena, ezerk kendu ezingo diona. Kartzela kanpotik ikusezina da.