argia.eus
INPRIMATU
Hiri demak
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 02a
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Hiri bizi zikina zena postal kitsch distiratsu bihurtzen ari da: hala begitantzen zait, gero eta nabarmenago, Bartzelonara noan aldiro.
Hiri biziak bide eta molde berrien bila dihardu etengabe, emaitzei baino areago bilaketari berari arreta emanik.

Postal hiriak emaitzak lehenesten ditu. Begiratua izatea du maiteen, eta turisten begi miretsien ispiluan lelo bera errepikatzen du uneoro: “Zein ni bezain ederrik?”.

Bartzelonaz ari naiz, baina beste hainbeste ari omen da gertatzen kutun dudan beste hiri batean ere, Berlinen. Hala diote behintzat han bizi ditudan lagunek.

Bizitik postalerako bilakaera hori ez da ez berezko ez ezinbesteko; aitzitik, hiri-eredu jakin baten aldeko hautuaren ondorio da.
Hemen inguruan, Donostia eta Iruñea lehian dabiltza, 2016an Kultur Hiriburu bihurtu nahirik. Donostian, Santi Eraso izendatu dute koordinatzaile, eta horrek esperantza ematen dit, ziur bainago saiatuko dela, Artelekun egin zuen bezala, marketinga hiri-ereduaren eta hiritarren zerbitzura jartzen, eta ez alderantziz. Bestalde, bera izan da gurean Bartzelonaren gainbeheraz ohartzen aurrenetakoa.

Utziko ote dioten, hori beste kontu bat da.