argia.eus
INPRIMATU
Arenys de Munt: batu, egin, hedatu
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Udaletxean antolatzea debekatu zuen Espainiako aginte judizialak, baina erreferenduma bestela bideratu zuten udaleko indar nagusiek. Eta inork ez du zirkotzat hartu, ez Madrilen, ez Euskal Herrian. Botoa emandako %41etik %96 independentziaren alde, 2.569 pertsona. Egun indarrean dagoen Estatutuari –orrazketa kontituzionalaren zain dagoen hori– 2.424 pertsonek eman zioten baietza eta partehartzea %48,8koa izan zen. Europako Konstituzioaren erreferendumean partehartzea %40,43koa izan zen eta Europako azken hauteskundeetan %35,14koa.

Baldintza horietan burutzeko parte hartze oso garrantzitsua, zalantza barik. Baina ez du pena merezi kasu honetan legitimitate kontuak arakatzea, ez da Arenys de Munt-eko kasu honetako azterketa gune nagusiena. Saio honen indarra eta potentzialitatea hiru aditzetan da: batu, egin, hedatu. Alderdi abertzale guztiek gehi ICV-k bat egin dute kontsultarekin, CDC-k ere bai. Erreferendumen metxa piztuta da jada. Konstituzionalari baino, milaka herritar independentziari begira da jada.

Duela urtebete, udako oporren bueltan Ibarretxe lehendakariak kontsulta iragarri zien EAEko herritarrei. Dena pentsatu eta aurreikusi bezala joan zen: iragarri, debekatu eta dena bertan behera utzi. Oso iragarria zegoen gertatuko zena, baina erantzunean zerbait serioagoa ere espero zitekeen. Baina Eusko Jaurlaritzak aurreikusia zeukan ezin ziola bide horri segidarik eman, besteak beste Ibarretxek behar adinako sostengurik ez zuelako. EAJk ez zuen nahi, EAk nahiko zuen barne zalapartarekin, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gainean ziren... Ez zegoen halako abenturetan sartzeko asmorik.

Dena edo ezer ez, handira beti, txikira paso. Euskal abertzaleen jokamolde oso ohikoa, batez ere ezker abertzalean. Hala hondoratu ziren Ibarretxe plana lehen eta kontsulta ondoren. Edo lehenago Lizarra-Garaziko apustua, esaterako. Eta Arenys de Munt-ek hori erakutsi du, txikira ere jokatu behar dela. Bai, nahi diren oztopo eta desberdintasun guztiak daude: hemengo kontsulten debekuak, ETAren jarduera, ENAMekiko jazarpena, abertzaleen desadostasunak... Katalunian ere ERC eta CDC ez daude zilar ezteietan, baina elkar ulermenerako espazio txiki batzuk bederen ari dira eraikitzen: batzeko, egiteko, hedatzeko. Egungo Euskal Herrian badira indar metaketarako tresnak eta badira ez direnak, ez da oso gaitza batzuk zein besteak identifikatzea –edo horietako batzuk bai akaso–, baina horretarako borondatea duten eragileek asko hitz egin behar dute elkarren artean, asko.

GARA egunkariko hiru analista ezagunek bederen argi ikusten dute ezker abertzaleari heldu zaiola bere burua definitzeko unea, eta aditzera ematen dutenez, ezker abertzaleak ere bereganatua du garai berri bati ekiteko baldintzak badirela. Iñaki Iriondo, Ramon Sola eta Iñaki Altunak analisi luze eta sakona argitaratu zuten joan den igandean. Haien ustez, ezker abertzalea prozesu demokratikoari –bloke soberanista, errepresioari erantzutea eta negoziazioa– ekiteko prest da, jakinik ezingo dela Estatuaren erantzunen zain egon eta hortaz lan handia alde batekoa izango dela –soberanistena, ulertzen da–. Tira, nik ulertu dudana: proposatzen den indar metaketa berri hori giltzarri da apustu honetan, baina mesfidantza handiak dira ezker independentistak egiten duen apustu politikoaren diseinuaz eta, beraz, honek segurtasun handia eman behar du bere apustu horri buruz eta horretarako baldintza eta estrategia berri horietara egokitu beharko du bere jarduera osoa. Jarduera osoa zer den eta egokitua zer izan litekeen, hori bakoitzaren imajinazioaren menpe geratzen da.