Euro transgenikoekin ordaintzen dugu makina bat transgeniko, asko uste gabe. Euroak berak egiteko gaia den kotoizkoak, adibidez. Landare honi izugarrizko barrabaskeria genetikoak egiten zaizkio. Monsanto multinazionalak kolore ugaritako zuntzak ematen dituzten kotoi barietateak garatu ditu, blue-jean galtza sonatuak egiteko kotoi urdin egokia sortzen dutenak, adibidez. Tokitan dago Bergarako urdina! Txinako Xinjiang eskualdean zuntz beltza, gorria... ematen dituztenak ekoizten dira. Ameriketan badira berde eta marroi emaileak patentatuta. Zorigaiztoko enpresa honek berea duen Roundup belar-hiltzailearekiko erresistentzia eransten dion genea duen kotoi barietatea ere eskaintzen du: patentatutako hazia eta belar-hilkaria urtero berari erosi behar.
Kontsumismozaleon zibilizazioan, gero eta kotoi gehiago beharko dela ederki dakite enpresek. Eske hori asetzeko, landare honi gero eta sail gehiago eskaintzeak premia ez duela berdinduko eta, beste nonbaitetik tira beharko dela diote. Geneak txertatzearen teknikak, aldiz, ez du amaierarik. Lehen belaunaldiko kotoi transgenikoak, izurrite bati aurre egiteko prantatuak ziren haiek, ikaragarrizko porrota izan direla argi frogatu da: arerio nagusia atzeratu bai, baina beste intsektu batzuei bidea ireki eta ustez urritu behar zituen botika emanaldiak ugaritzea ekarri dute, ingurumena eta nekazariaren patrika kaltetuz. Munduan zabaltzen den intsektiziden %24 kotoi sailetara doa. Zaputzaldi hau iraultzeko gene gehiago txertatzea da irtenbidea. Diote. Zurikeria leungarriagoz bioteknologia deitzen dute landareak eraldatzeko bidea. Brasilen, armiarmak dituen sarea egiteko geneak eman nahi dizkiote kotoi landareari, zuntz sendoagoa eta malguagoa sor dezan; kirol arropa, balentzako atorrak, kirurgiarako hari ultrameheak, mikroeroaleak, zuntz optikoak eta abar egitea helburu.