Eneko Olasagasti
Oporretan nago. Ez hitz hauek argitaratzen direnerako baina bai idaztean. Euskal Herritik urruti kilometrotan eta burua ere nahikoa urruti. Telebistaz idaztea pentsatu dut. Nire lanbidearekin lotutako zerbaitetaz idazteagatik. Beharbada betikoari bueltak ematen segitzeko. Baina ez ote gabiltza beti berdintsu? Berdintsu dabilen bezala telebista. Kanalez aldatuz gero saio berdinak aurkitzen dituzu azken udetan. Batez ere bi: bat, Callejerosen kopiak, hondartzetan girotuak; eta bi, espainolak munduan, andaluziarrak munduan, eta oker ez banago, uste dut ETBk ere egin duela: euskaldunak munduan. Horrek betikoa esateko baino ez du ematen: zein berritasun zale eskasa den kutxatxoa!
Orduan Martin telesailaz idaztea pentsatu dut, euskaldunok geure buruaz idazteko dugun joera umil faltsua ahaztuz. Zergatik Martini buruz? Artikulu hau argitaratzen denerako bere azkena emana izango delako. Eta telesaila posible egin duen taldearen partaide izateaz harro nagoelako. Eta bere azken atalak 100. zenbakia eraman duelako pantailan sei urte pasa eta gero. Egia esan, Goenkaleren markekin konparatuta beti galtzaile aterako gara. Baina baita CSI, Aida edo Perdidos. Galtzaile esan nahi dut.
Eta imajinatu dut nola joan zaion azken emanaldietan. Ez egin dituen azken audientzia zenbakietan. Hori hemen ere jakin dezaket. Baizik eta zer nolako trataera izan duen bere agurrak. Imajinatzen dut Berriaren telebistako ataleko eskuin aldeko zutabetxoko hiru artikuluetako bat berria emanez. A, ez… barkatu, Berriak abuztuan oporrak ematen dizkio telebista sailari. Beraz, ezta hori ere. Zaila egiten zait El Diarion edota El Correon horrelakorik. Agian Euskadi Irratian, ordu asko bete behar dituzte udan eta badirudi sasoi honetan ez dela ezer gertatzen. Edo Garan? Agian, baina udak berri emaile eskas izanik, gutxi. Ziurrenik neguan berdintsu gertatuko zen. Guzti honek ez nau harritzen, ez dit minik ematen ere. Beti pentsatu izan dut lanak bukatzen ere jakin behar dela. Toreadorearen moduan, karrera on bat egitea bezain inportantea dela erretiratzen jakitea.
Eta uneon gogoan izan nahi ditut denak, eta esaten den bezala, barka bezate ahaztutakoek. Aktore ordain ezinak: Jose Ramon, Elena, Aitziber, Amaia, Itziar, Argoitia, Jon, Iban, Mireia, Isidoro eta sekundarioak... eta ataletako guztiak. Produkzio eta errealizaziokoak: Edurne, David, Julen, beste Edurne, Harriet, Aitor, Amagoia, Lucia... Gidoilariak: Unai, Jose, Patxo, Harkaitz, Alaia, Uxue, Asier, Telmo, Pako, Nagore, Jon... ETBko langileak, Txetxo Bengoetxea musikaria... Eta denetik egin duten nire produktorako kideak: Fernando, Carlos, Kike, Lurdes, Mireia... Eta pantailaren bestaldean egon zareten guztiak. Laster arte.