"Musika gezurra da"

  • Xabi bezalako batek aurkitu zuen itsasoa karakola baten barruan.
Xabi Erkizia
Xabi ErkiziaDani Blanco

Zuk non ikusten dituzu soinu-artearen eta musikaren arteko mugak?


Musika soinu antolatua dela esan daiteke. Nahiko definizio literala iruditzen zait. Baina entzumenaren “ikuspegitik” dena izan daiteke soinu antolatua. Gero eta zailagoa da muga hori non dagoen jakitea, atentzio kontua da, soinuari nondik begiratu nahi diozun: musikak tradizionalki izan dituen muga horien barrenean ala modu zabalagoan. Soinu gertakizun baten aitzinean elementu asko daude, eta musika esperimentalean saiakera berezia egiten da elementu guztiei sakonki erreparatzeko. Soinuak berez duen ezaugarri ederrenetakoa mugarik behar ez izatea da. Irudiak markoa behar du, soinuak ez. Historikoki beti saiatu izan dira soinuari markoa jartzen, bai baitzekiten soinuak gaitasun handiak dituela pertsonak kontrolatzeko eta manipulatzeko. Musikaria manipulatzailea da naturaz. Soinu-artean marko eza errebindikatzen da.

Badugu entzuten dugunaren kontzientziarik?


Zerikusi handia du markoaren kontuarekin. Musikari gorrotoa liburuan Pascal Quignard-ek dio belarriek ez dutela betazalik. Ezin diogu entzuteari utzi. Baina egia da entzumenaren kultura galtzen ari garela. Aurreko belaunaldiekin alderatuz gero, galdu egin dugu entzumenaren bidez gauza pila bat deskodifikatzeko gaitasuna. Ahazten ari zaigu entzuten. Horretan hezkuntzak zerikusi handia du, ikusmenean oinarrituriko hezkuntza jasotzen baitugu. Erranera zaharretan nabaria da. Gaztelerazko si no lo veo no lo creo. Egia da neuk ikusi dudalako. Ematen du ikusmena dela errealitatea jasotzen duena, benetan baieztatzen duena gauza bat baden ala ez den. Badirudi entzumena ez dela hain zentzumen fidagarria. Eta oraindik ere kontzertuak ikustera joaten gara... Hizkuntzan barneratu diren moldeak dira, eta asko esaten dute gure entzuteko moduari buruz.

Gure aitona-amonen garaitik hona zertan aldatu da entzuteko modua?


Soinu-ingurunea bera ere aldatu egin da. Beharbada, beste sakonera bat zuen lehengo entzuteko moduak; gaur egun motorren eta makinen zaratak masa uniformea sortzen du sakonago entzuten uzten ez diguna. Soinu norgehiagoka moduko bat dago, XX. mendeko ezaugarria da lehia hori; eta baditu ondorio sozialak: ez gintuzke harritu behar arazo politikoak konpontzeko daukagun zailtasunak. Ez badakigu entzuten ez dakigu ulertzen. Nork ozenago hitz egin, hori da gure kultura. Ekialdeko Timorren ohartu ginen han sekulako garrantzia duela ondo ahoskatzeak, gauzak modu ordenatuan esateak. Hemen behin zer izan ginen ohartzeko balio du.

Begiak irabazi dio belarriari…


Badirudi garrantzitsuagoa dela irudi berri bat aurkitzea soinu berri bat aurkitzea baino. Egunkari batek bi orritako argazkia argitara dezake kuriosoa delako bakarrik, baina oso zaila da irratiak, besterik gabe kuriosoa delako soinu berri bati lekua egitea. Irratian soinua mespretxatu egiten da. Musikaren erabilpen abusiboa egiten da, gero eta gutxiago dira musikarik gabeko espazioak. Lehen erran dugun lehia horretara bildu dira: gero eta ozenago hitz egiten dute, oihuka, barreka, elkar zapalduz… Kotxean lanera bidean zoazela, badirudi irrati esatariak kotxearen zaratari gailendu nahi zaizkiola. Alde horretatik, bi urte hauetan Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioan egin ditugun esperimentuak ikaragarri aberasgarriak izan dira; adibidez, irratian isiltasunarekin jolastearena. Irratiek muga bat dute: soinurik gabe segundo jakin batzuk igaroz gero mekanismo batek egiten du salto, eta zer edo zer emititzen hasten dira, isiltasuna akats gisa ulertzen delako. Halako esperimentuak egin izan ditugu: ea zenbat denbora egon gintezkeen isilik, berez, zer edo zer entzuteko diseinatuta dagoen leku batean.

Entzutearen kontzientzia maila handitu dezakegu?


Joan zen urtean aspalditik amesten nuen zerbait egiteko zortea izan nuen: ganbera anekoiko batean sartu nintzen, oihartzunik gabeko ganbera batean. Hor sartuta zuk zenbat zarata egiten duzun entzuten duzu edo, hobeto esanda, zuk zenbat zarata duzun. Ze guk ezin diogu bihotzari gelditzeko eta zaratarik ez egiteko eskatu. Ederra izango litzateke halako ariketak jendeari eskaini ahal izatea. Edo isiltasun gelak jartzea hirietan. Hiri zaratatsuen erdian isiltasun gelak, burbuila moduko batzuk, mugimendu hori guztia soinurik gabe ikusi ahal izateko, eta zarata hori guztia entzun gabe imajinatzeko. Horrelako ariketek gure ingurunearen kontzientzia hartzen laguntzen digute.

Zergatik gustatzen zaizkigu soinu batzuk eta beste batzuk desatseginak egiten zaizkigu?


Zientifikoki aztertuko bagenu, konturatuko ginateke frekuentzia bakoitzak eragin desberdina duela gure gorputzean. Atal diferenteak bibrarazten dizkigute. Bolumenaren arabera ere aldatu egiten da hori, baina soinu guztiek bibrarazten digute zer edo zer, gorputzeko atalen bat. Kultura zahar anitzetan erabili izan da jakintza hori. Indiarrek esaterako, eguneko momentu bakoitzean raga jakin bat, bokal jakin bat eta nota jakin bat kantatzen dute. Nota horrek gorputzaren zati jakin bat bibrarazten du: goizeko ragak aktibatzeko balio du eta gauekoak, lasaitzeko.

Gaur egun bizi dugun soinu espektroa ikaragarri zabala da, eta gero eta zailagoa da frekuentzia horiek banatzea eta denek batera gugan zein eragin duten aztertzea. Orain dela gutxi Venezian izan ginenean, kalean soinu zoli desatsegin bat entzun genuen. Sei lagun ginen, eta erdiek entzuten genuen eta beste erdiek ez. Bila hasi ginen soinua nondik etorriko, eta sinagoga baten ate gainean bafle txiki-txiki bat topatu genuen soinu desatsegin hori erreproduzitzen zuena. Halako instrumentuak jendea uxatzeko erabiltzen dira, soinu horrek ezinegona eta buruko mina sortzen baitu. Hor daude militarrek erabiltzen dituzten arma sonikoak ere. Israeleko armadak, esaterako, sona handia du arma sonikoak erabiltzeagatik. Ikerketa handiak egin dira, baina ez dira publikoak.

Soinua hautemateko modua zenbateraino da kulturala?


Zaila da jakitea zer den entzumen kulturala eta zer entzumen fisikoa. Soinuak markorik ez duenez forma desberdinak hartzen ditu, eta hori da musikak duen kontraerran handienetakoa. Hori ez onartzea. Pentsatzea musikak forma jakin bat duela eta hori dela forma bakarra; kontuan hartu gabe espazioak, soinu ekipoak eta abarrek nolako eragina izan dezaketen musika hori ulertzeko moduan, entzuteko moduan. Akatsa da musika gauza itxia dela pentsatzea. Soinua materia bezala ikaragarria da, ez duelako egia bat bilatzen, eta hori da musikak egin duen akatsik handiena: egia bilatu nahi izatea, eta azkenean egia bihurtzea. Baina musika ez da egia, musika gezurra da.

Leku bateko soinu-unibertsoak badu eraginik leku horretako biztanleen nortasunean?


Baietz uste dut, ez dela gauza bera herrian ala hirian bizitzea. Nik ikaragarri sufritzen dut hirietan egonaldi luzeak eginez gero. Bizpahiru hilabete igaro nituen Buenos Airesen bizitzen, ez nuen lanik, eta pentsatu nuen “hau da nire aukera: musika egiten pasako dut denbora”, eta ez nintzen kapaz izan minutu bakar bat ere horretan emateko. Hiru hilabetean ez zen modurik izan: horrenbesteko zarata zegoen! Gauean zarata pixka bat isiltzen zenean esaten nuen “oraintxe da momentua”, baina belarriak nekatuegi izaten nituen.

Soinu unibertsoak pertsonon bizi-erritmoa bera ere alda dezake?


Kontua da erreprodukzio sistemak sortu direnetik norberak bere soinu-unibertso propioa sor dezakeela: zu joan zaitezke mendirik urrunenera edo basamorturik isilenera, baina piztu mp3a eta akabo! Mundu paraleloak sortzen ditugu, eta horrek entzumena bera ere ikaragarri aldatzen du.

Zugan zer garapen izan du soinuarekiko duzun harremanak?


Badago faktore bat asko interesatzen zaidana eta neurtezina dena: zer puntutara arte gara entzundako soinuak gogoratzeko gai? Ikaragarri zaila egiten zaigu memorian atzera egin eta soinuak huts-hutsean oroitzea. Gure entzumena aldatuz doa eta gehien entzuten dugun momentua jaiotzen garen momentua da. Mediku batzuek diote hori dela bizitza osoan sufritzen dugun traumarik handienetakoa. Amaren sabelean dena grabe eta goxo entzutetik, pafff!, soinu-unibertso oso bat irekitzen zaigu, ikaragarri gogorra seguru aski, eta horrek ondorioak izaten ditu etorkizuneko gure entzuteko gaitasunean. Jaiotzeko unetik entzumena galduz joaten gara. Lehen aipatu dizudan Veneziako soinu desatsegin horren kasuan... Halako instrumentuak, normalean, 18 urtetik beherako jendea uxatzeko erabiltzen dira, suposatzen delako hortik gorakoak ez direla soinu hori entzuteko gai.

Gazte zaude, beraz!


Entrenamendu kontua da. Gogoan dut 90eko hamarkadan Bernhard Günter izeneko soinu-artista baten pieza bat entzun nuela. Günterren musika ikaragarri isila da. Bilduma batean zegoen haren kanta bat, eta hasieran pentsatu nuen txantxa zela, ez baitzen ezer entzuten, baina bat-batean hurbildu eta arretaz entzunez, ikaragarri unibertso aberatsa topatu nuen, isiltasunaren mugetan zegoena. Eta konturatu nintzen horrek zein jarrera diferentea eskatzen zidan. Alde batetik, zeinen exijentea zen entzuteko momentuan, baina, beste alde batetik, nolako plazera ematen zuen ia entzunezina zen zerbait entzuteak. Musika ulertzeko modua aldatu zidan.

Musikatik hurbildu zinen soinura, baina zu ere eskusoinua joaz hasi zinen.


Bai, esku-soinuarekin hasi nintzen amaren kapritxoz. Hamasei urtera arte mutil txikia nintzen eta tamainagatik bakarrik gorroto nuen esku-soinua! Bizilaguna txistularia nuen, Santiago Irigoien; egia esan, bizilaguna baino gehiago izan zen niretzat, gurasoak lanean zeudenetan haienean geratzen baikinen. Aitatxi-amatxi modukoak izan ziren Santiago eta Margarita. Santiagok ikusi zuenean ez nuela esku-soinua gehiegi maite, eta berak atabalari bat behar zuenez, esan zidan “ba, atabala ikasiko duzu”. Eta gauza oso kuriosoa gertatu zen orduan, gerora baloratzen ikasi dudana.

Uste dut nire ibilbidean eragin handia izan zuela momentu hark. Santiagok ez zekien atabala jotzen. Baina lasai ederrean erran zidan: “Nik ez dakit atabala jotzen, baina erakutsiko dizut”. Adin horretako mutiko batentzat izugarrizko disparatea da hori, nola erakutsiko zidan jotzen, jotzen ez zekien batek? Santiagok ariketa teknikoak ematen zizkidan hasieran, baina une bat iritsi zen esan zidana “nik hemendik aitzinera ez dakit gehiago. Hemendik aitzinera zeuk topatu behar duzu”. Eta orduan metaforak erabiltzen hasi zen. Esaten zidan: “Egin duzun ariketa hori urrunxeago eraman behar duzu, eta trumoia bezalako soinua egin behar duzu”. Eta, pentsa, adin horretan dena eginda ematea nahi duzu, eta izugarrizko putakeria da norbaitek trumoi bat egin dezazun eskatzea. Denborarekin konturatu naiz musika ulertzeko beste modu hauek badutela zerikusia metafora haiekin. Gero txarangan hasi nintzen atabala jotzen, eta txaranga espazioa deskubritzeko modua izan zen niretzat. Kale batean sartu eta buuuaahhh, soinuak ikaragarrizko dimentsioa hartzen zuen, handitu egiten zen ez dakit zenbat metro; eta bat-batean kalea bukatu, plaza batera iritsi eta, plofff, soinua aldatu egiten zen. Espazioaz jabetzen zaren momentutik dena aldatzen da, publikoarekiko harremana ere bai, hasten baitzara pentsatzen kontua ez dela zuk nola entzuten duzun, haiek nola entzungo duten baizik.

Zer soinu du isiltasunak?


Isiltasuna ez da existitzen, ganbera anekoikoak argi erakusten du. 50eko hamarkadan John Cage oihartzunik gabeko gela batean sartu zen, isiltasuna existitzen ote zen ala ez jakiteko, eta konturatu zen ezetz. Ni ganbera anekoikoan sartu nintzenean, hasieran ez zen ezer gertatzen. Baina bat-batean bihotza entzuten hasi nintzen; eta gero betazalen soinua, halako frooooop bat, eta esaten diozu zeure buruari, bizi osoan nirekin izan dudan soinua da eta ez naiz behin ere konturatu. Artelekun “itzaltzeko kontzertu” bat egin genuen behin Alex Mendizabalekin. Jendea ilunpetan sartu genuen eta makina pila bat jarri genituen martxan, ordenagailuak-eta, denak martxan, soinurik egin gabe, beno, soinurik erreproduzitu gabe baina martxan… Kontzertuaren oinarria makinak itzaltzen joatea zen, eta ohartzen zinen isiltasuna gero eta sakonagoa zela. Isiltasunean zulo bat egitea bezala.

Zenbaiteino entzuten ditugu behar ditugun soinuak bakarrik?


Buenos Airesen izugarrizko molestia sentitzen nuen autobusen frenoekin. Taxi batean leihoa irekita, entzun nuen frenoen soinu hori eta erran nion taxilariari: “Joder! Soinu hori!”. Eta erran zidan: “Ze soinu?”. Berak ez zion garrantzirik ematen eta ez zuen entzuten. Izan ere, zuen lanpostuarekin garrantzirik emango balio erotu egingo litzake. Beraz, batetik, gure entzumena ingurunera moldatzen da, baina zein puntutara arte? Ze, soinuak dira gugana iristen direnak. Irudietara geu joaten garen bezala soinuak gugana etortzen dira. Beraz, nork moldatzen du nor?

Soinuek ze leku daukate gure memoria kolektiboan?


Zenbait soinu kolektiboki onartzen ditugu. Bi adibide jarriko ditut: herrietan oraindik mantentzen da ezkilen kodifikazioa. Ezkila bakoitzak bere soinua du baina gu ez gara gai hori deskodifikatzeko, agian jakingo dugu ezkila horiek hildako batenak direla, baina ez dakigu hildakoa haurra, gizonezkoa, emakumezkoa edo zer den. Lehen bazekiten, baina hizkuntza hori galdu egin da. Hirietan bizi denak ere jakinen du suhiltzaileen, polizien eta anbulantzien sirenak bereizten. Memoria kolektiboa egoerak eta beharrek moldatzen dute. Nik pentsatu nahi dut, modu erromantikoan, badirela soinu batzuk, desberdinak izanagatik kolektiboak direnak: amaren ahotsa, adibidez. Ama guztien ahotsa ez da berdina, baina bada memoria kolektibo bat, denoi sentiarazten baitigu zerbait.

Egile eskubideak hainbeste aipatzen diren garaiotan, zuk kopia aldarrikatzen duzu: diozu ezinezkoa dela ez kopiatzea.


Hausnarketa hori ez bagenu soinuaren ikuspegitik egingo, puskaz problematikoagoa litzateke. Baina nik argi dut soinua ez dela inorena, ezin dela inorena izan. Musika egiten dugunean berdin. Zuk gitarra batekin akorde bat egin dezakezu, baina egiten duzun momentuan akorde hori ez da zurea, bertzerena da, edo hobeki erranda, ez da inorena: da, eta kito. Ze bakoitzak modu jakin batean jasotzen du, garrantzia ematen dio ala ez, espazioak moldatu egiten du soinua… Beharbada espazioarena da gehiago zurea baino… Horri mugak jartzeak eta esateak “soinu hau, berdin da non eta nola erreproduzitzen den, beti pertsona batena izango da”, ez du zentzurik. Beharbada, irudiei edo objektuei buruz ari bagina konplexuagoa litzateke kontua. Objektuak gorde ditzakezu, ez erakutsi… Baina soinuekin? Zentzu guztia galtzen du. Egile eskubideak modu erradikalean onartzeak musika erailtzea esan nahi du. Ttikitatik kopiatuz ikasten dugu. Jaio bezain laster gure gurasoak imitatzen hasten gara, eta erreprodukzio horretan lortzen dugu garena izatea. Kopiatuz lortzen ditugu berezitasunak ere, baina berezitasun horiek ez dute zertan norberarenak izan, posible da topatzea beste pertsona bat esperientzia diferenteetatik berezitasun berberetara iritsi dena. Osasungarriagoa iruditzen zait kopia modu positiboan onartzea. Egile eskubideek kopia txartzat hartzera garamatzate. Uler dezaket ekonomiaren aldetik horrek zentzu bat izatea, baina ez nortasunaren aldetik –eta sorkuntza zuzenki lotua dago nortasunari– ez. Ezin dugu modu bera erabili bi gauzak neurtzeko. Horregatik, puskaz interesgarriagoa iruditzen zait kopia ariketa humano gisa ulertzea; ariketa ekonomiko gisa ulertu beharrean.
Nortasun agiria
Xabi Erkizia Lesakan jaio zen 1975ean. Irrati-telebista ikasketak egin zituen Bilbon. Ordurako Xorroxin irratian musikari buruzko saio bat egiten zuen eta Bilboko Irala irratian eta idatzizko zenbait komunikabidetan zeregin berean jarraitu zuen. Ikasketak amaituta, Ttipi-ttapa telebistan hasi zen muntaia lanetan. 2002an musikari emanda bizitzea erabaki zuen. Ordutik, musika elektronikoa ezagutu du, nazioarteko musikariekin harremanak estutu ditu, Ertz jaialdiaren sortzaileetako bat da, Artelekuko Audiolab soinu laborategiko zuzendaria, UnCommon Sounds proiektuaren bultzatzaileetako bat, Euskal Herriko soinu-mapa osatzen ari da, eta soinu berrien bilatzaile nekaezina da. Musikaren mugak hautsi eta soinura iritsi zen. Orain soinuaren mugak zabaltzen ari da.
OFF THE RECORD
Elkarrizketako soinu-unibertsoa
Nire arnasa, Xabiren arnasa, urruneko oihuak, arroparen hotsa, urruneko zaunkak, gertuko zaunkak, giltza hotsa, haizeak arrastaka daraman patata zorroa, hostoak haizetan, ahotsak, trafikoa, txistua irenstean egin dudan hotsa, argazki kamara klik, su-piztekoa klak, aulkiaren hankak klik-klak, nire paperak, boligrafoaren hotsa paperean idaztean, zakur baten pausoak, sirena-hotsa, trafikoaren zurrumurrua, auto bat arrankatzen, Xabiren hatzak mahaia kolpatzen, haurren barreak, bizikleta baten katea, txoriak, kremailera bat ixten, Dani, Xabi eta hiruok gailetak mastekatzen, edalontzia erori da.

Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Eguneraketa berriak daude