argia.eus
INPRIMATU
Txato Agirre
Joxemari Ostolaza 2009ko irailaren 03a
Joxemari Ostolaza
Ataundartzat nuena, zendu ondorengo entzun eta irakurri ditudanetan tolosartua. Ez nuen inoiz harreman zuzenik izan berarekin, gure gaztaroa laburtzen beste askoren artean eragingarria izan zen harekin, euskara bikain hitz egiten omen zuen apaizgai goiherriar abertzalearekin. Martutenetik salbuespeneko zoriak libratu zuen, gu konturatzerako bestalderainokoa egina zuen. Noizean behin izaten genuen bere berri “heldu zen udaberria kantuz hasi enaria lagunak preso jausi direla iritsi zait gaur berria” koplak koadrilan doinutu eta Imanolek gure gitarra jole doituenarekin musikatu eta publiko egin zituenak. Eszisio zikliko baten erdian geunden, hondartza ezberdinetan. “Heldu ziraden elurrak narrotu otso zakurrak oraino ere minberaz daude ene lagunen hezurrak”. Lovaina utzi, etxeratu eta politiko profesional gorbatadunen eremuan aurkitu zuen bere lekua, elkar gurutzatu gabe jarraitu genuen. “Lainoak ziren odoldu gizon prestuak isildu behin berriro ere gure Sisifo maldaz behera amildu”. Ez dira gutxi izan kopla horiek gure ahotsetan izandako bertsioak, mahai ostetan bereziki. Eta gaztaroan berak besteren artean utzi arrastoak bide luzea egin du gugan, organikoa bilakatu arteraino.