argia.eus
INPRIMATU
Hondartzako gogoetak I
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2009ko irailaren 03a
Udako eguzki galdatan, hondarretan etzanda egoteak askorako ematen du: azala iluntzeko, lo egiteko, irakurtzeko, eta nahi izanez gero, ariketa soziolinguistiko xumeak egiteko. Beno, orain kontatuko dudana ez dakit hain ariketa xumea den 25 urtetik gorako entzuketa lanaren ondorioa baita. Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan eibartar taldeari belarria jarrita egindako “ikerketa” da honakoa. Nire adineko gazte koadrilaren gurasoak beti gaztelaniaz entzun ditut, korroan eseri eta hitz eta pitz. Euskaraz hitz solteren bat.

Aspaldi ama hizkuntza euskara izan eta gaztelaniara jauzi egindakoak ote? Ez diet galdetu, nire irudipena baino ez da. Haien semeei dagokienez, pare bat entzun izan ditut euskaraz, primerako euskaraz. Gainerako guztiei hitz erdirik ere ez. 25 urte eta gero ateratako ondorioa: gutxi batzuk badakite euskaraz nahiz eta hondartzako eguzkipean ia inoiz erabili ez eta gehienak ez lirateke gai elkarrizketa euskaraz emateko.

Hara nolako ezustekoa! Hirugarren belaunaldia iritsi da, pardelak balantzaka dabiltza hondarretan, eta aitak atzetik: “Etorri hona maitea, gero joango gara uretara”. Mende laurdenean erdaldun nuena di-da batean euskaldun! Aitatxok primeran egiten du euskaraz. Ez dakit poztu ala tristatu. Etorkizun hurbileko kalkulu ezkorra egin dut segituan: pardelak ahaztu eta haur horiek gutxieneko fundamentuarekin hitz egiten hasten direnean gaztelaniara egingo dute jauzi. Sarri esandakoa: euskara haur hizkuntza dela ikasiko dute. Horren adibide garbia aurten frogatzeko aukera izan dut, nola ez, “testuinguru soziolinguistiko” berean. Datorren astean hurrengo kapitulua.