argia.eus
INPRIMATU
Metala, rock pasarte ilunak eta atzera begiratzen duten hitzak
  • UNE ::Hegalik gabe hegan

    Baga Biga

    iraupena ::44´11´´

    prezioa ::12.50€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Hegalik gabe hegan
Hegalik gabe hegan
Aitor Uriarte oñatiarrak ez dio inoiz musika idazteari bizkarra eman. Latzenen garaietatik gerora heavy eta thrashetik aldenduta Sen talde melodiko bezain indartsua sortu zuen. Azken urteotan berriz, Une Nare Eza proiektuan buru-belarri dabil. Aspaldi luze honetan, gainera, metala oinarri izan arren, post-rocka edo tarteka post-hardcorea oso nabarmen ageri dira taldearen konposizioetan. Horrek emaitza ilunagoa ematen dio eta askotan malenkoniatsuagoa. Hala ere, ahots melodiek tarteka iraganeko hard-rocka gogora ekartzen digute: horren arrazoia izan liteke, disko hau prestatu bitartean Uriarte Latzenen itzulerako kontzertuekin ibili dela. Bestalde, hitzak poesiaz eta metaforaz jantzita daude eta iraganera begiratzen dute; atzean utzitakoari buruz mintzo dira disko honetako kanta asko.
"Niretzat ez da premiazkoa musika egitea, baina musika gabe ez dut nire bizitza ikusten"

“Bizitzak proban jartzen gaitu eta zalantzak izaten ditugu”. Musikan jaso baino gehiago eman behar izaten da, ezta?


Bai. Hala ere, Latzen, Sen eta UNE hasieratik ilusioz hartu ditut, beharrezko konpromisoarekin, hori barik ez baitago ezer egiterik. Gero aurkituko ditugu penak, sariak, lagunak, zalantzak...

Abesteko erregistroak zeharo aldatu eta zabaldu dituzu.


Musika honek kantatzeko askatasuna eman dit. Patroi mugatu gutxi daude eta melodiek protagonismo handiagoa dute. Erregistro ezberdinak probatzeko aproposa da gauza berriekin disfrutatzea.

Melodia epiko samarrak daude, hard-rockaren arrastoarekin…


Baliteke. Azkenaldian melodia txiki edo ilunak ere gustuko ditut, baina beti irteten zaizkit tarteka lelo “epiko”agoak, barrenean eramango dut.

“Oroimenik gabe hutsak omen gara”. Ados, baina oroimena ez da karga bat, gero egingo duguna baldintzatu dezakeena?


Beti aurrera egin behar da, baina bat-batean bizitako oroitzapen guztiak galduko ditudala pentsatzeak beldurtzen nau, ezinbestekoa da atzera begiratzea.

Eta diskoak badu zerbait nostalgikoa edo malenkoniatsua.


Kantu alaiak ere badira, baina doinuaren arabera giro tristeagoak edo sakonagoak irten zaizkigu gai ezberdinen bueltan.

“Oroitzapen putzuak zergaitien irla galdutan”. Poeta bihurtu zara. Gero eta erosoago idazten?


Itsas zabal haundietan hil kanpaiak eta Dabilen arima Gorka Lazkanok idatzi ditu, Latzeneko bateria-joleak. Ez dut esango poeta naizenik, baina kantu bat barrenera sartzen zaidanean barrenak gidatuta idaztea gogoko dut.

4010-era arte ikusten duzu zure burua musika egiten? Premia da musika egitea? Zer ematen dizu?


Batek daki, 4010 arte bizitzak emango ditu buelta batzuk... Ez, ez da premiazkoa musika egitea, bestela ere milaka artista hor dira, izan dira eta izango dira, baina musika gabe ez dut nire bizitza ikusten.