"Ez diot traiziorik egingo tradizioari"

  • Tradizioak txistuari eman dion aberastasuna baztertu gabe, bide berrien bila abiatu da. Mugarri hitza ordea, handiegia iruditzen zaio. Besterik gabe, sosegua aurkitu nahi izan du, bai bere barnerako, baita txistuarentzako ere. Helburu horrekin, disko gozo-gozoa kaleratu berri du, pertsonala, baina aldi berean, guztiei eskainia.
Garikoitz Mendizabal
Garikoitz MendizabalDani Blanco
Garikoitz Mendizabalek (Zestoa, 1973) Sosegua diskoa kaleratu berri du. Txistua du afizio eta ofizio, eta ibilbide luzea egin du mundu horretan. Egun, Bilboko Txistularien Udal Bandako zuzendari, Azpeitiko Izarraitz txistulari taldeko zuzendari eta Zestoako Idiakaitz taldeko partaide da. Bestalde, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko presidente da 2003az geroztik. Txapelketetan ere ibili da, eta marka politak lortu ditu, bai taldeka baita bakarka ere. Euskal Herriko Txistulari Lehiaketako txapeldun izan da bi aldiz.

Joan den urtean Bihurrikerietan diskoa argitaratu zuen, bakarkako lehen lana. Txistulari birtuosoaren papera bete zuen, eta erakutsi zuen teknikaz eta praktikaz pieza entzungarri eta ikusgarriak interpretatu daitezkeela txistuarekin ere. Oraingoan berriz, Sosegua transmititu nahi izan du, txistuarekin ere emozioak kanporatu daitezkeela erakusteko.


Bakarkako bi lan, guztiz desberdinak. Bihurrikeriekin nekatu eta sosegu nahia piztu zaizu?


Bi kontzeptu kontrajarri dira bai. Bihurrikerietan grabatzean ni oso eroso sentitzen nintzen birtuoso gisa, beti sentitu izan naiz eroso zentzu horretan. Baina orain nire buruarentzat, eta baita txistuarentzat ere, beste behar bat sentitzen nuen.

Bestalde, urtebete honetan gauza askotxo pasa dira nire inguruan: familiako kontuak, ezbeharrak, lasaitasuna ere ekarri duten gauzak... Sentimendu batzuk sortu dira, eta zerbait lasaia jotzeko gogoa izan dut. Ez naiz Bihurrikerietan eta Sosegua diskoen arteko desberdintasun horren bila ibili. Behar hori sentitu dut. Noski, musikalki ekarpen bat ere egin nahi izan diot txistuari, baina sentitutako beharra asetzeko egin dut batez ere.

Ekarpen berria egiteko asmoa ere izan duzu, hortaz. Txistuak tradizioarekin duen lotura edo birtuosoaren lana erakutsi beharra bezalako zamak gainditu nahi izan dituzu?


‘Zama’ hitza ezabatu egin behar da, altxor handia da tradizioa txistuarentzat, oso aberatsa. Egia da etiketa asko ditugula: dantzariekin lotzen gaituena, protokoloarekin lotzen gaituena... Baina horri esker ere bizi gara Udal txistulariok. Bestalde, kale animatzaileak ere bagara. Hori guztia herentzia aberatsa da oso, eta mantendu beharra dago.

Tamalez, horrek guztiak ez dio jendeari ikusten uzten, orokorrean, txistuak beste gauza batzuk ere eskaini ditzakeela. Kasu honetan, sosegua, eta horrekin batera beste hainbat sentimendu: tristura, nostalgia, itxaropena, poztasuna... Horretan saiatu naiz, barrutik ateratzen diren gauzak kanporatzen.


Barnekoa kanporatzea eta ahalik eta jende gehienarengana iristea izan al dira zure helburuak? Disko komertziala egin duzula esan daiteke?


Ezin dut hori ukatu. Gainera, horrexegatik hain justu Kepa Junkeraren eskutik joan nahi izan dut. Berari esker hainbat muga irekitzen dira: geografikoa, kolaboratzaile aukera zabaltzea, diskoa ezagutzera emateko ateak zabaltzea... Beste dimentsio bat lortzen da, nahita egindako zerbait izan da. Oso harreman ona dugu Kepak eta biok, eta bere lanerako ahalmena jakina da.

Horrekin batera nahi izan dut txistuak ere zerbait irabazi dezala. Proposatutako lana gustatu egin zitzaion Kepari, zerbait diferentea egiteko aukera ikusi zuen. Gauzak argi neuzkan, eta berarentzat ere erronka polita izan dela uste dut. Komertzial hitza oso zabala da, eta gure merkatua txikia. Baina txikitasun horretan zerbait handitu badaiteke, hobe. Ezin dut jakin diskoaren ibilbidea zein izango den, baina zerbait mugitzea nahi nuke.

Junkera aipatu duzula, entzungo zenuen agian etxe honetan egin zaion kritikaren bat ez duela oso ondo hartu. Euskal kulturan kritikatu ezin diren “izar” moduko batzuk badaudela aipatu da. Txistuaren munduan, izan zaitezke zu horietako bat?


Kritikatu ezineko inor ez dago. Ni ere ahula naiz alde horretatik. Zerbait egiten duenak arrisku hori dauka. Zoritxarrez, musikarien eta gizartearen arloetako gaitz handienetako batzuk egonezina eta inbidia dira. Gauzak zentzu pixka batekin eta inori minik eragin gabe egiten badira, kontzientzia lasai eduki daiteke, eta hala ere, kritikak egon daitezke.

Elkarrizketa honetan txistuaren iragana errepasatu dugunean adibidez, norbait mindu ahal izan dut, nahiz eta ez konturatu. Hitzekin hanka sar daiteke, baina musikarekin... Gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, baina lan hori kritikatzea zitalagoa iruditzen zait. Disko hau bera oso lan subjektiboa da, nik egin dudan lan bat da, eta denon gustukoa izatea ezinezkoa da.


Tradizio zaleek kritikatu zaitzakete agian? Edo ez dira zertan kontrajarriak izan behar zure lana eta tradizioa?


Tradizioa, iragana, dantzak... deskuidatzeko jarrera izango banu, eta hori guztia zama gisa ikusita aurrera joan beharra dagoela pentsatuko banu, agian... Baina ez da hori nire kasua. Nire egunerokotasunean oraindik ere horri lotuta bizi naiz, bai Zestoako dantza taldearekin, bai Azpeitian egiten ditugun igandetako dianekin, edota Bilboko Udal protokoloarekin... Ezagutzen nautenek badakite hori.

Hala ere, txistuarekin aurrera begira ari naiz, zerbait aberatsa lortzeko ahaleginean. Hainbat esparrutan mugitzeko beharra daukat. Baina alde horretatik ez dut inor minduko. Uste dut benetan zaintzen dudala tradizioa; ez diodala traiziorik egingo tradizioari.


Mugarri izan daiteke Sosegua?


Aurkezpenean hala aipatu zen, baina hitz potoloegia da. Horrelako hitzak zeureganatuz gero, inor iraintzeko arriskua dago. Ni neu oso zuhurra naiz nire hizketarekin; nahiz eta Bilbon lan egin, bilbainadak tamainakoak gustatzen zaizkit!

Disko batean, bere osotasunean, sentimendu batzuk jasotzea mugarri bada, izan daiteke. Baina kontuz esan behar da. Izan ere, lan handia egin da azken 30 urteetan txistua gozatzen eta goxatzen. Lan horren ardura hasieratik Jose Ignazio Ansorenak izan du, eta oso ondo aritu da. Agian ez osotasunean, baina bere baladekin sosegua transmititu izan du, puntualki bada ere. Horregatik nire diskoa mugarri dela esatea... Hizki xeheekin idatziko nuke. Ez nuke inork egindako lana, eta nork eta Ansorenak egindakoa, zalantzan jarri nahi!

Txistua afinatzen ere lan handia egin da. Baina horrek bere kolorea galarazten duela dioenik ere bada.


Horrekin ausart izan behar dut. XXI. mendean ofizialtasun bidean egin diren aurrerapenak eginda –txistua ofizial egitea, irakasle edo interprete izateko aukera sortzea...–, txorakeria galantak dira pentsatzea txistuak afinazio mugatua duela edo gehiegi afinatuz gero, erabat pijotuko garela. Belaunaldi desberdinen arteko txokeak daudela uste dut, baina denontzat lekua dago.


Diskoan afinazioa eta txistu motak oso kontuan izan dituzu. Abestiak ere goxoki interpretatu dituzu.


Adierazi nahi nuena ondo kanporatzeko guztiarekin jokatu dut. Txistua ez da bakarra, askotan hala uste bada ere. Hizkera teknikoan sartu gabe, esan dezagun badela txistu nagusi bat, Fa-n dagoena, denok ezagutzen duguna. Baina sentimendu batzuk jarri nahi nituen, gozoak, eta horretarako lagungarri iruditu zaizkit silbotea eta, txistu normala eta silbotearen artean dagoen Mi bemoleko txistua. Hiru txistu horiekin jokatu dut eta bakoitzari duen nortasun osoa, erabatekoa, eman diot.

Hori gure banda tradizionaletan ez da ohikoena. Silboteak bere papera du, bete lana egiten eta armonia osatzen. Baina ibilbide handia du, eta konpositoreei argi utzi diet zein nolako sentimendu adierazi nahi nituen, eta zein txistu erabili nahi nuen.

Azken batean oso disko pertsonala egin dut, nahiz eta konpositore profesionalak erabili. Ni interpretea naiz, eta konpositoreen lana errespetatuko badut, ezin dut disko oso bat konposatu neuk bakarrik. Baina argi utzi diet zer transmititu nahi nuen. Nire ingurukoentzat ere omenaldi moduko bat izan da: Zestoarentzat, Iraetarentzat, gure seme Jonentzat, pasa den urtean istripuz joan zitzaigun nire koinatuarentzat... Oso disko hurbila eta pertsonala da, baina guztientzat egina.

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude