argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko lindanoak kezka sortu du Murtzian
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 06a
Ekologisten artean badago maxima bat: “Hondakinik ez da sortu behar, baina sortuz gero, ez da lekuz aldatu behar”. Baina ematen du hondakin toxikoak gauza deserosoegia direla gurean mantentzeko eta horrelako gaiak ahalik eta urrutien eramateko joera dago.

Triklorobentzenoa Indiara

Barakaldoko Bilbao Chemicalseko nabe batean abandonatutako 4.500 tona HCH puruarekin horixe pasatu zen. 1999an, IHOBEk lindanoa “desagerrarazi” eta, bide batez, triklorobentzenoa sortzeko planta bat eraiki zuen nabe hori zegoen lekuan. Barakaldoko herritarren artean ez zen batere ondo hartu neurri hori, tratamendu planta autopista ondoan zegoenez, istripu bat gertatu eta laino toxiko bat sortzeko arriskua ikusten baitzuten. Gainera, zalantza ugari zegoen tratamenduarekin.

Triklorobentzenoa industrian erabiltzen den disolbatzaile bat da, baina toxikoa izaten jarraitzen du eta oso kaltegarria osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Hori dela eta 2005ean Europako Parlamentuak bere erabilera eta merkaturatzea mugatu zuen. 2002an desmuntatu zuten arte, Barakaldoko planta horretan sortutako triklorobentzenoa Indiako Goodwill Chemicals enpresari saldu zioten tonako lau sosen truke, tratamendu plantak aldiz, ehunka milioi pezeta kosta zuen. Funtsean, hondakin kutsatua esportatzeko modu bat izan zen.

Bilboko Miribillatik Murtziara

Zer egin du Administrazioak segurtasun-zeldak itxi ondoren azaldu den HCHarekin? Kutsatutako lurrak Andaluzia, Palentzia eta Galiziara eraman izan dira bai eta Murtziara ere.

Bilbon Miribilla auzoan egiten ari diren udal kirol instalazioetan lindano hondakinak azaldu ziren, hain justu meategi zahar batzuen gainean. Alderdi politikoen artean eztabaida sortu da informazioa ezkutatu omen delako eta aurrekontua izugarri igo delako. Kutsatutako lurren zati handi bat Murtziako Cartagenara eraman dute 60 kamioitan, Escombreras izeneko zabortegira. Horren harira, Murtziako Ecologistas en Acción taldeak azalpenak eskatu dizkio Bilboko Udalari, antza, garraioaz arduratu den enpresak ez duelako baimenik lindanoa gestionatzeko. Taldeko arduradunek azaldu dutenez Bilboko Udalaren erantzunaren zain daude eta ez dute baztertzen fiskaltzara jotzea auzia argitzeko.

Escombreras zabortegia Befesa enpresaren esku dago –Abengoa S.L. taldekoa da, sektore horretan lehena Espainian eta Portugalen–. Enpresa horrek baimena dauka 500.000 metro kubo hondakin kutsatu bertan gordetzeko eta gaitasun hori 1,1 milioi metro kubora handitzea eskatu du. Baina Murtziako Autonomia Erkidegoko Gobernuak debekatu egin dio horrelakorik eta laster zabortegia itxi beharko du lekurik gabe geratzen ari delako.