argia.eus
INPRIMATU
Armairua
Eider Rodriguez 2009ko irailaren 02a
Eider Rodriguez
Dani Blanco
Uda beti zait apur bat tristea, hain iruditzen zait uzten dituela agerian geure bizitza programatuen agenda mendebaldarrak.
Hendaiak, oporretatik bueltatutako bulegariak nola, bere betiko keinua izango du datorren uztailera arte: ezin besarkatuzko hondartza, taberna desolatuak eta belarra mozteko makinen zaratak asteburu goizetan.

Aurten ez naiz inora irten. Nirea ez den herrian gelditu naiz. Egin dudan gauzarik exotikoena limonada prestatzea izan da. Hartara, errepide-zinema-dutxetako ilarak, jendea eta zapore berriak ezagutzeko gogoa eta jende eta zapore berri horiekiko nire iritzia eman beharra aurreztu ditut. Hartara, egun osoa kontent eta energia oneko ez ibiltzeko koartada izan dut: ni ez naiz oporretan joan!
Tarteka haginkatzen dudan Susan Sontagen liburu bat datorkit gogora, argazkilaritzari buruzkoa: jendea ez omen da oporretan joaten joate hutsagatik. Jendea bakantzetan joaten da bakantzak argazkietan gordetzeko, artxibatzeko han izan zirela inoiz inon inorekin. Froga materiala behar da. Ez han (ni izan nintzen tokian) toki hura zegoelako, faraoi edo dorre hura, ez, han ni izan nintzelako baizik! Horregatik ahalegintzen gara paisaiek berez eduki lezaketen edertasuna zapuzten, horregatik paratzen gara paisaia horien aurrean, ahal dela txano batez estalita, ahal dela enpasteak airean edo betzuloak areagotuko dituzten imintzio zehatza eginez... Paisaia berez hutsala baita, ez bada gu han gaudela, gu han izan ginela, paisaia hori artxibagarri eginez, paisaiari gauza artxibagarrien estatusa emanez.

* * *

Aurten, ezin oporretan joan eta oporrak ekarri ditugu gurera, modu prekario xamarrean, nahi baduzue, baina umore (erdi) oneko. Lagunak ekarri ditugu etxera. Lagun zahar eta berriak eta oporretan ez joatearen abantailak aletuz burutu diogu burua elkarri, sinesgarritasun eskasez.

Orain, sonbrilla ugertuak gordeta, haietako batek kontatutakoarekin akordatu naiz.

Guraso hippidun alaba bakarra, Oreretako Beraun auzoan sortua eta zertua, 33 urte. Bost urte zituen gurasoak bereizi zirenean eta amarekin eta amaren lau anaia eta lau anaietako bakoitzaren sasoiko lagunarekin bizi zen 60 metro koadrotan. Biluzik ematen zuten eguna, ke bafada amniotikoei beha, gitarra urratuz eta kantu kiribil amaigabeetan emana eztarria.

Behin, Eguberrien bueltan, lagunengana jaitsi (aditz auzotiarretan auzotiarrena) zen, eta hara non, guztiak beren panpin eta kotxe-silla berriekin agertu ziren. Lagunak ez zuen oparirik jaso, eta arraro sentitu zen, patrikarik gabeko galtzekin eskuak non sartu ez zekiela. Ordua baino lehen itzuli zen etxera, negarrez. Berak ere panpin bat nahi zuen, ahal zela berria.

Osabetako batek, iloba eskutik hartu eta korridoretik narrasean eraman zuen guztiek lo egiten zuten logelaraino. Oihuka, esan zion: “Ikusten duzu armairu enpotratu hori? Ohartu zara zein handia, ederra eta baliogarria den mutur aurrean duzun armairu enpotratu hau?”. Lagunak, orduan, ateen itxiturei erreparatu zien, latoizko heldulekuei, giltzaren bukatu barrokoari, zinez armairu enpotratu bikaina zuela egiaztatuz.

Orain, ezin du zekale ogia usaindu ere egin, tofuak eta seitanak goragalea ematen diote, baina armairu hartan pentsatzeak bizitu egiten du.

Eta armairu enpotratu haren kalibre afektiboko ezer materialik izan ote dudan bizitzan galdetzen diot nire buruari, sikiera oporraldiren bat, argazki bat, zerbait inoiz inon.