Albiste ona da, zalantza barik, Aretxabaletako musika talde batek diskoa kaleratzea…
Bai. Zoritxarrez oso talde gutxi daude herrian. Hain zuzen ere, horren arrazoi nagusia da oso erraztasun gutxi ditugula: luzaroan herriko musikariak lokal barik egon gara, ez dago kontzertuak non egin... Azken bi urteak kuartel zaharrean entseatzen gabiltza, baina uste dut laster guztiok botako gaituztela.
Iraultza ezinbestekoa da? Zer egiten has gaitezke?
Bai. Lehenik eta behin, gauzak ondo ez daudela ikusi behar dugu, begiak zabaldu behar ditugu. Horren ostean, bakoitza bere aldetik ibili beharrean, elkartu egin behar gara.
Zuen kantuek gitarra riff eta ukitu bereziak dituzte...
Eskerrik asko. Saiatzen gara buruari apur bat eragiten eta betikotik apur bat aldentzen. Era berean, ahalegina egiten dugu kantuei buelta batzuk emateko, bat-batean irteten zaigun pieza kañeroena utzi beharrean, apur bat gehiago garatzen eta bestelako ukituak ematen.
Zer irudikatzen du diskoaren azalak, arrasatearrak zuek inbaditzera datozela?
[Barreak] Ez. Konkistatzaileak eta suntsipena datozela.
Baina ez duzue ukatuko Arrasateko punk eta oi! mugimenduek eragina izan dutela zuengan...
Egia da Arrasatera asko jotzen dugula kontzertuak-eta ikustera, lagunak ere baditugu eta beti onerako izan da. Are gehiago, Arrasateko gaztetxea eta entsegu lokalak ikusita, gu marjinatuak sentitzen gara. Hala ere, Arrasatetik gustatzen ez zaiguna da talde askok eta askok soinu antzekoa dutela eta sorpresa gutxi izaten dela.
Puzkarra Records zen diskoa kaleratzeko aukera onena?
Baietz uste dugu, eta aspalditik geneukan hitzartuta. Lagunak ditugu eta lana egiteko duten modua gustuko dugu. Dena dela, diskoaren banaketaz, batez ere, taldekoak arduratuko gara. Biniloan ere kaleratzeko asmoa genuen, baina azkenean ez geneukan horretarako dirurik.