argia.eus
INPRIMATU
Kronika historikoak, bertsolariek lehen pertsonan idatzi eta botatakoak
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2009ko uztailaren 28a
Mende baten aldarriak XX.ean jarriak
Mende baten aldarriak XX.ean jarriak
Hainbat emanaldi egin zituzten Xabier Amurizak eta Jon Maiak “Mende baten aldarriak XX.ean jarriak” bildumarekin. Orain, liburu eta DVDa eskuan, nahi beste bider gozatu ditzakegu bertsook, etxean.

31 bertso sorta aurkituko ditugu bertan, bakoitza bere sorreraren azalpen edo istorioarekin. Kronika batez ere politiko eta sozial hauen bidez bidaiatuko dugu iragan mendera. Agertuko zaizkigu 36ko gerra, Franco, errepublika, II. Mundu Gerra, Afrikako gerra, Amerikara herbestea, gosetea, Foruen galera, Txiki eta Otaegi, Joxe Arregi, Espainiako etorkinak, Sigma josteko makina...

Gaur egun askoz bertso lightagoengatik azalpenak eman beharrean aurkitu denik bada. Ahobizarrik gabe idatzi edo botatakoak dira. Batzuk oso minberak eta besteak umore gaiztokoak, baina denak oso gordinak. Jon Maiak azaltzen du hitzaurrean bertso hautaketa honen balio erantsia: “Kronistak, bertsolariak, alegia, kasurik gehienetan, kantatzen ari diren horren lekuko edo protagonistak izan dira. Goseari kantatu dionak gosea pairatu du. Emigrazioari bertsoak jarri dizkiona emigrantea izan da. Eta horrelaxe gehienak”. Aukeraketa honetarako galbahe estuena maila da: bertso ederrak direla guztiak. Ez dago, beraz, baztertzeko azalik, baina faltan nabaritu ditut beste ale batzuk, tituluak XX. mende osoaren espektatiban jarri bainau bideoa ikusi aurretik, eta 80ko hamarkadakoa da sortarik berriena. XX. mende bukaerako gizarteak eta politikak sortutako bertsoen egarriz geratu naiz.

Egilez ere oso aberatsa da hautaketa: Basarri, Txirrita, Kepa Enbeita, Iturzaeta, Azpillaga, Joxe Agirre, Etxahun Iruriko, Paulo Yanzi, Iñaki Alkain, Amezketako artzaina, Otaño, J. B. Otxalde, Joxe Manuel Etxeita, Anjel Markano, P. Zabaleta, Arrese-Beitia, Xalbador, Lopategi, Lazkao Txiki, Elizanburu eta bi anonimo.

Sorta batzuk oso ezagunak egingo zaizkizu, asko buruz jakingo dituzu, beste asko kantu liburuxketatik mila bider kantatuko zenituen, edo Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite CDan entzungo zenituen. Baina deskubrituko duzu pasadizo eta bertso ederrik, esaterako, 36ko gerran, gau ilunaren ezkutuan, fronte banatan dauden bi bertsolarik egindako saioa.

Bideoak gogora ekarriko dizu zure herrian bizi izan zenuen emanaldi hura. Maia eta Amurizaren azalpenak zorrotz eta laburrak dira, eta gainerako dena da bertsoa. Baina zuzeneko emanaldi hark izan zuen indarra, momentu haren magikotasuna ekarri ezin dizulako madarikatuko duzu telebista.